Ostegunean hasita, hiru egunez gazte topagunea ospatu du Ernai gazte antolakundeak Elorrion (Bizkaia). Kontzertuak, tailerrak, bazkari zein mahai inguruak, eta bestelako ekintzak antolatu dituzte herrian, eta, gaur, Iruñeko Aberri Egunera joateko deia egin dute. Hamar urte bete berri ditu Ernaik martxoan, eta topaketen helburua hamar urte barruko Euskal Herria «imajinatzea eta irudikatzea» izan da, bozeramaileen esanetan.
Atzo, esaterako, Dube taldeak zein Joseba Tapia eta Gotzon Barandiaranek jarri zuten musika, eta tatuaje, perreo zein grafiti tailerrak antolatu zituzten. Olinpiadak ere izan ziren, eta garagardo zein koktel dastaketa ere ez zen falta izan. Hitzaldi eta mahai inguruak entzuteko aukera ere izan zen: Jule Goikoetxea eta Yayo Herrero jardun ziren erronka ekosozialei buruz, edo maskulinitate berrien inguruan ere solastatu ziren, besteak beste.
Topaguneari amaiera eman zion ekitaldi nagusian Ane Alaba eta Txomin Aiartza Ernaiko bozeramaileek hartu zuten hitza, eta geroa «berrasmatzeko» deia egin zuten: «Berrasmatzeko diogu, ez dugulako sistema zis-heteropatriarkal kapitalistak eskaintzen duen etorkizuna nahi». Horren ordez, «aske eta burujabe» izan nahi dutela adierazi zuten, «inoren menpeko ez izateko», eta «Euskal Herrian bizitzeko».
Alabak azpimarratu zuen Elorrion bizitako hiru egunetan «argi» utzi dutela «gazte boterearen indarrez, elkarrekin lan eginez eta konpromisoz», «edozer» lor dezaketela: «Herri feminista, euskalduna, auzolanean antolatzen dena, irakasten eta ikasten duena, konspiratzen duena, dantzatzen ere badakiena...beste behin lortu dugu».
Atzera begirako bat egin zuten gazteek lehenbizi. «Hamarkadak daramatza euskal gazteriak gazte botere eta indarrez gauza handiak egiten, eta harro hartu genuen lekukoa duela 10 urte».
Euskal presoak ere oroitu nahi izan zituzten ekitaldian, eta Ernaiko bozeramaileak adierazi zuen «presente» dauzkatela «Euskal Herriko zein Frantziako Estatuko espetxeetan bahituta» dauden preso eta iheslariak.
«Orainari kantatzen»
Hala ere, «orainari eta etorkizunari» begiratu nahi izan zioten, eta azaldu zuten «bidegurutze batean» aurkitzen direla, «azken urtean azaleratutako krisiek» erakutsi bezala: «Proiektu kapitalista sustengatu nahi dutenak egonen dira alde batean; bestean, bizitzaren aldekoak. Guztion bizitzaren aldekoak. Ez dago esan beharrik non gauden gu. Eta bultzatzen jarraituko dugu herri hau bizitzaren barrikadaren alde mugitu dadin». Horretarako, «antolakuntza» aldarrikatu zuten: «Burujabetza eta eraldaketa sozialaren alde lanean gabiltzanak elkartu, konspiratu, eta borrokatuko gara. Ertz ezberdinetatik sistemari arrakalak sortuz».
Bide horretatik, «prozesu independentistan aurrera» egiteko «botere gune guztiak» hartzeko apustua egin zuten, «burujabetza kuotak irabaztera, tresnak eskuratzera eta herriaren mesedetara jartzera». Era berean, «udalgintzatik estatu bat eraikitzeko baldintzak sortzeko», EH Bilduren aldeko botoa emateko deia egin zuen antolakundeko bozeramaileak. Independentziaren beharrezkotasuna ere nabarmendu zuten: «Beharrezkoa da, eta kontrakoa dioena gezurretan ari da». Horretarako, Ernaiko kideek egiteko «lan handia» dutela esan zuen Alabak: «Bihartik aurrera, jarrai dezagun borrokan».
Ernai:«Geroa berrasmatu behar dugu»
Hiru egunez, apirilaren 6tik 9ra ospatu dute topagunea, Elorrion. «Orainari eta etorkizunari» begiratzeko deia egin dute, eta baita «borrokan jarraitzekoa» ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu