Ernai «ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen» saiatzen ari direla salatu dute

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ia 300.000 euro eskatu dizkio isunetan. «Beldur dira: gero eta gazte independentista gehiago gara, eta aurrera goaz».

Ernaik Bilbon egindako agerraldia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ernaik Bilbon egindako agerraldia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko maiatzaren 30a
12:15
Entzun

Ernai «ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen» saiatzen ari direla salatu du gazte erakundeak Bilbon, agerraldi jendetsu batean. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ia 300.000 euro eskatu dizkie isunetan, mozal legea aplikatuta. Iragarri dute auzitara joko dutela erabakiaren kontra, eta elkartasun kanpaina bat jarriko dutela abian, «prozesuak ekarriko duen zama» arintzeko.

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen kontrako espetxeratze agindua salatzeko, Ernaik bi protesta egin zituen, bat Bilbon eta beste bat Gasteizen, joan den irailaren 22an. Orduan, 133 gazte identifikatu zituzten. Orain, 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak iritsi zaizkie gazte horiei: orotara, 290.500 euro. 

Ernaik salatu duenez, mozal legea 2015etik ari dira erabiltzen herri mugimenduaren kontra, eta «mugimendu feministak, lan gatazketan aritutakoek, kolektibo arrazializatuek eta abarrek» pairatu dituzte haren ondorioak: «Errepresio ekonomikoa da XXI. mendearen errepresioaren aurpegi nagusia», salatu dute; «ez du hainbesteko larritasuna sortzen, ez da hain ikusgarria, eta auziak indibidualizatzen ditu». Orain arte, 600 eurokoak izan dira isunik ohikoenak; oraingoan, baina, isunen zenbatekoak nabarmen handitu dituzte, eta horrekin «urrats bat gehiago» egin eta herri mugimenduarentzat «aurrekari arriskutsua» ezarri dutela irizten diote. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak erabakitzen du zigor eskaeraren zenbatekoa, eta, horregatik, hura egin dute gertatutakoaren erantzule: «Erabaki politiko baten ondorioa da».

Arbuiatuta, baina indarrean

Herritarren Segurtasunerako Legea 2015eko uztailaren 1ean onartu zen, M-15 mugimenduaren goraldiaren ostean eta garai hartan puri-purian zeuden herri mobilizazioei erantzun nahian. Mozal legeak hainbat atal ditu, baina, seguru asko, Poliziari ematen dizkion eskumenak dira polemikoenak. Horren arabera, poliziek badute aukera edozein herritar salatzeko, irizten badiote hark ez diela men egin, baina salaketa horrek ez du epaitegietako bide arrunta egiten: administrazioak ebazten du hari sinesgarritasuna ematen dion ala ez, eta, hala bada, isun bat jartzea proposatzen du. Administrazio prozedura denez, justizia sistemak ez du esku hartzen; herritarrak helegitea jartzen badu administrazioarekiko auzi prozesu baten bidez, orduantxe igarotzen da afera epaileen eskuetara. 

Zuzenbidean adituek, giza eskubideen aldeko elkarteek eta ezkerreko alderdiek askotan salatu dute mozal legeak praktikan babesik gabe uzten dituela herritarrak, eta oinarrizko eskubideak urratzen dituela. Epaileen kontrolik ez dagoenez, poliziek nahieran interpretatzen dute araua, eta polizia batek herritarrak gaizki begiratu diola iriztea nahikoa arrazoi izan daiteke salaketa jartzeko. Errealitateak frogatu du Poliziak neurriz kanpo erabili duela mozal legea. 

2019an, PSOEk agindu zuen boterera iritsiz gero «mozal legea ordezkatzeko lege berria» egingo zuela; hala jaso zuenbere hauteskunde programan, eta, geroago, Unidas Podemosekin sinatutako gobernu akordioan. Geroztik, PSOEk bost urte eman ditu gobernuan, baina legeak bere horretan dirau. PSOEk, UPk eta EAJk bultzatuta, legean aldaketa batzuk egiteko proposamen bat egon zen aurreko legegintzaldian, baina aldaketa horiek legea «baliogabetzea» ez zekartela iritzita, Euskal Herriko eta Kataluniako talde independentistek ez zieten babesik eman, eta egitasmoa ezerezean gelditu zen. 

2016ko ekainean, mozal legearen kontrako proposamen bat onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. EAJk eta PSE-EEk ere baiezko botoa eman zioten proposamenari. Besteak beste, legea ez erabiltzeko konpromisoa jasotzen zuen proposamen hark: izan ere, ordura arte Ertzaintzak 3.959 salaketa jarri zituen lege hura baliatuta. Baina 2017an, Ertzaintzaren salaketak 5.695 izan ziren, eta geroztik Segurtasun Sailak behin eta berriro egin dio entzungor konpromiso horri, orain Ernaiko kideen kontra jarritako salaketek frogatzen dutenez.

Ernaik esan duenez, ezkerreko independentismoa «hegemonia politiko eta ideologikoa» irabazten ari den honetan iritsi da isunen inguruko ohartarazpena. «Beldur dira: gazte independentistak gero eta gehiago gara, eta aurrera goaz». Haien iritziz, «Euskal Herri aske, sozialista eta feminista» erdiesteko bidean, gazteak dira prozesuaren «motorra», eta horrek azaltzen du Segurtasun Sailak Ernairekin duen «obsesioa».

Helegitea aurkeztuko dute

Ohartarazpena ikusita, «erantzun kolektiboa emateko» eta «ez uzkurtzeko» hautua egin du gazte erakundeak, eta iragarri du auzitara jo eta helegitea aurkeztuko duela erabakiaren kontra administrazioarekiko auzietako epaitegian, nahiz eta jakin prozesuak «Ernairen ohiko jardunbidea oztopatuko» duela eta «zama» ekarriko diela. Kanpaina ekonomiko bat ere jarriko dute abian: «elkartasun zozketak» egingo dituzte, eta dirua biltzeari ekingo diote: «Burumakur eta apal nahi gaituzte, baina horren aurrean antolatzen jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.