Erlijio aniztasuna. Lege proiektua

Erlijio aniztasuna kultu lekuak bermatuz ondu nahi du Jaurlaritzak

Aniztasun Erlijiosoaren Lege proiektuak arau bilakatzeko bidea hasi du legebiltzarrean. Bi proposamen nagusi ditu: erlijioen arteko kontseilu bat sortzea eta udalek kultu lekuentzako espazioak bermatzea

Azken Egunetako Santuen Jesu Kristoren Eliza, Mormoien Eliza izenaz ezagunagoa, Euskal Herrian duen kapera handienaren eraikuntza amaitzen ari da Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Aurreko bi legegintzaldietan zintzilik geratu ostean, badirudi hirugarren saiakera honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kultu Lekuen, Zentroen eta Aniztasun Erlijiosoraren Lege proiektuak lege bilakatzeko aukera izango duela, oraindik bide luzea egin behar badu ere. Eusko Jaurlaritzak uda hasieran eman zion onespena, eta, astelehenean, Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak legebiltzarreko taldeei aurkeztu zien, Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Lege proiektuaren garapena horien esku dago orain, hemendik aurrera euren ekarpenak egin diezazkioten.

Legearen lehen zirriborroaren osaketa gidatu duen Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren arabera, haren xedea da hiru lurraldeetako «aniztasun erlijiosoari estaldura juridikoa eskaintzea», bertan lekukoturiko konfesio guztien erlijio askatasuna «baldintza berberetan» bermatu dadin. Hala, bi neurri proposatzen ditu helburu hori betetzeko.

Batetik, erakundeen arteko eztabaida leku gisa funtzionatuko lukeen erlijioen arteko kontseilu baten sorrera ekarriko luke, izaera aholku-emailea izango lukeena. Bestetik, legearekin, ezarriko da udalek erabilera erlijiosorako ekipamenduentzako lur eremuak erreserbatu behar dituztela hirigintza planetan, udalerri bakoitzeko konfesio erlijioso guztiek kultu lekuak zabaltzeko aukera izan dezaten.

Kultu lekuak, udalen esku

Monika Hernando Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendariak udalei eragingo liekeen neurriari buruzko zehaztapenak eskaini dizkio BERRIAri: «Lege berriarekin, udalek aurrerantzean diseinaturiko hirigintza planek erlijio izaera duten ekipamendu kolektibo pribatuetarako erreserbak jaso beharko dituzte, lurzoruaren erabilgarritasunaren eta udalerri bakoitzean antzemandako beharren arabera».

Horiek horrela, udalen ardura izango litzateke udalerrietako konfesio erlijiosoen beharrak identifikatu eta, horien arabera, eskura dituzten lursailak kultu leku ezberdinentzako erreserbatzea, «zuzeneko edo zeharkako diskriminazioak eragin ditzaketen irizpideak erabili gabe». Beste modu batera azalduta, Jaurlaritzak aterki beraren azpian elkartuko lituzke Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri guztiak, kultu lekuen irekieraren arloan udal bakoitzak bere irizpide propioen arabera joka ez dezan eta, horrela, diskriminazio kasuak izan ez daitezen.

Neurri horren beharra azpimarratuko luketen aurrekariengatik galdetuta, ordea, Hernandok adierazi du arlo horretan bere zuzenddaritzak ez duela konfesio erlijiosoen aurkako inolako diskriminazio kasurik ezagutu. Dena den, zehaztu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Biltzen zerbitzuak azken urteetan «konfesio erlijiosoen eta udalen arteko hainbat bitartekaritza» egin izan dituela «kultu lekuen irekieran eta funtzionamenduan elkarbizitzaren kudeaketa hobe bat lortzeko».

Erlijioen Arteko Kontseilua

Elkarbizitza sustatzeko tresna gisara ere aurkeztu du Jaurlaritzak Erlijio Aniztasunaren lege proiektuaren beste atala. Hernandoren ustetan, «aniztasun erlijiosoa modu positiboan kudeatzeko beharrezkoa da parte hartzea eta elkarrizketa sustatzea», eta, azaldu duenez, hori izango litzateke, hain zuzen, Erlijioen Arteko Kontseiluaren eginkizun nagusia: «Eragile dinamizatzaile bat izateaz gain, gure herrialdean erlijio eta kultu askatasuna babestu eta sustatzeko diagnostikoak partekatzeko eta jarduera koherenteak proposatzeko foro bat izango da kontseilua».

Aniztasun zuzendariak ez du zehaztu, ordea, zeintzuk izango diren batzorde horren eginkizun zerrenda eta funtzionamendua, horiek Jaurlaritzaren dekretu baten bidez ezarriko baitira legeak aurrera egiterakoan. Dagoeneko jakina da, baina, kontseiluak izaera aholku-emailea izango duela eta, beraz, haren ekarpen oro Jaurlaritzaren erabakien menpe geratuko dela finean.

Osaerari dagokionez, berriz, batzordeak Jaurlaritzako, foru aldundietako, udaletako, komunitate erlijiosoetako eta «interes kualifikatua» duten elkarteetako hainbat kide elkartuko ditu, «gaitasun aitortua» duten beste pertsona batzuekin batera. Halaber, legearen sustatzaileek nabarmendu dute «gaitasun eta prestakuntza egokia duten gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua» bermatuko dutela kontseiluan.

Botere publikoen ardura?

Erakunde publikoek izaera pribatu eta erlijiosoa duten guneen irekiera bermatu behar izatearen egokitasunagatik galdetuta, Hernandok ez dio arazorik ikusi lege proposamenak planteatzen duenari: «Erlijio askatasunaren eskubidea praktikan jartzeko funtsezko pieza da, eta, horregatik, bai, erakunde publikoek gure esku dagoen guztia egin behar dugu kultu leku normalizatuak bermatzeko».

Hain zuzen, haren ustetan, «erlijio aniztasuna gero eta garrantzitsuagoa da gizartean», eta horrek «aniztasun horren kudeaketa publiko egokia justifikatzen eta eskatzen du, gero eta neurri handiagoan». Horiek horrela, Jaurlaritzaren lege proiektuak «erlijio askatasuna bermatzeko, haren ezarpena galarazten duten oztopoak ezabatzeko eta batez ere gutxiengo diren taldeek jasaten dituzten diskriminazioak saihesteko» balioko duela nabarmendu du Aniztasun zuzendariak, eta, «oinarrizko eskubide baten erregulazio bat» izanik, proposamena «arazo handirik gabe» aurrera ateratzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.