59 minutu. Urgentziaz egin zuen adierazpena atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak presoen eskubideen aldeko manifestazioa debekatu zuela jakin eta ia ordubetera. «Oso erabaki larria da. Erabaki ulertezina». Eta urrunago ere jo zuen. «Debekuak ez du isilaraziko euskal gizartearen gehiengoaren erreibindikazioa. Egoera berriak bakearen aldeko bestelako estatu politika bat eskatzen du, baita espetxe politikan ere».
Azken urteetan ere gisa horretako manifestazioak izan direla gogorarazi zuen Erkorekak. Debekurik gabe. «Baita ETA oraindik aktibo zegoenean ere». Halere, ez zuen zehaztapenik eman Segurtasun Sailaren jarrerari buruz. Ertzainen betekizunari buruzko hitzik ez. «Velascoren autoaren edukia eta exijentziak ezagutzen ditugunean jakingo dugu hori». 59. mintuan egindako behin-behineko erreakzioa zen. Erantzukizuna eskatu zien erakundeei, alderdi politikoei, herritarrei eta baita manifestaziora deitu zutenei ere. Berea izan zen lehen erreakzioetariko bat. Gehiago heldu ziren gero, errenkadan. Erabakia salatzeko gehienak.
HASIER ARRAIZ Sortuko presidentea
«Espainiako Estatuak makineria guztia jarri du martxan prozesuaren aurka»
«Herri gisa» erantzuteko eskaria egin zuen Hasier Arraizek, Sortu alderdiko presidenteak. Velasco epaileak debekuaren berri eman aurretik egin zituen adierazpenak, goizean. Debekuaren mehatxua jadanik airean zen, eta hari «elkarrekin» erantzuteko beharra azpimarratu zuen. Donostiako udaletxe aurrean abokatuen asteazkeneko atxiloketak salatzeko egindako elkarretaratzean egin zituen adierazpenak.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariekin, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta beste hainbat ordezkari politikorekin batera izan zen han Arraiz. Debekua heldu baino lehen. Eta baita hari erantzuteko EAJrekin manifestazio deialdi bateratua egin baino lehen ere. Debekurako arrazoirik ez zuen ikusten: «Espainiako Estatuak bere tresneria guztia jarri du martxan Euskal Herrian abian den prozesua oztopatzeko». Baina Arraizen hitzetan, «geldiezina» da euskal herritarren gehiengoaren borondatea. Egoera «oso larria» dela ere esan zuen. Gero heldu zen debekua. Eta gero deialdi bateratua.
BORJA SENPER PPko legebiltzarkidea
«Gustuko izan nahiz ez, politikariok epaileek hartutako erabakiak onartzeko gaude»
Epaileen erabakiekiko errespetua eskatu zuen, berriz, Borja Semperrek, PPk Eusko Legebiltzarrean duen ordezkariak. Debekuari men egin behar zaiola nabarmendu zuen, eta manifestazioa «onartezina» dela gaineratu zuen Alderdi Popularreko kideak, manifestaziora deitu dutenek kartzelan daudenen balioa nabarmendu nahi izan dutelakoan. «Gustuko izan nahiz ez, politikariok epaileek hartutako erabakiak onartzeko gaude».
Horrenbestez, «erabaki judizialek PPren errespetu guztia daukate». Semperren ustez, gainera, antolatzaileen artean ez dago «iraganeko jarrerarekiko inolako zuzenketa egiteko asmorik». Legezkoak izan diren dozenaka manifestazio izan direla nabarmendu zuen, baina gaurko deitutakoak zuzenbidearen aurka egiten zuela zehaztu zuen.
GORKA MANEIRO UPDko legebiltzarkidea
«Demokraziarentzat oso albiste ona da debekua»
«Egokia eta zuzena» izan da debekua Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidearen hitzetan. Baina urrunago ere jo zuen. «Demokraziarentzat oso albiste ona da debekua». Haren ustez, «argia» zen presoen eskubideen aldeko manifestazioaren sakoneko helburua: «terrorismoa goratzea» eta «ETAko presoen ibilbidea ontzat jotzea» ziren benetako xedeak. «Presoak preso politiko gisa eta biktima gisa aurkeztu nahi zituzten, eta ez dira biktimak, hiltzaileak baizik», erantsi zuen.
PSEren aurka ere jo zuen Maneirok, «Bilduren hizkuntza bereganatzegatik». Zehazki, Donostiako Udalean abokatuen atxiloketen aurka Bildurekin batera azaltzeagatik kritikatu zituen sozialistak.
ADOLFO MUÑOZ, 'TXIKI' ELAko idazkari nagusia
«Paranoiaren emaitza da manifestazioa debekatzeko erabakia»
Manifestazioa galaraztea ahalbidetu duen erabaki judizialaren aurka agertu zen hasieratik Adolfo Muñoz Txiki, ELAko idazkari nagusia. Debekua «paranoiaren emaitza» dela uste du. Epailearen erabakia jaso bezain laster, esan zuen erabakia «euskal politika normalizatu baten garapena galarazi nahi dutenen paranoia» dela.
ARARTEKOA
«Auzitegiaren argudioek ez dute indarrik manifestatzeko eskubidea debekatzeko»
Arartekoak «kezka larria» agertu zuen Tantaz Tantari biltzeko eta manifestatzeko eskubidea galaraztearen ondorioz. Giza eskubideen defentsarako legebiltzarreko goi komisionatuak nabarmendu zuen ebazpen judizialak «obeditzeko» daudela baina zilegi dela haiekin bat ez egitea. «Terrorismoaren aurka eta giza eskubideen eta biktimen alde» egin izan duela gogorarazi zuen erakundeak. «Arartekoak jarrera horretatik uste du Auzitegi Nazionalak emandako argudioek ez dutela indar nahikorik manifestatzeko eskubidea debekatzeko».
EZKER BATUA
«Oinarrizko eskubideak ukatzeko, zantzuak ezin daitezke froga izan»
Gaurko manifestazioaren debekuak aitzakia politiko bati erantzuten diola adierazi zuen Ezker Batua-Berdeak alderdiak atzo prentsa ohar baten bidez. Haren hitzetan, Velasco epaileak «berak bakarrik» erabaki zuen Herrira antolakundeak «izaera terrorista» zuela. Hala, EBk uste du sortutako antolakunde berriek ezin dutela «etengabe euren burua zuritu, ezta ezberdinak direla frogatzen aritu». Atzoko debekuaren bidez,epaileak manifestazio eskubidea urratu duela adierazi zuen: «Oinarrizko eskubideak ukatzeko, zantzuak ezin dira froga bihurtu».
Euskal presoak. Debekuari buruzko erreakzioak
Erkorekaren ustez, «oso larria eta ulertezina» da debekua
Beste espetxe politika bat eskatu zuen Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, debekuaren berri jakin eta berehala egindako agerraldian Horrelako erabakiekin herritarren ahotsa ezingo dela isildu esan zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu