Zeresana ematen ari da oraindik eskuin muturrarekin lotzen duten Desokupa enpresa. Apirilaren 15ean, Abadiñora (Bizkaia) etxe bat hustera joan zen Desokupa. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak joan den astean nabarmendu zuen Ertzainak ez zuela inolako harremanik izan enpresarekin, «ez Abadiñoko gertaeren aurretik, ezta ondoren ere». Desokupak zabalduriko irudietan, ordea, Ertzainak eta enpresako kideak ikusten dira solasean. Gaur, berriz, gezurtatu du hori Erkorekak: «Ertzaintzak ez dauka inolako estrategia bateraturik Desokuparekin», nabarmendu du.
«Gezurra da ertzainak enpresa babesteko eta harekin lan egiteko aitzineko akordio edo agindurik duenik, eta behar diren azalpen guztiak emango ditugu hori hala dela ziurtatzeko», erran du ETB1en egindako elkarrizketa batean. Erkorekak nabarmendu duenez, etxeko jabearen dei bat jaso ondoren bertaratu zen Ertzaintza bertara. «Ertzaintza bertaratu zenean, hainbat pertsona identifikatu zituen, protestan ari zirenak batzuk, eta ustez enpresako kideak zirenak bertzeak. Ertzaintzak ez zekien hori, eta ez zuen zertan jakin, gainera», nabarmendu du Erkorekak.
Bideoan agertzen dena
Desokupak astelehen gauean publiko egindako irudiek, ordea, kontrakoa diote: Bideo horretan, Desokupako burua ikusten da ertzainekin hitz egiten, eta haiei azaltzen zer egingo zuten. Horrez gain, aurretik ertzain etxera bidalitako agiria jaso ote duten galdetzen die ertzainei. Taldeko buruak esaten die ertzainei etxeko gune komuna «lehertuko duela». Ertzainek erantzuten diote: «Gu hementxe egongo gara. Kontua gordin jartzen bada, ohartarazi gaitzazue».
Joan den astean iritsi zen auzia Eusko Legebiltzarrera. Desokupa eta Ertzaintza elkarlanean aritu ote ziren galdetu zion Julen Arzuaga parlamentariak Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuari. Sailburuak erantzun zion salaketa «gezur hutsa» zela eta «zabalduriko irudiek kontrakoa erakusten dutela». Sailburuak irmo esan zuen: «Ertzaintzak ez zuen eduki harremanik Desokupa enpresarekin, ez Abadiñoko gertaeren aurretik, ez ondoren».
Bideoa kaleratu eta afera argitzen ez dela ikusita, ordea, Arzuagak berriz galdetuko dio aste honetan Erkorekari auziaren inguruan. «Enpresa ultraeskuindarrak» zabalduriko irudiak ikusita, «eusten al dio Erkorena jaunak orduan esandakoari?». Sailburuaren hitzen eta irudien arteko «kontraesana» zergatik gertatu den galdetu dio. Erkorekak «informazio okerra» baldin bazuen, hori «nori leporatu behar zaio?». Azkenik, informazio okerra eman zuen arduradunarekin zer egingo duen galdetu dio.