Eusko Jaurlaritzaren iritziz, ez dago arrazoirik Euskal Herrian «salbuespeneko hauteskunde lege bat» ezartzeko. Beraz, ez dago ados ETAren mehatxuengatik Euskal Herritik ihes egin zutenek botoa eman dezaten legea aldatzearekin. Horixe esanda erantzun dio Josu Erkoreka Jaurlari- tzaren bozeramaileak Soledad Becerril Espainiako Arartekoak plazaratutako proposamenari eta PPk PSOEri zein EAJri egindako eskaerari. Mehatxupean joan zirenei Euskal Herrian bozkatzeko aukera emango liekeen lege erreforma babesteko eskatu zien PPk PSOEri eta EAJri.
Erkorekaren esanetan, gaur egun «ez dago inolako arrazoi politiko, ekonomiko, sozial edo elkarbizitzakorik bere herrian bizi nahi duenak hala egin ez dezan». Hortaz, Euskal Herrirako espresuki egindako hauteskunde lege berezi bat sortzeko arrazoirik ez dagoela ohartarazi du.
«Badirudi batzuek oraindik ez dutela barneratu indarkeria betirako amaitu dela eta Euskal Herria indarkeriarik gabeko aro berri batean dagoela», adierazi du Jaurlaritzako bozeramaileak. «Halako salbuespen neurriek ez dute sekula zentzurik izan, baina are gutxiago justifikatu daitezke egun», gaineratu du.
UPD: «Propaganda hutsa»
UPDk ez ditu ulertu PPk gaiaren inguruan herenegun egindako adierazpenak. Borja Senper PPk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak PSOEri eta EAJri legea aldatzeari begira «eskuzabaltasunez eta arduraz» jokatzeko eskatu izana «propaganda hutsa» dela uste du Gorka Maneiro UPDren legebiltzarkideak: «Ongizate Estatua suntsitu eta herritarrak murrizketekin itotzeko nahikoa zaio bere gehiengo osoa».
Erkorekak ez du nahi «salbuespeneko» hauteskunde legerik
Eusko Jaurlaritzaren ustez, ez du zentzurik mehatxupean joandakoek botoa eman dezaten legea aldatzeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu