Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak ez du azalpenik eman beharko Eusko Legebiltzarrean, otsailaren 2an Astigarragan (Gipuzkoa) Ertzaintzaren esku hartze batean gizon bat hil zela eta. EH Bilduk Erkorekaren agerraldia eskatu zuen, azaldu dezan zer gertatu zen eldarnioak jota zegoen gizon horrekin. Koalizio subiranistak ganberako Diputazio Iraunkorra biltzeko eskatu zuen, «Segurtasun sailburuak azalpenak eman ditzan Astigarragan gizon baten heriotzarekin amaitu zen Ertzaintzaren operatiboari buruz», baina agerraldi eskaera hori ez du tramitatzeko onartu Diputazio Iraunkorreko Mahaiak, EAJren eta PSE-EEren botoei esker, eta Erkorekak ez du Legebiltzarrean azalpenik eman beharko Astigarragako auziaren inguruan.
Astigarragako (Gipuzkoa) familia batek salatu du eldarnioak jota zegoen gizon bat ertzainek bortxaz tratatu zutela otsailaren 2an, eta hil egin zela. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kasuari buruzko azalpen batzuk eman zituen joan den astean, ohar bidez, eta adierazi zuen ez dagoela Ertzaintzaren kontrako salaketarik auzitegietan kasu horri buruz. Aurretiazko eginbide batzuk badira, ordea, Donostiako 5. Instrukzio Auzitegian, eta gorpuari autopsia ere egin zioten, ikerketa horren barruan. Familiak abokatu bat izendatua du epaitegian, baina polizien aurkako salaketarik ez dagoela zehaztu zuen Segurtasun Sailak joan den astean.
36 urteko gizona
BERRIAk familiako bi kiderekin hitz egin zuen martxo hasieran, baita gertaeren lekuko izan zen bizilagun batekin ere. Eneko Valdes 36 urteko gizona, buruko nahasmendu batek erasanda, oihuka atera zen bere etxeko balkoira, eldarniotan. Beheko bizilagunen etxera zintzilikatu zen. Udaltzainak iritsi ziren, eta baretu egin zuten. Ertzainak iritsi ziren gero; senideek hamabost ertzain zenbatu zituzten, unitate ezberdinetakoak, tartean kaleko jantzitakoak ere bai. Familiak esan zuen Bizkor unitateetako kideak ere bazirela; muturreko larrialdiak kudeatzea izaten dute eginkizunetako bat. Segurtasun Sailak, baina, ukatu egin zuen unitate horretako agenteek Astigarragako auzian parte hartu zutela. Nolanahi ere, polizien portaeraz kexu da familia; salatu dute bortxaz tratatu zutela Valdes, eta hil egin zela.
EH Bilduk, gaur, deitoratu egin du EAJk eta PSEk atzera bota izana Erkorekaren agerraldia. Koalizioak dio gizonaren «heriotzaren arrazoiak» ezin izan direla oraindik «zehaztu», eta familiak, operatiboan parte hartu zuten ertzainen jokaera salatzeaz gain, «gertatutakoa zehatz-mehatz argitzeko» exijitu duela. Julen Arzuagaren iritziz, «bereziki mingarria da EAJk eta PSEk gaur hartu duten erabakia, familiarekiko errespetu falta eta mespretxua, gardentasunaren aldeko aldarri horri iluntasunez eta opakutasunez erantzun diotelako, Erkorekak azalpenak eman gabe segi dezan».
Arzuagak jarraitu du esanez EAJrentzat eta PSErentzat ez dela premiazkoa «Ertzaintzaren operatibo baten testuinguruan gertatutako heriotza baten inguruko azalpenak ematea». EH Bilduko legebiltzarkideak galdetu du hori al den «familiak EAJren eta PSEren aldetik merezi duten erantzuna». Gogoratu du «familiak berak» jakinarazi duelako zabaldu dela auziaren berri; haren arabera, «Segurtasun Saila gertatu zena ezkutatzen saiatu da hasiera-hasieratik».
Alabaina, Segurtasun Sailak joan den astean zehaztu zuen gertakari hartan parte hartu zuten agenteek ez zutela erabili «taser motako pistolarik», eta Poliziaren jarduera «publikoa» izan zela. «Hildako gizonari eta haren senideei zor zaien errespetuagatik, eta erakundeek haien datu pertsonalak eta polizialak babesteko duten betebeharra betetzeko, Segurtasun Sailak ez du informaziorik emango une oro pertsona horri osasun eta laguntza arreta ematera bideratutako polizia jardunaren inguruko xehetasunei buruz», zehaztu dute.
«Basakeria neurrigabea»
Oso bestelako iritzia eman zuen EH Bilduk auziaren inguruan, gaur bertan esandakoaren bidetik. Arzuaga legebiltzarkideak aurreko astean azaldu zuen koalizioak bazuela Astigarragako gertakarien berri: «Familiaren gertukoen bidez izan genuen gertaera honen berri, salatu zigutelako Poliziaren basakeria neurrigabea eta basakeria guztiz desegokia sufritu zutela. Berehala, Astigarragako gobernu taldeak Udaltzaingoaren informazio guztia eskuratu zuen, eta daraman auzitegiaren esku utzi genuen. Eta nik neuk Arartekoarengana jo nuen, azalpenak emateko gertatutakoaren inguruan, eta eskatzeko ikerketa egin zezala azkeneraino».
Ertzaintzaren jarduna «bortitza eta opakua» izan zen, legebiltzarkidearen arabera: «Horrela adierazten dute autopsian jasotako markek, ubeldurek eta saihets hezur hautsiek». Operazioa «opakua» zergatik iruditzen zaien ere azaldu zuen Arzuagak: «Ez dakigu zer gertatu zen Ertzaintzaren eskuetan egon zen 40 minutu haietan, beste lekukorik ez baitzen egon. Auzokideek eta emazteak esaten dute bitarte horretan oihuak eta kolpeak entzun zituztela». Horrez gain, azpimarratu zuen ez dagoela argi gizona non hil zen: anbulantzian edo eskailburuan.