Bi hilabete dira Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak esan zuela urte hasierako kale istiluak «sigla» batzuen «dendaostean» antolatzen direla. Ertzaintzaren orduko oldarraldien inguruko azalpenak ematean erreparatu zion Erkorekak «dendaoste» horri, eta, gaur, berriro susmoak erein ditu Tolosako inauterietan (Gipuzkoa) eta Donostian Txapeldunen Ligako partida baten atarian Ertzaintzak zauritu zituenen auziei buruz galdetzean. Radio Euskadin esan du «Euskadin ere» badela «lokatz makina», eta haren «jatorria» ez direla «eskuina eta eskuin muturra». Betiere siglarik aipatu gabe, Erkorekak zehaztu du «iritzi faltsua sortzeko zirimiria martxan» jartzen dutela batzuek, «nahiz eta iritzi horien oinarrian objektiboki froga daitezkeen gertaerak egon».
Nolanahi ere, errepikatu du «lokatz makinak» ez daudela «bakarrik Madrilen». «Hemen ere badira, argi», erantsi du, eta zehaztu horien jatorria ez dela eskuina, «batzuetan arinki esaten den bezala». Ustezko lokatz makina horien jatorriaz galdetuta, Erkorekak esan du jatorri hori «erraz identifikatu» daitekeela. Baina uko egin dio izenak emateari: «Merkatua eta ingurunea ezagutzen dituen edonork badaki». Jarraian gaineratu du ez duela «akusaziorik» egingo: «Ez dagokit niri». Are gehiago, ziurtatu du ez duela «salaketarik» egingo «gai hori dela eta», baina lokatz makina badela azpimarratu du berriro. «Hemengo politikari erreparatzen dion edonork daki hori».
Erkorekak ziurtatu du bera ere «zipriztindu» duela lokatz horrek, «ez Erkoreka izateagatik, Segurtasun sailburua izateagatik baizik»: «Ardura hori daukan edozein jeltzalek izango du lokatza». Gobernua uztear den honetan, esan du «beste erremediorik» izan ez duelako «pairatu» duela «fenomeno hori».
Tolosa eta Anoeta, grabaturik
Ertzaintzaren oldarraldien eraginari buruz galdetuta, berriz, berretsi du Tolosako inauterietan zauritutako gaztearen auzia eta Anoeta estadioaren inguruan zauritutako emakumearena epaitegietan daudela. Esan du kamerek grabatu dituztela gertaera horiek, aurretik jakin zen moduan, eta Tolosakoa auzi «argiagoa eta zehatzagoa» dela adierazi du, hauteskunde kanpaina hasi baino lehen eman zuen bertsioari helduta. Segurtasun sailburuak berriro adierazi du Ertzaintzaren foam jaurtigai batek begi bat larri zauritutako gaztea ez zegoela «kasualitatez» han, eta «istiluetan parte hartzen ari zirenen alboan» zegoela.
«Ongi kokatutako kamera batek» grabatu zuen pasadizo hura, eta Ertzaintzaren txostena Tolosako epaitegira bidalita dago, «Nafarroako epaile» baten esku jarrita, zehaztu duenez. Aurretik ezagutarazi zuen bertsioari helduta, zehaztu du ertzain batek jaurtitako foam pilotak istiluetan parte hartzen ari omen zen beste gazte bat jo zuela besoan 16 urteko gaztearen begian eman aurretik; «errebotez» jo zuela, alegia.
Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian larri zauritutako emakumearen auzia beste modu batera aztertu du Erkorekak. Esan du Ertzaintza oldartu zeneko grabazio bat badagoela, «drone batena», irudi horiek «epailearen esku» daudela, baina «kalitatea hobetu» behar zaiela. Zer gertatu zen «argiago ikusi» ahal izango da «laster», aurreratu duenez. Nolanahi ere, Anoetako oldarraldiaren «testuingurua Tolosakoarena baino konplexuagoa» dela uste du: «Mobilizazio handia zegoen, jende asko kalean, eta salaketa bat baino gehiago egon zen».