Gardentasuna eta ekimena. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak ahalegin handia egin du gaur bi ideia horiek helarazteko, Tolosako inauterietan gertatutako Ertzaintzaren oldarraldi batean begi bat larri zauritu zioten gaztearen auziari loturik. «Hasiera-hasieratik Ertzaintza bera izan da istilu horien berri eman duena, gardentasun osoz, mundu guztiaren aurrean, astelehen goizean bertan, beste inoren salaketen esku utzi gabe».
Erkorekak nabarmendu du Ertzaintzak «bere kabuz eta gardentasunez» eman zuela istiluen berri, eta ikerketa abiatu zuela. «Ertzaintza bera izan da ikertzeari ekin diona, hasierako diligentziak ireki dituena, inoren salaketaren zain egon gabe, eta aurrera doa ikerketa». Gainera, azaldu duenez, Tolosako epaileari auzitegi mediku bat izendatzeko eskatu zion, gazte zauritua aztertu zezan eta bere ebazpena eman zezan, «zehaztuz zauriak zer-nolakoak diren, zer neurritakoak, zein jatorri duten, eta zer-nolako ondorioak izan ditzaketen».
IKUSI GEHIAGO
BERRIAk jakin duenez, Tolosako epaile batek ere zabaldu du ikerketa ofizioz, eta gaztearen familiak akusazio partikular moduan salaketa jarri du, astelehen goizaldean, inauterietan gertatutakoarengatik. Liskarrak sortu ziren Tolosan, eta gazte bat larri zauritu zen; gazteak berak esandakoaren arabera, Ertzaintzaren foam jaurtigai batek eragin zion zauria. Ospitalera eraman zuten, begian zauri larria eragin ziolako jaurtigaiak, eta han dago oraindik, ebakuntzaren zain; handitua du begi ondoa, eta jaistera itxaron behar dute ebakuntza egiteko; ondo bidean, bihar egingo diote ebakuntza. Gazteak 16 urte ditu, eta Villabonakoa da. Atzo elkarretaratzea egin zuten han, Bortizkeria polizialik ez lelopean. Larunbatean, berriz, mobilizazioa egingo dute Tolosako Trianguloa plazan, 12:00etan, «ez garela seguru sentitzen argi plazaratzeko».
Ertzaintza familiarekin
Ertzaintza familiarekin egon dela berretsi du Erkorekak. «Ertzaintzak berak izan zuen ekimena familiarekin egoteko. Ospitalera bertara joan zen, eta familiarekin eta gaztearekin egon zen». Halaber, sailburuak berak eskatu dio Eusko Legebiltzarreko Euskal Poliziaren Kontrol eta Gardentasunerako Batzordeari azterketa bat abiatzeko: «Haren eskura jarri ditut dauzkagun datu guztiak». Batzordearen «zerbitzura» dagoela erantsi du, «egin beharreko ikerketak egin ditzan, eta batere arazorik gabe eska ditzan azalpen guztiak».
«Ez dakit sindikaturen batek ez ote duen nahi printzipio demokratiko eta urrats guztiak egin ez daitezen. Horrela bada, ongi legoke esatea ez dutela nahi barne ikerketarik abiatzea».
JOSU ERKOREKA Jaurlaritzako Segurtasun Sailburua
Segurtasun sailburuak gogorarazi duenez, batzorde hori «bere kabuz eta inoren eraginik gabe» ebazpenak emateko da legearen arabera, «Ertzaintzaren edo udaltzaingoen jarduera ustez okerrak egon daitezkeenean, edo jarduera horien ondorioz kalteren bat sortu daitekeenean, edo giza eskubideen urraketaren bat egon daitekeenean».
Abian dagoen barne ikerketaren inguruan, berriz, Erkorekak ziurtatu du «informazio guztia» bilduko dela, «egon daitezkeen lekuko guztiak eta irudi guztiak baliatuz», txosten bat egiteko. «Gardentasun osoz egitateak zein izan ziren zehazteko» da ikerketa hori, esplikatu duenez, «eta ondorioak atera ahal izateko». Ertzaintzaren eta bere sailaren bertuteak nabarmendu nahian, sailburuak esan du ez dela hori gertatzen leku guztietan: «Hori ez da beti eta inguru guztietan gertatzen, eta azpimarratu egin nahi dut».
Barne ikerketaren garrantzian sakondu du, edonola ere: «Berme prozesu bat da, eta portaerak zein izan diren zehaztuko da hor, batzuenak eta besteenak, eta aintzat hartuko dira bil daitezkeen froga guztiak, irudiak, lekukoak eta abar, eta hori ez da egiten egun batetik bestera». Hau da, Erkorekak ohartarazi du ikerketa horren emaitza jakiteak luze jo dezakeela. «Ikerketa egingo da ahalik eta berme guztiekin horren emaitzen eta ondorioen berri izan arte». Epaileak ikerketa horren emaitza eskatuko balu, haren eskuetan utziko lukete. Eta kontrolerako batzordeari ere emango zaio, «hark eskatu egingo baitu, seguru».
Sindikatuekin liskarra
Ertzaintzako ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek «kirurgia operazio profesional» bati buruz hitz egin zuten atzo. «Ertzaintzarengatik izan ez balitz, tragedia bat gertatuko zen beharbada». Erkorekari «ez isiltzeko» exijitu zioten, eta Ertzaintza «defendatzeko». Bada, sailburuak erantzun du ez dakiela zer esan nahi duten Ertzaintzaren defentsa eskatzen dutenean. «Inor aritu bada Ertzaintzaren defentsan legealdi honetan, ni neu aritu naiz. Zenbat aldiz aritu izan naiz Ertzaintzaren kontrako salaketa bidegabeak egon direnean? Ertzaintzaren defentsan ariko naizela bermaturik dago, sindikatuen eraginaren beharrik gabe».
Baina zalantza bat badu Erkorekak sindikaturen baten edo beste baten benetako asmoen inguruan, horrelako adierazpenak egiten dituztenean. «Ez dakit sindikaturen batek ez ote duen nahi oraintxe aipatu ditudan printzipio eta urrats guztiak egin ez daitezen; Ertzaintza beti Polizia demokratikoa dela bermatzen duten printzipioez ari gara. Horrela bada, ongi legoke esatea ez dutela nahi barne ikerketarik abiatzea, ez dutela nahi auzitegi medikuaren ekarpena eskatzea».
Kazetariek ertzain batzuen soslai ideologikoari buruz galdetu diote sailburuari, adierazpen horien harira, eta Erkorekak esan du Ertzaintzak ez duela horri buruzko informaziorik. «Ezin du eskatu ere, gauza pertsonala baita». Horri buruz galdetzea «Konstituzioaren aurkakoa» dela zehaztu du. Baina Polizia demokratiko guztietan printzipio batzuk daudela gaineratu du, eta horiek berme direla haien gardentasunerako. «Horiek urratzen direnean, portaera desbideratuak daudenean salbuespen kasuetan, legeak erreakzio mekanismo batzuk jasotzen ditu, eta horiek martxan jartzen dira».
ELA sindikatua, berriz, oso bestelako jarrera batekin aritu da Tolosako auziari buruz, ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuenarekin alderatuta. «Elkartasuna» adierazi dio «ertzainek erabilitako istiluen aurkako materialaren inpaktuak zauritu zuen gazteari». Sindikatu abertzaleak espero du «lehenbailehen osatzea, egingo dioten ebakuntza ondo joan dadila, eta ondorio larririk ez dezala izan, ez ikusmenean, ez begian». Gainera, Segurtasun Sailari eskatu dio argitu dezala Ertzaintzaren jarduerak eragindako egoera, eta «haren esku dauden erabakiak ere har ditzala, halakorik berriro gerta ez dadin».
Horrez gain, ELAk salatu du ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek «oso enpatia gutxi» adierazi dutela zaurituarekiko, eta Ertzaintzaren «ekintza ororen defentsa itsua» egiten dutela: «Horrek eragiten du Ertzaintza gero eta gehiago aldentzea zerbitzua eman behar dion gizartetik. Izandako ekintzak gardentasunez eta independentziaz ikertzea da polizien jarduerarekiko konfiantza pizteko modu bakarra».
Istiluen aurkako materialaren erabileraz ere aritu da ELA; haren arabera, hura erabiltzea «saihestu» ahal izango zen «komisarietan ertzain nahikoak» baleude. «Segurtasun Sailak istiluen aurkako materialarekin osatzen du ertzainen gabezia».
Otegiren adierazpenak
Naiz Irratian Tolosako auziari buruz aritu da EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Otegik nabarmendu du Ertzaintzaren oldarraldia «jai giro batean, jendez lepo zegoen kale batean» gertatu zela. «Herri honetan Polizia ereduarekin arazo bat dugu. Urgentzia handiarekin egin behar den eztabaida da», esan du. Eztabaida hori ez dela «inoren kontrakoa» erantsi du. «Termino demokratikoetan egin behar den eztabaida da. Noiz egin behar da eztabaida hori? Herri honek merezi du polizia demokratikoa, euskalduna eta herriaren mesedetan arituko dena».