Apirilaren 11n, BBKren batzar nagusiaren harira kolektibo sozialek etxe kaleratzeen aurka egindako elkarretaratze batean parte hartzeagatik, autoritatearen kontrako atentatua egitea egotzi, eta inputatu gisa deklaratu zuen atzo Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak Bizkaiko Auzitegian. Protesta hartan ehunka herritarrek parte hartu zuten arren, Erkizia da inputatu duten bakarra; Ertzaintzaren txostenak halakorik eskatzen ez zuen arren, epaileak berak erabaki du Erkiziaren aurkako auzibidea abiatzea. Akusatuaren zein EH Bilduren ustez, ez da kasualitatea. Areago, neurriak badu helburu bat, haren hitzetan: mobilizazio sozialetan parte hartzen duten herritarrak geldiarazteko saioa da; «mehatxua, abisua». Inputazioak ez duela batere oinarririk, eta artxibatzeko eskatu du EH Bilduk.
Erkiziak berak auzitegira sartu aurretik ohartarazi du egungo «egoera larriaren» aurreko protestak «isilarazi» nahi dituztela, baina ez dutela «sumisioa lortuko». EAJri zein PPri zuzendu zaie: «Ez dugu onartuko egin nahi duten lapurreta. Herriaren diruarekin altxatutako kutxak esku pribatu batzuen esku, dirua duten bankarien esku, utzi nahi dituzte;herritarrei lapurreta egitea da hori». Epailearen aurrean deklaratu aurretik egin ditu adierazpen horiek Erkiziak, Politika antisozialen aurka, kriminalizaziorik ez! zioen pankartaren atzean. Alboan zituen, ehun bat pertsonaren artean, Periko Solabarrieta eskubide sozialen aldeko militante historikoa eta Arantza Urkaregi EH Bilduko kidea.
«Tasio Erkiziaren kontrako eraso judizial honek ez du geldituko mobilizazio soziala», ohartarazi du Urkaregik ere. «Pairatzen ari garen krisiaren ondorioak langileon gainean utzi nahi ditu eskuinak, horretarako saio etengabeak egiten ari da». Mobilizazioa ezinbestekoa dela adierazi du, eta EH Bilduk bide horretatik egingo duela. Euskal Herriak bere beharren araberako «politika ekonomiko propioa» garatzeko tresnak behar dituela ere adierazi du Urkaregik, eta burujabetza behar duela horretarako.
Erkiziaren ustez, mobilizazio sozialak geldiarazi nahian inputatu dute
Epailearen aurrean deklaratu du Tasio Erkiziak, BBKren aurrean etxe kaleratzeen aurka protestatzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu