Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erizainak biltzen dituen SATSE sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Gurutzetako ospitalearen aurrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko erizainak hobeto aitortu ditzatela. Amaia Mayor SATSEko idazkari nagusiak salatu du Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak ez dutela «benetako aurrerapausorik» eman erizainen kolektiboari dagokionez.
«Prebentzioaz eta zaintzaz ari gara etorkizuneko euskal osasun sistemaren zutabe gisa, baina eredu erabat medikalizatua ikusten jarraitzen dugu», adierazi du Mayorrek. Kezkatuta daudela erran du. «Urteak daramatzagu elkarlaneko preskripzio gidak eskatzen, funtsezkoak baitira erizainek segurtasun juridikoarekin lan egin ahal izateko». Horien bidez, «ezin hobeto kudeatu» ditzaketen egoeretarako ez lukete sendagileen esku hartzeen «mende» egon beharko, Mayorren hitzetan.
Legegintzaldia hasi eta hiru hilabetera Osakidetzak oraindik erizaintzako zuzendariordetza izendatu ez izana ere deitoratu dute. «Gainera, erizain gehiago falta dira Osakidetzako egituretan ardura postuak betetzeko», gaineratu du Mayorrek. Eguneroko lanean erizainen erabateko jarduna bermatzeko tresnarik ez dagoela ere nabarmendu du sindikatuak.