Eritrear jatorriko gazte baten gorpua aurkitu zuten herenegun goizean Irungo (Gipuzkoa) Azken Portu auzoan, Bidasoa ibaiaren bazterrean. Irungo Harrera Sarearen arabera, urkatuta agertu zen gizon gaztea. Ertzaintzak esan duenez, bere buruaz beste egin zuen. Ez omen dute bortizkeria zantzurik aurkitu, eta kasua «itxitzat» eman dute. Suizidio bat izanki, ez dute informazio gehiagorik zabaldu.
Hasieran pasaerako migrante bat izango zela zabaldu bazen ere, atzo arratsaldean gaztearen jatorria baizik ez zuen baieztatu Irungo Harrera Sareak. Ez dakite pasaerako migrante bat ote zen, Irunen bizi ote zen, paperak zituen ala ez. Informazio horiek lortu nahian ari zirela erran zuten.
Hain zuzen ere, pasaerako migranteen ohiko igarobidea da Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko muga. Azken asteetan, asko saiatu izan dira bertatik igarotzen, Frantziako Estatuan sartu eta migrazio bidean jarraitu ahal izateko. Martxoaren hasieran, migratzaile ugari iritsi ziren Irunera, eta horrek Jaurlaritza behartu zueniheslariei aterpea emateko zerbitzuak indartzera. Gau bakarrean 104 migratzaileri eman zieten ostatu Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan, besteak beste hamasei emakumeri eta hiru adingaberi.
Irunera iristen diren migratzaile batzuk Bidasoa ibaia igerian igaroz saiatu dira Hendaiara pasatzen. Martxoaren 13an, horietako bat uretatik ateratzen lagundu zuen Hendaiako arrantzale talde batek. Tom Dubois-Robinek kontatu zuen, Ipar Euskal Herriko hautetsiei idatzi zien gutun ireki batean. «Mugan diren kontrol iraunkor eta sendotuen ondorioz, Irundik datozen migrante anitzek Bidasoa ibaia igerian zeharkatzeko arriskua hartzen dute Frantziara iristeko. Egoera honek drama bat ekarriko du», abisatu zuten. Hautetsiak akuilatu zituen «egoera dramatikoa berehala geldiarazteko» neurriak har zitzaten.
Argitzeko dago zein zen herenegun hilda aurkitu zuten gizonaren egoera.
Eritrear jatorriko gazte baten gorpua aurkitu dute Irunen
Herenegun agertu zen, urkatuta. Bere buruaz beste egin duela baieztatu du Ertzaintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu