Kutsatze datuek ez dute, oraingoz, arintzeko trazarik. Harrotua segitzen du pandemiaren kurbak Hego Euskal Herrian, osasun agintariek atzo emandako datuek agerian utzi dutenez: beste 905 positibo atzeman zituzten asteazkenean. Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 11.071 test egin ziren Hegoaldean, PCR probak eta antigeno testak kontuan izanik, eta horien guztien %8,1ek eman zuten positibo. Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 294 izan ziren. Gainera, Gipuzkoan 260 kutsatu zenbatu zituzten; Nafarroan, 256, eta Araban, 62.
Transmisioaren larriagotzea agerikoa bada ere, erietxeetan ez da sumatu, oraingoz, goraldiaren ondoriorik. Orain arteko olatuetan, ordea, positiboen gehitzeak eragin zuzena izan du osasun sisteman. Hala, kutsatuen kurbak gora egin duen aldiro, malkartu egin da gero ospitaleetan COVID-19ak eragindako presioa erakusten duena ere. Bi kurbak elkarri loturik egon dira beti, hamar bat egunetako denbora tartearekin. Aitzitik, oraingoan, ez dirudi gauza bera gertatuko denik. Izan ere, birusarekiko zaurgarrienak direnak jada txertatuta daude: jende nagusiak eta arrisku faktoreak dituztenek hartua dute txertoa.
Hori hala, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako osasun sareak egonkor jarraitzen du. Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emandako datuen arabera, herenegun hogei lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Guztira, 110 lagun daude erietxeratuta Hegoaldeko ospitaleetan; bezperako kopuru berbera da, eta aurreko egunetako joerari eusten zaio. Nolanahi ere, duela hilabeteko datuen aldean, nabarmen jaitsi da ospitaleen gaineko presioa: ekainaren 8an, 249 lagun zeuden erietxeratuta gaitzarekin. Azken hamalau eguneko joerari erreparatuta, eguneko hemezortzi pertsona erietxeratu dituzte gaitzarengatik Hego Euskal Herriko ospitaleetan, batez beste.
ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, berriz, 34 lagun daude. Unitate horietan dauden pazienteen kopuruak ere ez du aldaketa handirik izan azken egunotan, eta kutsatzeen gorakadak ez dio eragin, oraingoz.
Ospitaleetako datuek ez bezala, birusaren intzidentzia tasek argi erakusten dute pandemiaren bilakaera nolakoa den. Gaur-gaurkoz, Hegoaldeko bi herrialdek berrehuneko langa gainditzen dute azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko zenbat positibo dauden adierazten duen tasan. Nafarroak du daturik kaskarrena: 100.000 biztanleko 334 laguni atzeman diote birusa azken hamalau egunean. Gipuzkoan, berriz, 290ekoa da tasa hori. Bizkaian eta Araban intzidentzia metatu apalagoa dute; Bizkaian 191koa da, eta Araban, 157koa.
Gazteenei mezua
Kutsatze gehienak gazteenen artean atzematen ari dira, bereziki jai giroko jende pilaketen ondorioz, eta haien «kontzientzia piztea» da orain helburu nagusia. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo adierazi zuen Ertzaintzak eta Udaltzaingoak arreta berezia jarriko dutela halakoak eragozteko, baina ohartarazi zuen «norberaren erantzukizunean» dagoela gakoa. Atzo indarrean sartu zen dekretuan, Jaurlaritzak espresuki debekatu ditu jendetza biltzen duten topaketak, festak eta bestelako ekitaldiak, eta, hartan jasotakoaren arabera, poliziaren kontrolak areagotu egingo dira, horiek eragozteko.
Transmisioari dagokionez, Zupiriak azpimarratu zuen ez duela uste pandemia azken txanpan sartua denik. Are, «mundu mailako arazoa» dela gogoratu zuen, eta biztanleriaren zati handi batek oraindik ez duela txertorik hartu.
Bestalde, Nafarroako Osasun Departamenduak jakinarazi zuen Saloun (Herrialde Katalanak) izandako gazteen artean egindako baheketetan 1.335 positibo atzeman direla orain arte. Agerraldi horrek zerikusi zuzena du lurraldean kutsatzeak areagotu izanarekin.
Koronabirusa
Erietxeetako egoera, egonkor
905 positibo atzeman dituzte Hegoaldean, baina, oraingoz, ospitaleetan ez da sumatu goraldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu