Tratu txarrak jasaten dituzten haurrak zenbat diren neurtzeko erregistro bat sortu dute Hego Euskal Herriko, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako 25 ospitale pediatriko nagusiek elkarlanean. Osagileek eta erizainek tratu txar fisiko eta psikologikoakatzematen dituztenean bete behar den protokoloa indartzeko da.
Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) pediatriako larrialdietako arduradun Jesus Sanchez Etxanizek atzo Bilbon eskaini zuen tailerrean eman zuen egitasmoaren berri. Haren hitzetan, «gutxi gorabeherako datuak» maneiatuko dituzte, osasun arloan ez ezik irakaskuntzan eta gizarte zerbitzuetan ere atzematen baitira haurren kontrako tratu txarrak, eta bost kasutik bakarra igartzeko gai dira osasun etxeetan. Edonola ere, kasuak jakinarazteko eta haiei jarraitzeko protokolo bateratu bat garatzeko giltza izan daitezke erregistroan jasoko dituzten datu estatistikoak. Kasuistikaren «argazki» gisa baliatuko dituzte datuok, biktimen egoera sozioekonomikoari, adinari, generoari edo pairatutako kalteei buruzko informazioa bilduko baitute.
Sanchez Etxanizek ohartarazi duenez, haurrekiko betebeharrei uko egitea ere tratu txarrak ematea da: «Adingabearen mesedetan zer edo zer egiteari uztea —esaterako, elikadura egokia ez ematea— bada tratu txar, eta aintzat hartu behar dugu, ezinbestean». Horrez gain, tratu txar psikologikoak eta fisikoak ere bereizi ditu medikuak, eta azken horien barruan, ohikoak —kolpeak, erredurak...—eta sexu abusuak. Generoari dagokionez, mutilek jasaten dituzte gehienetan tratu txar fisikoak, baina neskak izaten dira sexu abusuen biktima bost kasutik lautan.
Atzeman ezinik
Gurutzetako Ospitalean jasotako kasuez ere aritu zen pediatriako larrialdietako arduraduna. Haren esanetan, tratu txarren biktima izan litezkeen hiru edo lau haur atzematen dituzte hilero, eta berrogei inguru urtero. Osasun etxeek kasuen %10-20 baino atzematen ez dituztela kontuan izanik, milatik bost eta hamabost haurren artean zenbatetsi dute biktimen kopurua.
Sanchez Etxanizek argitu du ez dutela inor epaitu nahi beren susmoen bidez, oso zaila izaten baita gainera tratu txarren eragilea nor den jakitea. Egitasmoaren helburu behinena haurrak babestea dela erantsi du, jasaten duten egoera aldatzen saiatzea.
Erietxeak, umeen tratu txarrak atzemateko giltza
Kasuen erregistro bat osatzen ari dira; biktima izan litezkeen 40 umeren berri dute urtero Gurutzetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu