Garikoitz Goikoetxea.

Erietxe publikoa eskatu dute Tolosan, ez klinika pribaturik

2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Larunbata. Azoka eguna Tolosan (Gipuzkoa). Eskualdeko herritar askoren topaleku izan ohi da. Eta azken hilabeteetan maiz izan da hizketaldietako gaia osasun zerbitzuaren egoera. Asuncion klinika pribatura bideratzen dituzte Tolosaldeko herritarrak, eta haiekin batera Andoaingoak eta Legorretakoak. 65.000 pertsona. Urteak dira Eusko Jaurlaritzak eta klinikak itun bat sinatua dutela. Gero eta zerbitzu gehiago ari dira bideratzen erietxe pribatura, osasun etxe publikotik kenduta. Horrek zerbitzuaren kalitatea kaskartu duela salatu dute. «Beste eskualdeetako zerbitzu bera nahi dugu: publikoa, kalitatezkoa, erdigunean pertsonak izango dituena». Tolosaldekoa «esperimentu bat» dela ohartarazi dute, gainera.

Mugimendua sortu du osasun zerbitzuaren egoerak eskualdean. «Kezka handia dago», azaldu du Eneko Maioz Orexako alkateak. Batasuna da horren erakusle: alkate guztiek dei egin zuten atzo Tolosan protesta egitera, 40 eragilerekin batera. Ehunka lagun bildu ziren —1.800 zenbatu zituzten deitzaileek—. Adinekoak ziren asko; Osasun publikoa lelo duten afixak zituzten paparrean. TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde taldeko kideak tartean ziren.

Hogei urte baino gehiago dira Jaurlaritzako Osasun Sailak itun bat daukala Asuncionekin. Helburua zen Tolosako osasun etxean ez zeuden zerbitzuak eskaintzea eskualdean, klinika pribatura bideratuta —Donostiako Ospitalera ere bai kasu batzuetan—. Hori aldatzea erabaki zuen Jaurlaritzak 2011n, sozialistak zeudenean gobernuan: osasun etxean bazeuden espezialitateko zerbitzu batzuk kendu, eta klinikarekin akordioa egin zuen, han emateko. «Hori ez da itunpetzea, pribatizatzea da», salatu du Legorretako alkate Bakartxo Mendezek.

«Kalitate parametro berak»

Itun horrekin aurrera jarraitu du EAJren gobernuak. Osasun Saileko iturriek diote zerbitzua egokia dela. «Sare publikoko beste ospitaleei exijitzen dizkien kalitate parametro berberak eskatzen dizkiogu Asuncion klinikari». Hori esan diete alkateei ere, egoteko lasai, baina haiek azaldu dute ez dietela txostenik eta halakorik eman.

Pribatizazioaren bidea okerra dela salatu dute. «Gure osasun kalitatea ezin da oinarritu pertsona baten diru irabazietan». Azaldu dute osasun etxeko zerbitzuarekin ez zegoela kexurik, ez zegoela aldatu beharrik. Eskualdean nabarmena izan da protesta, baina salatu dute Jaurlaritza «beste aldera begira» dagoela oraindik.

Negoziazioa eskatu dute. «Eser gaitezen, eta azter dezagun egoera». Espezialitateak berriro osasun etxeetara bueltatzea nahi dute —«garaiz gaude oraindik»—, eta Osasun Sailak Asuncion klinikara bideratzen dituen hogei milioiak eskualdean ospitale publiko bat egiteko erabiltzea, «ez negozio pribatu bat sustatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.