Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren aurka bildu dira

Protesta askotarikoa egin dute Miarritzen, besteak beste, EH Baik, LABek eta Les Bascosek deituta

Jende andanak parte hartu zuen Zemmourren kontrako mobilizazio antifaxistan, atzo arratsaldean, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Miarritze
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Jende andana bildu da Miarritzen (Lapurdi) Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren etorrera salatzeko, besteak beste, EH Baik, LABek, Les Bascosek, IPEH Antifaxistak eta GKSk deitu duten mobilizazioan. Frantziako Poliziak osatutako hesiaren aitzinean, oihuka eta txistuka hartu dituzte Irati gelara sartzeko lerroa egiten ari zirenak, eta petardoak eta arrautzak ere bota dituzte. «Euskal Herria antifaxista» eta «alde hemendik, utzi bakean» gisako leloak entzun dira nagusiki. Tentsio momentu batzuk izan badira ere, ez da istilurik egon.

Zemmourrek bere liburu berria aurkezteko hitzaldi sorta antolatu du Frantziako Estatuan, eta, atzo, Irati gelan emana zien hitzordua bere jarraitzaileei. Ofizialki hautagai gisa deklaratu ez bada ere, ontzat emana dago heldu den urteko Frantziako presidentetza hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztuko duela. Liburuaren aurkezpenarekin, aurre kanpaina gisako bat abiatu du nolazpait. Eta, ezbairik gabe, arrakasta izaten ari da. Ekitaldiak egin dituen gainerako lekuetan bezala, dozenaka pertsona bildu dira arraza gorrotoa zabaltzeagatik behin baino gehiagotan zigortu duten kazetari ohia entzutera.

«Hemen gaude Zemmourri erraiteko ez duela bere tokia hemen, ezta haren ideiek ere, eta halako probokazioak ez daitezen normaltasunez gerta», adierazi du Anita Lopepe EH Baiko eledunak. Salatu du Frantziako Poliziak «denon diruarekin» ordenu zerbitzua egin diola polemistari, bere dirua sinatzeko ekitaldirako.Gabi Daraspe GKSko kideak eskuin muturrari aurre egiteko eskatu du: «Salaketa sinbolikoaz haratago hasi behar gara antolatzen, errealki faxismoaren kontra egiteko». Nabarmendu du «antolakuntza komunista» dela «faxismoari egiazki aurre egiteko modua». Azkenik, LABeko Eñaut Aramendik adierazi du Zemmourrek zabaltzen dituen ideiak «atzerakoiak» direla, eta erakutsi behar zaiola Euskal Herrian «ez dela ongi etorria».

Alderdirik gabe

Ultraeskuindarra, arrazista, erreakzionarioa eta homofoboa da Zemmour, eta Frantziaren burujabetza defendatzen du Europako Batasunaren aurrean. Haren diskurtsoa «Frantziaren gainbeheraren» ingurukoa da. Ez du ez alderdirik, ezta mugimendurik ere, baina haren aldeko sostengu taldeak sortu dira han-hemen. Ipsos etxeak joan zen astean plazaraturiko galdeketaren emaitzen arabera, botoen %16 eramango lituzke, eta Marine Le Penekin berdinduko luke, edo hura gainditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.