«Legeak gaztelaniazko errotulazioa agintzen du eremu mistoan». Horixe erran zuen Nafarroako Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Morrasek atzo, Nafarroako Parlamentuan, Bilduk eta Aralar-NaBaik eskatutako agerraldian. Bi taldeok, zehazki, Foruzaingoaren autoetako eta egoitzetako errotulazioari buruzko azalpenak eskatu zizkioten kontseilariari, eta biei modu berean erantzun zien: «Legeak dioena betetzen dugu».
Bilduko eta Aralar-NaBaiko ordezkari Victor Rubiok eta Nekane Perezek ez zituzten azalpen horiek ontzat eman. Perezek «auziaren gakoa» jarri zuen mahai gainean: «Legeak dio eremu mistoan errotulazioak gaztelaniaz behar duela, baina horrek ez du erran nahi euskaraz ere egitea debekatzen duenik». Ildo horretan, Nafarroako Gobernua «legearen mugan» mugitzen dela egotzi zion Rubiok Morrasi: «Ondorioz, herritarren zati baten hizkuntza eskubideak zapaltzen ditu; ikusezin bilakatu nahi ditu», salatu zuen.
Bilduk, zehazki, Foruzaingoak erabiltzen dituen autoen errotulazioaren inguruan galdetu zion Barne kontseilariari. Izan ere, irailean, ele bitan ziren hainbat autoren errotuluak gaztelania hutsean jarri zituzten. Hori egiteko irizpidea zein izan zen jakin nahi izan zuen Rubiok atzo. «Irizpidea geografikoa izan da», erantzun zion Javier Morrasek.
Zazpi auto berri jaso zituen Foruzaingoak irailean; haietako bi Tuterara bidali zituzten, gaztelania hutsean; eta bertze bost, Iruñera. Haietako bi ele bitan jarri zituzten. «Iruñeko bertze hirurak, hasieran, ele bitan ziren, enpresak hala jarri zituelako, deus galdetu gabe; legeak agintzen duena betetzeko, hiru gaztelania hutsean utzi genituen, eta bertze bi ele bitan, kontuan hartuta eremu euskalduneko bertze hainbat auto ordezkatzeko erabiltzen ahal direla», azaldu zuen Morrasek.
Nekane Perezek, berriz, eremu mistoko foruzainen egoitzetako kartelen inguruan azalpenak eskatu zizkion kontseilariari. Hasieran errandakoa berretsi zuen Morrasek. «Legeak dioena» betetzen duela Nafarroako Gobernuak. «Gainera, auzi horren inguruan ez da aldaketarik gertatu azkenaldian, harritu egiten nau berriz galdetzeak».
UPNko Javier Caballerok kontseilariarekin bat egin zuen. Gehiago erran zuen: «Ez dut uste herritarrak eremu mistoko errotulazioarekin kezkatuta daudenik». Caballeroren hitzekin eta jarrerarekin haserrea agertu zuen Nekane Perezek. «Hizkuntza eskubideen inguruko kezka auzi barregarri bilakatu nahi duzue; lotsa eta tristura eragiten dit horrek», erran zion Caballerori. UPNko parlamentariak barkamena eskatu zion, baina nabarmendu zuen «UPNri esker» egin duela euskarak aurrera azken urteotan.
Perezek gogorarazi zion Javier Morras kontseilariari Nafarroako Gobernuak «euskara sustatu eta bultzatu» beharko lukeela, eta hori agintzen duela, bertzeak bertze, Hizkuntza Gutxituen Europako Itunak. «Europatik hainbat aldiz erran zaio Espainiako Gobernuari ez dela gauzak ongi egiten ari», erantsi zuen.
Elebitasunaren alde
PSNko Pedro Rasconek eta Ezkerrako Jose Miguel Nuinek ere eremu mistoan errotulazioa ele bitan egitea defendatu zuten. Legeak horretarako aukera ematen duela nabarmendu zuten. «Gobernuak elebitasunaren alde egin beharko luke beti, errotulazioaren arloan», erran zuen Nuinek. Rasconek, berriz, «kasu bakoitza aztertzeko beharra» aipatu zuen, «erabakiak hartzen direnean inor ez iraintzeko», PSNko parlamentariaren hitzetan.
Eremu mistoan gaztelaniaren alde egin du Javier Morrasek
Nafarroako Barne kontseilariak dio Euskararen Legeak hori agintzen duela, eta ez dutela aldatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu