EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean egindako idatzizko galdera bati erantzunez egin du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak jakinarazpena: D ereduko ikasleek PISAko probak gaztelaniaz egiteko aukera emango du.
Galdera Ikoitz Arrese legebiltzarkideak egin zuen otsailean, aurten berriro PISA ebaluaziorako probak egingo direla eta. Horra zer argitu nahi izan duten: «Ebaluazio horretan parte hartuko duten ikastetxeen zerrenda, ikastetxe bakoitzaren hizkuntza eredua zehaztuta».
Nazioarte mailako azterketa ezagunenetarikoa da PISA, eta emaitzei arretaz erreparatu ohi zaie. Azken urteotan kezka iturri izan dira, bereziki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak: beherakada igarri da emaitzetan. Sailburuak EH Bilduri eman dion erantzunean gogora ekarri du «ausaz» aukeratzen dituela antolakuntzak ebaluazio horretarako ikastetxeak, eta ondoren onartu du aukera irekiko dutela aurten D ereduko ikasleek ere probak gaztelaniaz egiteko. A eta B ereduetako ikasleek ere halaxe egiten dituzte.
Sailburuaren arabera, aurren-aurrena, beren familia hizkuntzari buruzko galdera batzuk erantzun beharko dituzte ikasleek. Behin hori eginda, «berariazko» tresna aplikatibo batek esleituko du probak egiteko hizkuntza. Hala ere, eskoletako arduradunek izango dute azken hitza. «Ikastetxeko arduradunek esleipen horri eutsi ahal izango diote edo aldatzeko aukera izango dute», zehaztu du sailburuak. Ikasle bakoitzaren «profilari buruz duten ezagutzaren» arabera hartuko dute erabakia, eta helburua, betiere, hau izango da: ikasleek probak egitea «beren gaitasunak ondoen frogatu» ahal izateko hizkuntzan.
Emaitzak
2023ko abenduan argitaratu ziren PISAren azken emaitzak, 2022an egindako probetakoak. Nafarroako emaitzak, oro har, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleenak baino hobeak izan ziren. Hiru herrialde horietan beherakada nabaritu zen alor guztietan. Matematikan 482 puntu erdietsi zituzten; aurreko txostenarekin alderatuta, atzera egin zuten nabarmen gaitasun horretan: hain justu ere, 499 puntu lortu zituzten 2018an. Zientzian 480 puntu lortu zituzten; gaitasun horretan ere, behera: aurreko aldian zazpi puntu gehiago izan zituzten. Irakurketari dagokionez, berriro ere emaitza hobeak erdietsi zituzten Nafarroako ikasleek. Hain zuzen ere, 478 puntu lortu zituzten nafarrek, eta 466 puntu, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orduan COVID-19aren pandemiarekin lotu zuen datuen kaskartzea: «Pandemiaren osteko beherakada orokorra da». Kezka azaldu zuten eragile askok, ordea, eta hezkuntza sistemaren barruan dauden arazoez ohartarazi zuten. Ikasleen euskara mailaren gaineko kezka ere orokorra da, eta hain justu ere, Hezkuntza Legea onartzeko prozesuan mahai gainean egon zen gaietako bat izan zen zer egin daitekeen euskarazko irakaskuntza bermatzeko neurriak hobetzeko.
EH Bildu izan zen datuen inguruan kezka azaldu zuten eragileetako bat. Ikoitz Arresek sare sozialetan egin zuen orduan kritika: «Datu txarrak, berriz ere. Eta ez dago inongo autokritikarik. Ez goaz ondo».