Gezurra badirudi ere, hilabete gutxi batzuk baino ez dira igaro Zaldibarren (Bizkaia) Verter Recycling enpresaren zabortegia amildu zenetik aurtengo otsailaren 6an gertatu zen. Ezbeharrak bi langile lurperatu zituen, eta ingurumen hondamendi itzela eragin zuen.
Ahoztar Zelaietak (Bilbo, 1972) eskarmentu handia du ikerketa kazetaritzaren arloan, zenbait liburu plazaratu ditu ustelkeriaren, droga trafikoaren eta antzeko gaien inguruan, eta bere azken lanak Zaldibarko auzia du hizpide: Zaldibar zona cero du izenburua (Zaldibar, zero eremu), eta Txalapartak argitaratu du. Gaur bertan Markinan (Bizkaia) aurkeztuko du, 20:00etan, Uhagon kulturgunean.
Desberdintasunik egon da liburu honen eta gainerakoen artean, idazketa prozesuari dagokionez?
Alde batetik, ez da izan, beste batzuetan bezala, neuk bilatutako gai orokor bat, ordurako jorratuta zegoena; orain abiapuntua albiste bat izan da, eta ikerketa atoan egin behar izan dut. Beste desberdintasun bat izan da informazioa aurkitu ahala beste kazetari batzuekin partekatu dudala,eta nik baino hedadura handiagoa duten komunikabide batzuek neuk emandako informazioa publikatu dutela. Pozgarria izan da lankidetza moduko bat egon izana.
Liburuan diozunez, 1993an hasi zen Zaldibarren zabortegi bat eraikitzeko tramitazioa, baina egitasmo horrek ez zuen lortu ingurumen baimena 2011ra arte.
1993an Verter Recycling existitzen ez zen arren, gerora enpresa horren akziodun izango zen pertsona batek lursail batzuk erosi zituen zabortegia eraikitzeko, baina Zaldibarko Udalak atzera bota zuen egitasmoa. Saioak jarraipena izan zuen, baina tarte horretan HBren udal mozio bat onartu zen, mirariz esango nuke,Zaldibarren zabortegirik jartzea galarazteko.
2000ko hamarkadaren bukaerarako, EAJren alkateak eta udal arkitektoak arauak aldatu zituzten, eta aukera zabaldu zuten zabortegi bat jartzeko egitasmoa aurkezteko. Horrek bultzada handia eman zion proiektuari. Udalak baimena eman zuen EH Bilduk alkatetza lortu baino 11 egun lehenago.
Verter Recycling enpresak bazuen konexiorik botere politikoarekin?
Enpresaren agiriak arakatzen hasi nintzenean, lehenengo ezustekoa izan zen ikusi nuenean han agertzen zela Iñaki Arriola Eibarko alkate izan zeneko idazkaria [Javier Sanchez]. Herri honetan nahikoa ohikoa izaten da zuhaitzak adar bat izatea enpresa pribatuan eta beste bat administrazio publikoan. Tiraka hasi nintzen eta beste harreman batzuk ere agertu ziren: esaterako, Ernesto Martinez de Cabredo Uraren Agentziako zuzendaria, hots, larrialdian parte hartzen zuen enpresa publiko baten burua zabortegiaren jabeen enpresa bateko presidentea zela.
Zure ustez, zergatik amildu zen zabortegia? Azken urteetan detektatutako irregulartasunek zerikusiren bat izan zuten?
Ertzaintzaren txostenean agertzen da Joaquin Beltranek abisua eman ziola enpresari arazo larri batzuk zeudelako zabortegian. Enpresa pribatu bi kontratatu zituzten zabortegiaren egonkortasunari buruzko txostena egiteko: hondamendia gertatu baino 48 ordu arinago txosten hori eman zioten Verter Recyclingi, eta han agertzen da zabortegiak hondamendi arrisku larria zuela. Enpresak ez zien informazio hori zabaldu langileei, eta, gainera, erabaki zuen bere ohiko jarduerarekin jarraitzea.
Administrazioak ba al du erantzukizunik afera honetan?
Bai, eta ez soilki politikoa. Justiziak badu bidea ikertzeko administrazioak ondo bete ote zuen jagoteko duen eginkizuna, eta hor baditu zenbait zantzu: azken azterketan gabezia larri batzuk agertu ziren, eta Jaurlaritzak ez zuen erabaki zigortzea hondamendia gertatu arte.
Beste informazio bat ere ezkutatu ziguten, nik lortu eta hedabide batean filtratu nuena: Zaldibarko zabortegiak hondakin arriskutsuen trafiko ilegal batean parte hartu zuela, eta zigortu egin zutela horregatik. Administrazioak bazuen informazio ugari enpresari buruz; kamioilariek, auzokideek eta sektoreko beste enpresariek bazekiten hor zer gertatzen ari zen, eta administrazioak ez bazekien, hor arazo bat dago.
Liburuan diozu sakoneko arazoa dela administrazio publikoaren eskuetan egon beharko lukeen jarduera enpresa pribatuek hartu dutela. Hala uste duzu?
Eredu hori sortu dute, zahar etxeetan bezala. 90eko hamarkadan, zahar etxe gehienak publikoak ziren. Apurka-apurka pribatizatu dira; publiko batzuk esku pribatuetara pasatu dira, eta orain arazoak azaleratu dira. Espainian eztabaida hori asko zabaldu da, baina hemen ez, eta hemen arazoa larriagoa da, enpresa pribatu horietako asko politikan ibilitako jendeak sortu dituelako. Hondakinen arloan ere, hori da eztabaida: ea ondo egin den kudeaketa hori enpresa pribatuen esku utzita.
Liburutik hartutako esaldia da: «Jaurlaritzak bazuen Zaldibarko ingurumen krisia konpontzea Iñaki Arriola pagaburu gisa aurkeztuta. Zergatik ez zuen egiten?»
Nik nire erantzunak baditut. Arriolak PSE-EEn duen giharra oso inportantea da: ikusi besterik ez dago nora heldu den alderdian, zenbat urte eman dituen Eibarko alkate, Eneko Andueza bere idazkari izandakoa orain legebiltzarreko bozeramailea dela eta abar. Indar handia du alderdian.
Euskal Herriko klientelismo sare honetan asko hitz egin da EAJri buruz, baina PSEk ere bere partea dauka, eta zenbait enpresarekin harreman estuak izan ditu. Nik aspaldi esan dut: EAJ afera hauetan ez da alderdi berekoia. Alderantziz, oso eskuzabala da; atsegin du beste batzuekin gauzak konpartitzea, badakielako horrekin batera bezero sareak ere partekatzen dituela, enpresekin harreman onak izatea eta abar.
Zein da afera honetatik atera daitekeen irakaspen edo ondorio nagusia?
Eredu baten inguruko eztabaida egin behar dela. Eztabaida politiko eta mediatiko handia egon da etxeko hondakinez, horiek hondakin guztien %10-15 baino ez diren arren. Orain hasi gara hondakin industrialez hitz egiten, baina hor lobbyak, interesak eta presioak askoz indartsuagoak dira.
Zoritxarrez, beharrezkoa izan da hondakindegi bat amiltzea, bi langile hiltzea eta gurean azpiegitura sakratua den autobide bat kalteturik suertatzea eztabaida hori gailendu dadin. Handik aste gutxira, beste hondakindegi batean ere hil zen langile bat, baina Senegalgo mutil bat zen, eta horretaz gutxiago hitz egin da. Zaldibarkoaren inguruan zeresana piztu da, eta aukera baliatu behar da eztabaidatzeko.
Ahoztar Zelaieta. Idazlea eta kazetaria
«Ereduaz eztabaidatu behar dela erakusten du Zaldibarko auziak»
Zaldibarko zabortegiko hondamendia ikertu du Zelaietak bere azken liburuan; dioenez, gertatutakoak azaleratu egin ditu hondakin industrialen arazoa eta botere politikoaren eta arlo pribatuaren arteko harremanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu