D eredua trabatuta ibili da azkenaldian, aurrera egin ezinda. Baina Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, lortu du langa bat gainditzea: 3 urteko umeen %30,7 euskarazko ereduan aurrematrikulatu dituzte.
«%30 gainditzea helburu bat eta amets bat zen guretzat, eta berri oso-oso pozgarria da ikustea denon artean lortu dugula». Pozik mintzo da Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Halatsu Sortzen-eko koordinatzaile Eneko Elizari ere: «Oso positibotzat dugu %30era ailegatzea».
Atzera egin du Reparazek, 2011-2012ko ikasturtera; orduan abiatu zuen Nafarroako Gobernuak PAI ingelesa ikasteko programa: «PAI helburu jakin batekin sortu zen Nafarroan, eta egia da bete-betean asmatu zutela: eragina izan zuen D ereduaren jaitsieran». Baina, azkenaldian, gurasoek euskararen alde egin dute, Elizariren esanetan: «D eredua %29,5ean zegoen 2021-2022ko ikasturtean; 2022-2023koan, jaitsi egin zen pixka bat; 2023-2024koan, eutsi egin zion, %28,7an; eta aurten %30,7ra igo da».
Aurrerabidea ez da kasualitatea izan. Urteetako lana dago atzean. D eredu publikoko ikastetxeena eta ikastolena. Baina Reparazek eta Elizarik uste dute ez dela arrazoi jakin bat egon aurten %30en langa gainditzeko. Hala dio Elizarik: «Ez dakigu kasu honetan zergatik izan den; faktore asko sartzen dira tartean». Adibidez, ikusten du bere garaian euskara etxean jaso ez zuten zenbait guraso orain D ereduan ari direla seme-alabak matrikulatzen. Ikastoletara jotzeko arrazoi bat baino gehiago nabari ditu Reparazek ere. Esaterako: «Uste dut familiek gero eta gehiago baloratzen dutela ikastolok gobernuekiko daukagun autonomia». Jardunaldi zatitua izateak —eskolak goizez eta arratsaldez emateak— ere eragiten duelakoan dago: «Jardunaldi zatitua izateak laguntzen du ikasleek euskararekin kontaktu handiagoa izan dezaten».
Eta aurrera begira, zer? Reparazen irudiko, goranzko joerari eustea izango da gakoa: «Nahi dugu aurtengo datuak ez izatea urtebeteko datuak bakarrik, baizik eta honek joera bat markatzea». Eremuak irabaztea izango da erronka, Elizarirentzat. Haur eskolak Iruñean: «Gero eta jende gehiagok daki euskaraz, baina orain dela 30 urteko egoera berberean gaude haur eskolei dagokienez. Txantreako Izartegi haur eskola dugu euskaraz, eta kito». Eta eskolaz kanpokoa: «Batzuek pentsatzen dute euskara eskola barneko kontua dela».