«Zaintza sisteman ez da sakoneko aldaketarik egin, nahiz eta gizartean sakoneko aldaketak gertatu diren. Sistemak lehen bezala jarraitzen du, ezer aldatu izan ez balitz bezala». Bizitzak Erdigunean plataformako kide da Marina Sagastizabal. Argi du: zaintza behar duten pertsonei arta emateko ehundu den babes sistemak gabezia agerikoak ditu. «Egungo zaintza eredua krisian dago, kolapsatzeko zorian».
Mugimendu feministak zaintza ereduaz aspaldi zuen kezka hauspotu zuen COVID-19aren izurriak, orain hiru urte. Hondoratzen ari zen sistema baten josturak agerian utzi zituen pandemiak: zaintza lanak emakumeen bizkar daude, maiz esplotazio eta prekaritate egoeran egiten dira, eta negozio bilakatu dira. Testuinguru horretan sortu zuten Bizitzak Erdigunean plataforma Euskal Herriko talde feministetako eta hainbat gizarte eragiletako emakumeek. Asteazkenean, Martxoaren 8ko mobilizazioetan, zaintzaren alorrean jarriko dute azpimarra, Denon bizitzak erdigunean leloa daraman dinamika baten barruan. Mugarri bat ezartzeko asmoa dute: zaintza sistema eraldatu nahi dute, «guztia aldatzeko».
Ikusi gehiago:«Etxeko langile egoiliarrena, zaintza sistema gisa, desagerrarazi behar da»
Badira urte mordoxka bat Euskal Herriko mugimendu feministak zaintzaren gaia erdigunean jarri zuela. 2018ko eta 2019ko greba feministak mugarriak izan ziren bide horretan, eztabaida agendan jartzea lortu baitzuten: «Aspalditik ari ginen esaten eredua bera zegoela krisian, gabezia handiak zituela», azaldu du Sagastizabalek. Erpin ugari dituen eremu bat da zaintza, esparru asko zeharkatzen dituena, eta, alde horretatik, ñabartu du «egiturazko» arazo bat dela, krisi «sistemiko» bat, eta ez desoreka koiuntural batzuen emaitza. Arazoaren erroa, hona: «Emakumeok eusten diogu bizitzari, eta parekotasunik gabeko modu batean egiten dugu, esplotazio eta prekarizazio baldintzetan», laburtu du.
Pandemiak zaintza krisia azaleratu zuen, baina egoera sustraitik aldatzeko neurririk ia ez dute hartu instituzioek. «Zaintza bidegabea, desorekatua eta mugatua da, eta botereak uko egiten dio erantzukizunari sistematikoki». Kritikoa da Sagastizabal erakunde publikoek egoerari eman dioten erantzunarekin, zaintzak «familiarizatzeko» joeran sakondu dutelako: «Betiko errezetak dira: etxean zaindu behar da, eta familiak zaindu behar du. Eta familiaren barruan nork zaintzen du? Emakumeak».
Zaintza sistemaren gabeziez diagnostiko bat egin zuen Bizitzak Erdiguneak plataformak duela urtebete, eta han identifikatu zituen «urgentziaz» askatu beharreko korapiloak. Hiru dira. Bat: zaintzen pribatizazioa amaitzea. Bi: zaintza lanak duintzea eta profesionalizatzea. Hiru: indarrean den zaintza eredua bestelako balioen gainean eraikitzea eta «emantzipaziorantz» jauzi egitea. Egoera hori ikusirik, zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin zuten. «Guztiok gara elkarren menpeko, eta horrek esan nahi du guztiok hartu behar dugula ardura eremu horretan», esplikatu du Sagastizabalek.
Hain zuzen, kolektiboaren ideia horretatik abiatuta, ez zaintzeko eskubidea ez dela aukera bat defendatu du: «Ez zaintzea pribilegio bat da, soilik pribilegio posizio batetik har baitaiteke erabaki hori. Zuk ez baduzu egiten, orduan nork egingo du?». Zaintza lanak kolektibizatzeko, familia eredua birpentsatzea defendatu du Sagastizabalek, hain justu, zaintzari lotutako eskubideak «familia konbentzionaletik» harago zabalduta.
Zaintza, gaur egun, «balio eta aitortzarik gabeko lana» dela azaldu du Katia Reimbergek. Bizitzak Erdigunean plataformako kide da Reimberg ere, eta Bidez Bide elkartean aritzen da lanean, etxeko langile migratuen eskubideen defentsan. Zaintza lanen argazkia ateratzerakoan, arazoaren errora jo du, irmoki: «Zaintza sistemaren euskarriak bi dira: emakumeak eta migranteak. Bi zutabe horiek gabe, sistema guztia pikutara doa». Eredua «agortua» dagoela uste du Reimbergek: «Ez da bideragarria».
Diskriminazio hirukoitza
Etxeko langileen kasuari erreparatu dio, ezer baino lehen. Azaldu du etxeko langileena «aterki zabala» dela, baina bereziki zaintza lanetan jarduten dutela andrazkoek. Eta etxeko langile ari diren emakume migranteen kasuan, «diskriminazioa» hirukoitza dela: kanpokoak izateagatik, andre izateagatik eta etxeko langile izateagatik. Etxeko lanetan, gainera, modu «informal» batean aritzen direla zehaztu du. Etxe barruan egiten dute lan, enpresarik ez dago, sindikaturik ere ez, ez dute buruzagi argirik... «Ikusezinenak dira».
Etxeko langileen eskubideak «egoera zaurgarrian» daudela erantsi du Reimbergek, lan eskubideak eta giza eskubideak urratzen zaizkielako. Orobat, arrazializatutako sektore bat da, eta atzerritarrentzako legeek zeharkatu egiten dute haien bizitza. «Horrela dauden emakumeek oso aukera gutxi dituzte euren lan baldintzak hobetzeko». Hego Euskal Herrian, Espainiako Atzerritarren Legeak migranteen eskubideak «urratzen» ditu, batez ere administrazio egoera irregularrean dauden andreenak. Reimbergek ezinbesteko deritzo araua berrikusteari, bi helburu betetzeko: ezohiko erregularizazio prozesu bat abian jartzeko, eta erregularizatzeko baldintzak malgutzeko.
Ideia horretan sakondu du Sagastizabalek ere, egungo zaintza sistemaren krisiaz mintzatu denean. Etxeko langileen egoerari erreparatu dio berak ere: «Zaintzaren kate globalaren barruan emakume horiek egiten dituzten lanak dira inork egin nahi ez dituenak, baliorik ez dutenak, ez daudelako ongi ordainduta, prekaritate egoera batean daudelako». Errealitate horri ematen ari zaizkion erantzunak azalekoak direla uste du, eta ohartarazi du paradigma aldatu ezean ez dela konponduko: «Bere garaian, inork egin nahi ez zituen lanak egitera herrietatik hirietara neskameak etortzen ziren bezala, orain Atlantikoaren bestaldetik emakume migratuak datoz lan horiek egitera».
Ikusi gehiago:Zaintza: uharteditik ekosistemara
Eta horri loturik egin du beste gogoeta bat: «Guk, feministok, plano indibidual batean ere jarrera bat hartu beharko dugu halako egoeretan». Eta azaltzen jarraitu du: «Demagun gurasoak gaixotu egiten zaizkidala, eta zainduak izan behar dutela. Nik erabaki bat hartu behar dut: neure burua immolatzen dut, eta zaintzak nire gain hartzen ditut, baina nire bizitzaren parte handi bati uko eginez, edo pertsona bati ordaintzen diot lan hori egin dezan, baina inolako bermerik gabe». Ataka hori aintzat hartuta, berretsi du zaintza sistema kolapsatzear dagoela, «kolektiboki», baina baita «indibidualki» ere.
Etxeko enplegua «baldintza justu eta duinetan» egin ahal izateko, hain justu, profesionalizatu behar direla uste du Sagastizabalek, eta hori egiteko neurri sorta bat adostua dute feministek. Proposamenen artean, hauek dute kontsentsu zabalena: etxeko enplegua eta zaintza Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean kokatzea, lan eskubideak betetzen direla ikuskatzea eta sektorean hitzarmen espezifiko bat ezartzea. Premiazkotzat daukate, halaber, mekanismoak martxan jartzea egoera irregularrean dauden etxeko langileak erregularizatzeko.
Etxeko langileen trebakuntzari ere jarri diote arreta. Reimbergen iritziz, trebatzea funtsezkoa da, batetik, emakume eta zaintzaile binomioa «desmitifikatzeko» balio duelako, eta, bestetik, zaintza lanen aitortza soziala lortzeko bidea ematen duelako. Etxeko langileek egiten dituzten beharren %70 inguru zaintza lanak dira, eta jarduera horrekin lotutako gaitzak eta lan arriskuak prebenitzeko ezinbestekoa da prestakuntza egokia jasotzea, Reimbergen iritziz: «Adibidez, zaindua den pertsona oheratzeko teknikak ikastea funtsezkoa da zaintzaileak minik har ez dezan».
Zaintza lanak gizartean aitortuak izateko bideari atea irekitzen dio trebakuntzak: «Aintzat hartzen du zaintzaren garrantzia, eta bada modu bat esateko: pertsona denek ez dute balio lan horiek egiteko».
Publikoa eta komunitarioa
Baina nolako zaintza eredua nahi du mugimendu feministak? Sustraietatik egindako eredu aldaketa bat proposatu du Sagastizabalek, «epe luzeko» begirada batekin betiere: «Zaintza lanek izaera duala dute, eta osotasunean eta begirada sistemiko batetik so egin behar zaie». Esplikatu duenez, txanponaren alde bat «pobreziak» osatzen du, baina ifrentzuak bestelako eredu baterako «aukera bat» irekitzen du. «Zaintza lanak beste era batera antolatzeak eraldaketa handia ekartzen du».
Jauzi handia ematea proposatu du, sistema goitik behera «iraultzea», ongizate estatuaren «logikatik harago» joateko: «Kapitalaren metaketan oinarrituko ez den sistema batean pentsatzen dugu». Gutxienez, hiru dimentsiotan aldatu nahi dute sistema: zahartzaroan, haurtzaroan eta zaintza lanen profesionalizazioan.
Eta hori nola gauzatu? Bi oinarritan ardaztutako sistema batean sinesten dute feministek: publikoa eta komunitarioa. Publikoari dagokionez, zaintzarako eskubidea bermatu behar duela uste du, «justizia soziala» delako. Eredu publikoari loturik egon behar dute, halaber, beste bi ezaugarrik: «unibertsala» eta «bidezkoa». Egungo sistema publikoak ez du balio, «pribatizazioa» sustatzen duelako, eta hori aldatzea proposatu du Bizitzak Erdigunean plataformak. Sagastizabal: «Arlo publikoak finantzaketa eta kalitatea bermatu behar ditu, eta merkantilizatu gabeko publikoa izan behar du».
Baina publikoa ez ezik, komunitarioa ere beharko luke zaintza sistemak, feministen ustez. Komunitateaz hitz egitean, zaintza eskubide eta erantzukizun kolektibo gisa ulertzen dutela esplikatu du Sagastizabalek, eta, horretarako, gaur egun indarrean den ereduez harago jotzea proposatu du. Publikoaren eta komunitarioaren arteko «hibridazioa» nahiko lukete, komunitateak zerbitzu publikoetan parte hartzeko modua izan dezan. «Hotza eta burokratikoa da askotan sistema publikoa zaintza behar duten pertsonentzat, ez zaie hitza ematen, eta modu biktimistan edo pasiboan tratatzen dituzte. Hori aldatu nahi dugu, eraldatu».
Sistema horretan, gizonen inplikazioa funtsezkoa dela erantsi du Katia Reimbergek: «Historikoki izan dituzten pribilegioak baztertu beharko lituzkete, eta guztion onerako lan egin».
«Amestutako» bide orri hori gauzatzen hasteko «mugarri» izan nahi du aurten Martxoaren 8ak, Marina Sagastizabalen esanetan. «Motorrak berotzen hasiko gara bidea jorratzen hasteko».
Martxoak 8. Zaintza eredua
EREDUA ERALDATU, «KOLAPSOA» EKIDITEKO
Zaintza behar duten pertsonei arta emateko ehundu den babes sistema «krisian» dagoela ohartarazi dute feministek. Ereduak goitik behera aldatzea proposatu dute, zaintza publiko-komunitarioa helburu hartuta. Hori izango da aurtengo Martxoaren 8ko mobilizazioen lelo nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu