Eredua aldatu, dena aldatzeko

Bizitza Jokoan jardunaldietan adituek esan dutenez, ingurumen krisia «krisi soziala» ere bada

Ezkerretik, Unai Pascual eta Maria Teresa Vicente, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Harreman estua dago natura ustiatzen duen eredu ekonomikoaren eta munduan zehar dauden gatazka ugariren artean. Hala ondorioztatu dute Mugarik Gabe elkarteak eta beste elkarte eta erakunde batzuek. Hiru egunez aztertu dituzte klima larrialdiaren eta giza eskubideen arteko harremana, eta azaldu dute krisi ekologikoa «krisi soziala» ere badela. Atzo amaitu ziren. Bilbon. Bizitza Jokoan izeneko nazioarteko jardunaldiak.

Egoeraren azterketa egiteaz gain, horri aterabideak proposatu nahi izan dizkiote jardunaldiotan, eta horretan aritu ziren atzo Unai Pascual ikerlari eta ekonomia ekologikoan aditua eta Maria Teresa Vicente legelari eta unibertsitate irakaslea. Biek ala biek nabarmendu zuten azaleko aldaketak ez direla nahikoak egoera lehengoratzeko, eta beharrezkoa dela «paradigma aldaketa bati» ekitea.

Pascualen ustez, gaur egungoa «krisi sozioekologikoa» da: «Ez da ingurumen krisi soila; sustrai sakonak dituen krisi soziala ere badago, eta badu zerikusia gero eta ugariagoak diren gatazkekin». Klima larrialdia egoera horren alderik ikusgarriena da, baina ez da bakarra, ezta garrantzitsuena ere, Pascualen arabera: «Klimarena arazo larria da, baina nik horren gainetik jarriko nuke bioaniztasunaren galerarena. Naturaren aniztasunik gabe, bizia ezinezkoa da, eta edozein paradigma sozial edo politiko porrotera kondenaturik dago».

Oso hedaturik dagoen iritzi baten arabera, natura, gizartea eta ekonomia esparru desberdinak dira, eta haien arteko harremana «orekatua» izatea litzateke lortu beharreko xedea. Pascual ez dator bat ikuspegi horrekin: «Natura gainerakoaren oinarria da. Hark ezartzen ditu mugak». Horregatik, «paradigma aldaketa» proposatzen du: «Ez dago gobernantza eredurik egoera hau kudea dezakeenik paradigma aldatu gabe; hori egin ezean, porrotera goaz».

Pascualek azaldutakoaren arabera, garapen eredua ez ezik, mugarik gabeko hazkundeari lehentasuna ematen dion «esparru kognitibo osoa» da aldatu beharrekoa. Baina esparru kognitiboa ez da berez sortzen den zerbait: kulturak, hezkuntzak eta tradizioak ezartzen dute, eta, hortaz, aldagarria da: «Gure burua deskolonizatu behar dugu; munduaren ikuskera aldatu behar dugu».

Etika eta zuzenbidea

Maria Teresa Vicenteren iritziz, zuzenbidea ere tresna egokia izan daiteke egoerari irtenbide bat emateko. Baina horretarako «beste etika mota batetik sortutako zuzenbidea» ezarri behar da: «Askotan esan digute gure planteamenduek ez daukatela lekurik ordenamendu juridikoan. Bada, orduan, ordenamendu juridiko hori aldatu beharko da. Beste eredu bat behar da».

Orain arte, natura «etekinak ateratzeko ustiatu behar zen baliabidetzat» jo izan da. Hori aldatzea proposatzen du Vicentek: naturari «nortasun juridikoa» ematea, eta eskubide batzuk aitortzea.

Badago pentsatzen duenik eskubideak gizakiei baino ezin zaizkiela aitortu. Vicentek uste du baieztapen horri ñabardura asko egin behar zaizkiola: «Herritarroi eskubide gehiago aitortzen dizkigute kontsumitzaile gisa, gizaki gisa baino; bestela, ez litzateke errefuxiatu eremurik egongo». Gainera, XIX. mendetik enpresek ere nortasun juridikoa dute, eta zenbait eskubide aitortzen zaizkie: «Naturari ere eskubide batzuk aitortuta, ustiatua izaten den alderik ahulena babestu nahi dugu».

Vicente lanean dago herri ekinaldi legegilearen aldeko batzordean, Mar Menor aintzira (Murtzia, Espainia) babesteko. Proposamena onartuko balitz, «eskubideak dituen Europako lehen ekosistema»izango litzateke: «Horrekin bide bat utzi nahi diegu gure ondorengoei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.