Orai NLP Teknologia, Elhuyarren adimen artifizialeko zentroa, buru-belarri ari da hizkuntzaren arloan tresna berriak garatzen, eta eredu neuronal berri bat garatu dute adimen artifizialerako: Llama-eus-8B. Euskara idatzia ulertzea eta sortzea eskatzen duten adimen artifizialeko sistemetarako eredu neuronal librerik «berriena» dela esan dute. «Hainbat tresna garatzeko erabiliko da: txatbotak, itzultzaile automatikoak, zuzentzaile gramatikalak, bilatzaileak, edukiak sortzeko sistemak...», aurreratu dute.
Gogora ekarri dute «abiadura bizian» ari direla aurrera teknologia horiek, eta aparteko «oztopoak» dituztela «hizkuntza handien» ondoan gainerakoek, «testu edo datu bilduma» gutxiago dituztelako eredu horiek elikatzeko. Hor dago, hain justu, arazoetako bat. «Horrenbestez, bestelako estrategia batzuk erabili behar dira hizkuntza handietan erabiltzen diren adimen artifizialeko tresnak euskarara ekartzeko, eta estrategia horien bilaketan aurrepauso handiak lortzen ari da euskal ikertzaile komunitatea».
Eredu berria modu librean eskuratzeko moduan jarri dute.