Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. David Rodriguez. Elkarrekin Podemosen Arabako ahaldungaia

«Eredu izan behar dugu lurralde orekan eta kohesio sozialean»

Ardatz «soziala, ekologista eta feminista» dituen programa batekin aurkeztu da Rodriguez Arabako ahaldungai nagusirako. Salatu du foru gobernuak «klientelismo sareez» betetako lurraldea sortu duela.

RAUL BOGAJO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun

Elkarrekin Podemosek Ezker Batua, Alianza Verde eta Equo Berdeak taldeekin egindako aliantzarekin pozik da David Rodriguez (Sevilla, Espainia, 1970): «Herri honetako ezker alternatiboa eta plurala islatzen du». Sumar alderdiaren alde agertu da Arabako ahaldungaia. Gaztelaniaz egin du elkarrizketa.

Lehen aldia da Arabako ahaldungai nagusi zarela. Pozik?

Gustuko ditut erronkak, eta are gehiago atzean bokazio idealista bat dagoenean. Erronka ezezaguna da, baina ilusio handia dut.

Ezker Batua, Alianza Verde eta Equorekin koalizioan aurkeztuko zarete. Batuketa ona da?

Herri honetako ezker alternatiboa eta plurala islatzen du. Bokazio sozial eta ekologista argiak ditugu, eta batzeko helburu argia ere bai, elkarrizketari irekiak gaudelako. Batuketa honek erakusten du Euskadin ezkerrak etxeko lanak egin dituela.

Zeintzuk dira zuen programaren ardatzak?

Ardatz soziala, ekologista eta feminista. Gure bide orria da hori.

Zer aurreikuspen dituzu hauteskundeei begira?

Inkestek, oro har, gorakada bat ematen digute, nahiz eta prentsak kontrakoa adierazi. Uste dut jendeak ezkerreko batasun hori aintzat hartuko duela. Hala ere, ez zait gustatzen inkestei kasu egitea. Duela lau urteko inkestek datu positiboak eman zizkiguten, baina gero hondoratu egin ginen. Beraz, inkestak gorabehera, lan egiten jarraitu behar dugu.

Zer iritzi duzu Yolanda Diazen Sumar alderdiaz?

Sumar sortzea zoragarria da, eta Yolanda Diazengan konfiantza osoa dugu. Planteamendu egokia eta arduratsua da garai honetan, eta ongi amaituko dela uste dut, ezin baita bestela izan. Ezkerra batzea da gizarteak aurrera egiteko bide bakarra. Politika aurrerakoiek batuta egon behar dute gizarteak hobera egin dezan, historiak hala erakutsi digu. Euskadin bide hori erakutsi dugu egin ditugun itunekin.

Ez dago akordiorik Sumar eta Podemoseko zuzendaritzaren artean. Ezkerrean arrakala sortzeak kezkatzen zaitu?

Kezkagarria da ezkerra gai ez izatea batasun aurpegi bat erakusteko. Euskadin, aldiz, etxeko lanak egin ditugu, eta koalizioak oso ongi funtzionatu du legegintzaldi honetan. Espero dut estatuan bozak baino lehen dena konpontzea. Ahal Dugu-k bere garaian piztutako eta orain Sumarrek piztu duen ilusio hori oso garrantzitsua da jende aurrerakoia etxean gera ez dadin.

Nolakoa izan da legealdia?

Arazo bat dago EAJ-PSE gobernuarekin: EAJk ikuspuntu kontserbadore bat du, eta PSE-EE otzan ari da. Ez dira gizarte kohesioa sortzen ari, datuek erakusten dutenez. Arabak gaitasun ekonomiko eta soziala du lurralde kohesionatuagoa eta orekatuagoa izateko, eta Europa mailako politika sozial eta ekologistetan erreferente izateko, baina EAJk eta PSEk hori oztopatzen dute. Klientelismo sareez betetako lurralde bat eratu dute, desorekatua eta kohesiorik gabea. Politika horiek oztopo dira lurraldearentzat, Europako eredu izan behar dugulako oreka eta kohesio sozialean. Bi abiaduretako lurralde bat sortzen ari dira, eta azpiko mailara gero eta familia gehiago erortzen ari da; horietako asko, adineko pertsonak.

Duela aste batzuk, Araba Martxan egitasmoa abiatu zenuten, jakiteko kuadrilletako herritarrek zer behar dituzten. Zer ondorio atera dituzue?

Zortzi kuadrilletan egon gara, eta herritarren arazoen berri izan dugu. Aiaraldean, adibidez, osasun mentalaren arazoari aurre egiteko aldundiaren laguntza eskasa duten gizarte erakundeen kexak jaso ditugu. Landa eremuko eskola publikoek ere arazoak dituzte, segregazio maila altua dutelako. Amurrion, adibidez, bi eskola publiko daude %80ko segregazio indizearekin. SOS Baserriak elkartearekin ere bildu ginen, eta bertako nekazarien kezkak jaso genituen: kontatu ziguten ez dutela erakundeen babes nahikorik.

Araban eraiki nahi dituzten parke eolikoekin kezka agertu duzue, bereziki, Labraza eta Azazetako proiektuekin. Zergatik?

Inkoherenteak direlako. Labrazaren kasuan, errota lerro bat eraikita dago handik gertu, Aguilar Kodesen, eta, hori indartu beharrean, Eusko Jaurlaritzak 200 metro garai diren beste zortzi haize errota egingo ditu herrian bertan. Ez da beharrezkoa halako inpaktua sortzea. Azazetan larriagoa da egoera, korridore ekologiko batean zortzi haize errota ezarriko baitira.

Lurralde Plan Sektorial bat behar da parke eolikoak arautzeko?

Gure jarrera oso argia da: berriztagarriak arlo publikotik arautu behar dira, ez enpresa pribatuetatik, haiek ari direlako berriztagarriekin espekulatzen. Baina etxea teilatutik eraikitzen saiatzen ari dira, eta dena azkar eta gaizki egiten ari dira. Eolikoak eta berriztagarriak Lurralde Plan Sektorial baten bidez planifikatu eta arautu behar dira, adostasunez. Trantsizio energetikoa berriztagarrien ekoizpenarekin eta biodibertsitatearen eta ekosistemen babesarekin batera egin behar da.

Zer eredu proposatzen duzue zahar etxeetarako?

Publikoa lehenetsi behar da. Izan ere, zaintzak pribatizatzen ari diren heinean, langileen baldintzak prekarizatzen ari dira. Aldundia emakumeen esku uzten ari da zaintza publikoen zama, oso baldintza prekarioetan, eta oso larria da, laneko prekarizazioa eta zaintzaren kalitatea galtzea eragiten duelako. Pandemiak erakutsi digu modu bakarra dela arlo publikoa indartzea. Egoitza publikoak eraiki behar dira, eta modu publikoan kudeatu.

Herrien arteko loturarik eza konpontzeko, aldiriko trena bultzatu nahi duzue.

Araba lurralde zabala da, eta oso sakabanatua dago, biztanleriaren %80 Gasteizen baitago. Landa eremua bizirik egoteko, mugikortasuna, etxebizitza eta lana behar dira. Eta mugikortasunean alferrik galdutako azpiegitura bat dugu, Miranda de Ebro eta Altsasu eta Urduña arteko trena. XXI. mendean izugarrikeria bat da ia ez erabiltzea; politika jasangarri guztien aurka doa. EAJren eta PSEren politiken inkoherentzia islatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.