Egungotik abiatuta eskolaz kanpoko jardueretan esku hartzeko modua nola hobetu, euskarak horietan duen lekua eta presentzia handitu dezan; horixe izan zuten mintzagai atzo Edurne Otamendi eta Rakel Romero Donostiako eta Gasteizko udaletako Euskara Zerbitzuetako buruek, Udaltop jardunaldiaren bigarren egunean. Zehaztasunera jo zuten proposamenetan, eta eskua luzatu zieten nazio eta herrialde mailako erakunde eta udalei, esku-hartze eredu «integral» eta «malgu» bat gara dezaten, «ikuspegi orokorra izango duena» baina, aldi berean, «tokian tokiko» errealitatera egokituko dena. Egoera soziolinguistiko desberdinak aintzat hartuko lituzke eredu horrek, hizlariek zehaztu zutenez, eta «aterki politiko-juridiko indartsua» izango luke. Halaber, izango lukeen indarguneen artean aipatu zuten aukera emango lukeela hezkuntza lege berriarekin lotzeko.
Halako eredu baten premia arrazoitzeko, bi hirietako eskolaz kanpoko eskaintza aztertu zuten, baina, batez ere, Gasteizkoan zentratu ziren. Izan ere, zerbitzu horri buruzko azterketa egin du Aztiker ikerguneak aurtengo ikasturtean, Euskara Zerbitzuaren eskariz. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3.154 haur eta neraberen egoera aztertu dute —horietatik %91,7k lagunartean nagusiki gaztelania erabiltzen dute—.
Behatutakotik atera daitekeen ondorioetako bat da ikasereduaren eta egoera sozioekonomikoaren arabera asko aldatzen dela eskolaz kanpoko jardueretan duten parte hartzea. Lagin osoaren %80k jardueraren batean parte hartu arren, A ereduko ikasleek eta ikastetxe publikoetakoek egiten dute jarduera gutxien. «Desoreka sozialen» erakusle da hori, Romerok nabarmendu zuenez, eta horiek «murriztu» beharra dagoela adierazi zuen.
Bestalde, deigarria da arrakasta handiena duten jarduerak ez direla preseski euskaldunenak. Erdiak kirol jarduerak dira, eta hizkuntzak ikasteko jarduerak ere presentzia handia hartzen ari direla aipatu zuen Romerok; besteak beste, ingelesa hartzen ari den «prestigioagatik». Orotara, eskaintza guztiaren erdia baino gutxiago —%43,25— da euskaraz, ikerketaren arabera, eta zenbateko hori are apalagoa litzateke eskaintza osoa hartuz gero, salbuetsita baitago hizkuntza akademietakoa. Horrez gain, kontuan hartzekoa da, Romerok azaldu zuenez, handitzen ari dela eskaintza pribatua.
Azterketa horren ondotik, beste diagnostiko bat egin zuen Gasteizko Udaleko Hezkuntza Sailak, Romerok azaldu zuenez. Entitate publikoetako eskaintzaren hazkundeaz gain, beste bi ondorio nagusi atera zituzten: eskolaz kanpoko jardueren eremua «oso konplexua» dela, eragile askok parte hartzen dutela eta udaleko sail askok hor esku hartu nahi izaten dutela, batetik; eta «segregazioak» eta gizarte arrakalek eragin nabarmena dutela, bestetik.
«Beste ikuspegi bat»
Diagnostiko horretan oinarrituta, Gasteizko Salburua auzoan auzo horretako eskolaz kanpoko plana garatu zutela azaldu zuen Romerok, auzoarekin lotura duten teknikariekin, diziplina askotako herritarrekin eta eragileekin batera. «Balioetan oinarritutako hezkuntza» lantzea jarri zuten helburutzat, eta, horrekin batera, euskara «lerro nagusietako» bat izango dela zehaztu zuten, iritzita, orobat, euskara «gizarte kohesiorako» lagungarria dela, Romerok atzo azpimarratu zuenez.
Salburukoa proiektu pilotua dela zehaztu zuen Romerok, baina, esperientzia positibotzat joz gero, hiriko auzo gehiagotara zabaltzeko asmoa dutela.
Otamendik, berriz, udaletan jarri zuen arreta. Haren arabera, erakunde horiek «beste ikuspegi batera» jo behar dute: «16 urtetik beherako haur, nerabe eta gazteentzat eskolaz kanpoko udalerriko jarduera guztiekin euskarazko ekosistema bat sortzera».
Otamendik gogorarazi zuenez, udalek antolatutako jardueretan nahiz haiek diruz lagundutakoetan programazio osoa euskaraz jartzeko aukera dago kasu batzuetan, eta kontratuetan hizkuntza klausulak txertatzekoa, besteetan. Udal Legeak eta 179/2019 dekretuak hori egiteko modua ematen dutela zehaztu zuen. Hortaz, «borondate politikoaren» arabera egingarria dela adierazi zuen. Eragile pribatuek antolatu baina udalek diruz lagundutakoetan ere euskara irizpidetzat jar daitekeela gaineratu zuen. Ikastetxeek antolatutako jarduerak ere aipatu zituen. Horietan eragiteko, «funtsezkoa» izango da, haren esanetan, hezkuntza lege berrian ikastetxe bakoitzerako hizkuntza proiektuak garatzeko dagoen asmoa.
«Ekosistema» hori sortzeko, Romerok beharrezkotzat jo zuen, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Hizkuntza Politikarako sailek «estrategia bateratua» izatea, «koordinatua eta bata bestearekiko osagarria».
Eredu «integral» bat eskatu dute aisialdi arautua euskaraz bustitzeko
Eskolaz kanpoko jardueretan nola eragin izan dute gogoetagai erakunde publikoek Udaltopen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu