Trantsiziorantz ibiltzen hasteko unea da, eredu ekonomikoari zapata ekologikoak janztekoa. «Krisi honek agerian jarri du gure jendarteak arrakala eta gabezia handiak dituela. Orain arazoa globala da, denoi eragiten digu; beraz, norabide aldaketa bat eskatu behar dugu», berretsi du Mirene Begiristainek, EHUko Ekonomia Fakultateko irakasle eta ikertzaileak. «Izan ere, gizakien eta naturaren arteko harremana orekatzen ez badugu, horrelako birusekin lotutako kasuak ugaritu egingo dira», gaineratu du Unai Pascualek, BC3 Basque Centre for Climate Change zentroko ikertzaileak. Maiatz hasieran COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestua sustatu zuten akademikoetako bi dira. Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta ozendu egin nahi dute agirian eskatutakoa: «Orain dugu eztabaida eta eraldaketa sakonetan sartzeko aukera».
Baina zer lotura dute koronabirusaren krisiak eta ingurumenak? Zientziak aspaldi ohartarazi zuen halako birusak zabaltzeko arriskuaz, Pascualen arabera: «Animalia basatietatik gizakiengana igaro daitezkeen milaka birus katalogatu ditu zientziak jada, eta bide asko dago halako zoonosien probabilitatea gero eta handiagoa izateko: gizakiok habitat naturalekin dugun erlazioa ez bada osasuntsua, ekosistemen gainean gero eta presio handiagoa egiten badugu, bioaniztasuna galtzen badugu, animalien esplotazioa areagotzen badugu, birus horiek salto egiteko arriskua ere handiagoa da». Gizartean beste albo batera begiratzeko joera hedatu da, ordea, Begiristainen aburuz: «Oso urrun gaude naturatik, ez konturatzeko zenbat ebidentzia dauden, eta gure eredu sozioekonomikoa naturaren mugen gainetik garatzeko. Gaitza denon sukaldera sartu den arte».
Gordin mintzatu dira manifestuan: «bidegurutze historikoa» da egungo abagunea. «Norabide aldaketa bat» eskatu dute, baina norantz? Ekonomia ekologikoa oinarri gisa hartzea aldarrikatu du Begiristainek: «Metabolismo sozioekonomiko eta kultural orekatu bat eraiki behar da, naturaren eta bizitzaren mugak errespetatuko dituena». Ekonomia ekologikoa kontzeptua nahita hautatu dutela zehaztu du Pascualek: «Orain arte izan dugun ekonomiak ez du kontuan hartu ingurumena: natura kapital gisa ulertu da, hazkunde ekonomikoa suspertzeko ditugun lehengai eta baliabide gisa. Ekonomia ekologikoa harago doa; sistema askoz konplexuagoa dela dio, gizakiaren eta naturaren arteko interdependentzia onartuta: gizakiok efektu ugari ditugu naturan, eta naturak ere efektu ugari ditu gure osasunean, bizitzan eta ongizatean». Alderantziz ere gertatzen dela erantsi du Begiristainek: «Jarduera batzuen eragin positiboak ez dira ekonomikoki kontuan hartzen: adibidez, zaintza lanenak. Beraz, egoerak eskatzen du birplanteatzea zer den ekonomia bera».
Aldaketak, hainbat arlotan
EHUko ikerlariaren arabera, manifestuak ez du «proposamen erradikalik» egin: «Baina planteamendua bada erradikala, paradigma aldaketa bat dakarrelako, eta beste kultura bat eraiki behar dugulako: bestela kontsumitu, eredu ekonomikoaren lehentasunak beste parametro batzuen arabera ezarri... Halere, trantsizioaz hitz egin behar dugu, eta horri ekin behar diogu lehenbailehen, eta ahalik eta baliabide gehien jarrita». Argi du trantsizio horrek «bidezkoa eta inklusiboa» izan behar duela: «Errazagoa izango da erabaki kontziente eta ordenatuak badira; bestela, nahitaezko bihurtuko da, berdintasun irizpideak zaintzea zailagoa izango da, eta arrakalak handituko dira».
Norabidea seinalatzeaz gain, urrats batzuk ere proposatu dituzte agirian. Adibidez, BPG barne produktu gordinaren hazkundean oinarritutako garapen eredua alboratzeko eskatu dute, eta, ildo horretan, inbertsiorik ez egiteko «iraunkorrak ez diren edo funtsik gabeko kontsumoa gehiegi bultzatzeagatik txikitu behar duten sektoreetan, batez ere jatorri fosil edo nuklearreko erregaiak erabiltzeari lotutakoetan».
Ingurumen fiskalitate progresiboa ezartzea ere galdegin dute. «Trantsizio ekologikorantz neurri potoloak hartzeko, baliabide publikoak behar dira, merkatuak ez baititu jarriko», azaldu du Pascualek. «Horretarako, fiskalitatea behar dugu, baina progresiboa eta ekologikoa: pizgarriak—positiboak zein negatiboak— ekoizpen eta kontsumo arduratsurantz lerrokatu behar dira. Erantzukizun partekatua dugu denok, baina ezberdina: ingurumenean kalte gehien egiten duenak gehiago ordaindu beharko du zerga bidez». Begiristainek gogora ekarri du administrazio askok dituztela alor horretako eskumenak: «Badaude ereduak: Europako hainbat herrialdetan halakoak egin zituzten duela hogei urte. Akaso, Espainiako Estatua da ingurumen fiskalitatean pobreenetakoa, eta, tartean, Hego Euskal Herria».
Klima larrialdiari begira
Gobernuak, baina, ez dituzte ikusten bide hori hartzeko prest. «Dikotomia bat elikatzen» ari direla uste du Begiristainek: «Trantsizio ekologikoaren aldeko apustu sendo bat egiteko zailtasun handiak dituzte: proposamen erreformistak egiten dituzte, ez eraldatzaileak. Adibidez, beste mugikortasun eredu bat behar dugu, baina automoziora diru pila bat bideratzen dute administrazioek. Mugikortasun berri batek eskatzen du zirkuituak gertukoak izatea eta gutxiago lekualdatzea; eta hori ez da lortuko erregai fosilen bidez mugitzen diren autoak ibilgailu elektrikoekin ordezkatuz. Eta tartean badira eztabaida konplexuak: zer alternatiba eskainiko diegu Nissan edo Volkswageneko langileei? Zintzotasunez heldu behar zaie debate horiei».
Azken urteetan, ozendu egin dira premia horiek, klima larrialdiaren inguruko kezka areagotu den neurrian. Baina eremu horretan ere oso motel sumatzen ditu Pascualek erakundeak: «Kontzientzia bat sortzen ari da, baina ekitea oso zaila da: badago nolabaiteko muga bat, gizarteari eta norbanakoei oso zaila egiten zaie, eta horretarako daude botere publikoak, palanka moduan eragiteko». Gobernuei politika ausartak abiatzeko falta zitzaien hauspoa, baina, COVID-19ak aktibatu du: itxialdia aginduz, inoiz ez bezalako eten bat eragin dute ia mundu osoan. BC3ko ikerlariaren iritziz, halere, ezin dira klimaren krisia eta koronabirusarena alderatu: «Nire pertzepzioa da konfinamenduan gizarteari eskatu zaion esfortzuan bi aldagai daudela. Lehenik, beldurra, uki zitekeena, jendea ikusi baitugu inguruan hiltzen, eta horrek mugitu egiten gaitu; klimarekin hori askoz lausoagoa da, ez dago hain presente. Eta, bigarrenik, guk esan arren krisi hau sistemikoa dela, jendearen irudipena da koiunturala dela, zorte txarra izan dugula, eta dena ondo eginez gero normaltasun berri batera pasatuko garela; klima krisiarekin, aldiz, jendeak badaki egiturazko aldaketa sakonak egin behar direla, eta hor gehiengoa oraindik ikusle gisa dabil, ez ekimena hartzeko moduan».
Begiristainek gaineratu du egiturazko krisi handi horretan badagoela haustura politiko-instituzional bat ere: «Lidergorik ez dago sistemaren gabeziek sortutako ondorioei aurre egiteko. Gakoa demokratizazioan dagoela uste dut, maila anitzeko gobernantza bat eraikitzean». Auzi horri garrantzi gutxi eman ohi zaiola esan du Pascualek. Haren aburuz, gobernantza moldeak berritu egin behar dira, trantsizioa «behetik gora zein goitik behera» gauzatu ahal izateko: «Behekoek presioa egin behar dute goikoek neurri zehatzak martxan jar ditzaten baliabide publikoekin, eta bitartean, goikoek zein behekoek kontzientzia piztu behar dute. Baina ekiten hasteko unea ezin da gehiago atzeratu, klima krisia eta bioaniztasunaren galera azeleratzen ari direlako. Premiazkoa da: ezin dugu itxaron».
Manifestuaz harago
Bultzada hori ematea da manifestuaren helburuetako bat. «Itun komunitario baterako abiapuntua izan nahiko luke», esplikatu du Begiristainek; «eztabaida piztu nahi dugu, eta mahai gainean jarri erantzunak ere badaudela; azken finean, guk erabaki behar dugulako nora joan nahi dugun. Akademiak sortzen du ebidentzia —hainbat sektoretan arituek ere bai, noski—, baina eragina eztabaida horretatik sortuko da. Ehuntze komunitario bat ere badago manifestuan: akademia, eragileak eta jendartea elkartu gara, ulertuta herritarrak ez garela soilik kontsumitzaileak, eta akademian ebidentziak sortzeaz haragoko konpromisoa ere badugula».
Oraingoz, bide oparoa egin du idatziak: hilabete batean, Euskal Herriko 750 akademikok, 190 eragilek eta beste 3.160 pertsonak egin dute bat manifestuarekin. Beste fase bati ekiteko hauspoa eman die babes horrek, Begiristainen hitzetan: «Asmoa da eragileak eta akademian gaudenak multzoka antolatzea, manifestuan ageri diren arloen arabera, eta proposamenak lantzea, forma ematea, eraikuntza kolektiboago batean oinarrituta». Ez dute baztertu erakundeengana jotzea aurrerago, baina, oraingoz, artikulazioan jarriko dute indarra: «Kezka bat plazaratu da, horri erantzuteko muskulua eta gogoa azaldu da, eta orain hori gorpuztu behar dugu, prozesu horretatik abiatzen diren proposamenak indartsuak izan daitezen».
Koronabirusa. Ekonomia ekologikoa
Eredu ekonomikoari, zapata ekologikoak
'COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde' manifestuaren bi sustatzaile elkartu ditu BERRIAk, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira. Zientziak mahai gainean jarritako ebidentziei erreparatuta, «norabidea aldatu» behar dela esan dute, eta urrats sendoak eskatu dizkiete gobernuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu