Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek (Gipuzkoa) bost udaltzain lanpostu betetzeko LEP lan eskaintza publiko propio bat aurkeztu eta hari Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak erantzun izanak hautsak harrotu ditu gaiaren inguruan. Azken urteetan, Arkautiko akademiak kudeatutako hautaketa prozesu bateratu baten bidez banatu izan dira halako lanpostu ia denak; 1.325 postu eskaini dira horietan, eta, Segurtasun Sailaren babesa soilik ez, Eudelena ere izan dute. Halere, gero eta udal gehiagok erabaki dute hautaprobak euren kabuz kudeatzea, eta, hala, polizia ereduaren inguruko eztabaida mahaigaineratu dute. Izan ere, eztabaidaren gakoetako bat da ez dutela bat egiten Arkautiko akademian eskaintzen denarekin. «Hurbileko eredu bat» nahi dute.
Hiru udalek argudiatu zuten «herritarren beharretara egokitutako Udaltzaingo eredu hurbila eta komunitarioa indartzeko» xedearekin ekingo diotela LEPari. Erabaki horren aurretik, baina, izan dira beste batzuk. 2023an, bide berari ekin zioten Ondarroako, Lekeitioko eta Markina-Xemeingo udalek (Bizkaia); azken hori EAJren esku zegoen prozesuari ekitean. Hala, Ondarroako udaltzainburu Aitzol Osak eurenaren «2.0 bertsiotzat» jo du Urola Kostakoa: «Bertsio hobe bat da, ikusitako akatsak eta hobetu beharrekoak kontuan izanda. Eta etorriko da 3.0 bertsio bat ere».
Baina, zergatik egin prozesu hori euren kabuz? Izan ere, Arkautiko Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiaren kudeaketapean zortzi LEP egin dira azken urteetan, horietatik bost Ertzaintzarekin batera, eta, Eudelen datuen arabera, udaltzaingo postuen %40 bete dira hala; denera, 3.243 udaltzain daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Gainera, Segurtasun Sailaren babesa soilik ez, Eudelena ere badu ekiteko modu horrek. Euskal Udalen Elkarteak adierazi du udaltzaingo propioa duten 81 udaletatik 65ek parte hartu dutela horietan, eta, oro har, «balorazio ona» egin dutela. Izan ere, udalek adierazi dute hala eginez kostu ekonomikoak aurrezten dituztela eta modu horrek «segurtasun juridikoagatik» eskaintzen diela. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Segurtasun Sailaren eta Eudelen arteko hitzarmen berri bat onartu zuen atzo, xede duena «Euskadin polizien lankidetza eta koordinazioa indartzea». Hark «lehentasunen» artean du udaltzaingoen egituren inguruko irizpideak bateratzea, baita haien baliabideei —armak barne— eta «akreditazio profesionalerako dokumentazioari» dagozkienak ere. Era berean, udaltzainen hautaketa prozesuei dagokienez, horiek indartzearen alde egin dute bi erakundeek, «betiere udalen autonomia bermatuz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren laguntzarekin».
Harago ere jo izan dute, baina. Eudelen ustez, plantillak egonkortzeko eta gaztetzeko ere balio izan dute. Egonkortasunari dagokionez, baina, kontrako iritziak ere badira. Hain zuzen, aurreko astean egindako agerraldian, Azpeitiko, Getariako eta Zumaiako udalek azaldu zuten ugari direla halako udalerriak behin-behineko geraleku gisa hartzen dituztenak, ondoren hirietarako pausoa emateko. Izan ere, hautagai gehienak Bilbo eta ingurukoetakoak dira, eta eremu horietan lan egitea dute xede.
Hala uste du ELA sindikatuak ere. Ohar bidez, salatu du udalerrien ehuneko handi batek «egiturazko plantilla falta kezkagarri bat» duela: «Plantillen errotazioa onartezina da, eta langileentzat eta herritarrentzat ondorio larriak ditu». Sindikatuaren arabera, gainera, udaltzainen %40 behin-behineko kontratuekin daude.
ELA sindikatuaren eta LEP propioen alde egin duten udalen arabera, badira ere beste elementu batzuk konponbide bat behar dutenak: euskaraz jakitea eta herrien ezagutza bermatzea, eta «hurbileko ereduarekin» bat egiten duten elementu berriak gaitegira txertatzea. Lea-Artibaiko kasuan, hori bermatu ahal izateko, azterketa euskara hutsean egin zuten, herriaren inguruko galderak egin zituzten, eta gaitegian, besteak beste, garrantzi berezia eman zioten bitartekaritza rolari. «Aterki juridikoaren barruan, saiatzen gara muturrera joaten, gure eredu propioa markatzeko», esan du Osak. Eta antzera jokatuko dute Urola Kostan ere.
Poliziari buruzko legea
Zupiriaren adierazpenen ostean, eztabaidarako beste elementuetako bat izan zen prozesuen legezkotasuna. Segurtasun sailburuak gogoratu zuen EAEko Poliziari buruzko legearen arabera, Arkautiko akademiari dagokiola udaltzainen formakuntza, eta hautaketa prozesuan ere esku hartu behar duela, horiek osorik akademian kudeatu zein ez.
Horri erantzunez, Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak adierazi zuen ez zuela inolako arazorik eragingo horrek, eta Osak gehitu du afera ez zela zalantzan jarri 2023an ere. Legeak ezarri bezala, akademiak proposatutako ordezkari bat izan da hautaprobarako epaimahaian: «Legeak esaten du epaimahaikide bat akademiak proposatua izan behar dela, eta hala izan dugu, eta dugu oraindik ere. Ez da arazorik izan».
Horrez gain, LEPeko lanpostuak adjudikatu eta hautatuak maiatzean Arkautira bidaltzekoak dira, formakuntza jaso dezaten, nahiz eta Osak ez duen bat egiten han eskaintzen denarekin. «Buelta bat emango nioke eskaintzen den formakuntzari? Bai», erantzun du, argudiatuz oraingo formakuntzak ez diela «egungo egoerari eta gizarteari» erantzuten. ELA ere antzera mintzatu da prestakuntzari buruz: «Iraungita dago».
Kontrakoa uste du, ordea, Eudelek. Haren ustez, udaltzainek eta ertzainek formakuntza bera jaso behar dute, horrek «kidegoen arteko lankidetza» sustatzen duelakoan: «Euskadin erakunde bakarra dago agenteei prestakuntza homologatua eta homogeneoa emateko gaitasuna, irakasleak eta materiala dituena».
Interinoen egoera
Egiteko moduen inguruko eztabaida albo batera utzita, legeaz hitz egitean bi gai nahastu direla uste du Ondarroako udaltzainburuak: LEPak egiteko modua eta udaltzain interinoen egoera. Legearen arabera, bermatu behar da interinoek ere «lan hori egiteko oinarrizko prestakuntza daukatela», eta, horretan, udalen eta Segurtasun Sailaren artean bada tirabirarik.
Lea-Artibain, esaterako, lan poltsa propio bat dute, eta, Osaren arabera, hartan Arkautiko lan poltsan sartzeko ezarrita ez dauden zenbait elementu erabiltzen dituzte. Tartean, azterketa euskaraz egin beharra eta gaitasun fisikoko proba bat egitea. «Haiek soilik test psikologiko bat eskatzen dute», esan du Osak.
Halere, lan egin ahal izateko, ikastaro bat ere egin beharra dute Arkautiren gidaritzapean: bi hilabetekoa, online. Eta Osak salatu du Segurtasun Sailak ukatu egin diela hori zenbait hautagairi, eta, ondorioz, agiririk gabe utzi dituztela. «De facto, kolokan jartzen dute gure eskumena», esan du Osak.
Jaurlaritzaren arabera, 2021etik hona hori soilik lau kasutan gertatu da. Osak, berriz, esan du «tranpatia» dela datu hori, ez direla eskaera gehiago egin, badakitelako zer erantzungo zaien. Hala, konponbideak eskatu ditu: «Aurki lan poltsa zabaltzekotan gara, eta berriz eskatuko dugu ikastaro hori nahi dugula». Izan ere, horrek etorkizuneko LEPetan eragina du.