Motibazio politikoko indarkeriak utzitako ondorioak jorratzeko, lanean ari dira Euskal Herriko erakunde ugari. Memoriari eta elkarbizitzari lotutako zereginetan ari diren udalak gero eta gehiago dira, eta, guztiei behar horretan ezin lagunduta, txosten bat argitaratu du Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak. Helburua da udalei gutxieneko irizpide batzuk ematea, tresnak izan ditzaten memoriari eta bizikidetzari lotutako txostenak ontzeko eta, horrela, «hautsitako elkarbizitza» onbideratzeko.
Agiriak Memoria partekatu baterantz. Txosten eredua burutzeko eskuliburua du izenburu, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Andres Krakenberger eta Aintzane Gamiz elkarteko ordezkariek azaldu zutenez, eskuliburuak oinarrian ditu Errenteriako Udalak (Gipuzkoa) 2015ean eta Lasarte-Oriakoak eta Elgoibarkoak (Gipuzkoa) 2017an prestatutako txostenak. Horretan ari dira gaur egun Andoaingo eta Arrasateko udalak (Gipuzkoa), eta beste udalerri batzuetakoek ere interesa azaldu dute beste horrenbeste egiteko. Agerraldian ez zuten zehaztu nahi izan zeintzuek adierazi duten interesa, gaia «tentuz» landu beharrekoa delako eta «diskrezioa» beharrezkoa delako, baina lau bat dira etorkizunean tankera horretako lan bat egiteko borondatea adierazi duten udalak.
Gamizek gogorarazi zuenez, ordea, Argituz irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta eskari guztien lan eskerga bere gain ezin duelako hartu erabaki du eskuliburua argitaratzea; funtsean, «metodologia bat eskaintzeko». Errenteria, Lasarte-Oria eta Elgoibarko txostenez gain, Carlos Martin Beristainek koordinatutako Orain da garaia. Posible al da esparru lokalean biktimen oroimen bateratzailea? azterlana ere baliatu dute.
Urraketak, askotarikoak
Gidak aintzat hartzen du giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea, eta, zehazki, hark motibazio politikoko indarkeriaren biktimez egiten duen definizioa. Horregatik nahi dute dokumentuak «barneratzaileak» izatea, memoria «partziala» ez osatzeko. Jada egindako agirietan, askotariko eskubide urraketak jaso izan ditu Argituz-ek: besteak beste, bizitzeko eskubidearen, osotasun fisiko eta psikologikoaren eta adierazpen askatasunaren aurkakoak, jazarpena, estortsio ekonomikoa eta ondasunaren aurkako erasoak. Gisa horretako txosten bat egiteko prozesua bi urtez luzatu daiteke, Gamizen arabera. Gaineratu zuenez, lanok «ez dira tiradera batean gordetzeko, memorian eta elkarbizitzan lanean jarraitu ahal izateko baizik». Adibide gisa jarri du Errenteriako Udalak txostenetik abiatuta prestatutako unitate didaktikoa: «Gertatutakoa belaunaldi berriei transmititzea oso garrantzitsua da gertatutakoa ez ahazteko».
Ildo horretan, azpimarratu dute udalek landutako txostenak ez direla «eskubide urraketen, izen eta daten zerrenda hutsa» izan behar: «Gertatutakoari buruzko hausnarketa sakonagoa da». Eskuliburuaren arabera, gogoeta horren helburua da «gertatutakotik ikastea, gizarteak giza eskubideen urraketa larri eta askotarikoak berriro ez errepikatzea eta belaunaldi gazteek arazo politiko edo sozialei aurre egiterakoan pertsonen eskubideak urratzeko tentaziorik ez izatea».
Elkarrizketak egiteko irizpideak ere prestatu ditu Argituz-ek; tartean, azaldu du zein izan behar den elkarrizketatuen soslaia eta zein elkarrizketak egiteko prozedura. Soslaiari dagokionez, elkarrizketen xedea lekukotzak jasotzea nahiz datuak kontrastatzea izan, Argituz-ek dio elkarrizketatuen soslaiak «plurala» izan behar duela: ideologiari, sexuari eta adinari dagokienez «orekatua». Halaber, aparteko garrantzia ematen dio elkarrizketaren hizkuntza eta lekua elkarrizketatuak aukeratzeari. Emaitzak 100-200 orrialde arteko txosten bat izan behar du, denbora tarte jakin bateko urraketak jasotzeko; orain arte egindako hiru dokumentuetan 1956-2016 urteen arteko sei hamarkadak aztertu zituzten egileek.
Eredu bat bizikidetza «inklusiboa» lantzeko
Argituz elkarteak eskuliburu bat aurkeztu du, udalek «memoria partekatu» bati buruzko txostenak lantzeko. Irizpide ugari jaso ditu bertan. Zeregin horretan ari dira Andoaingo eta Arrasateko udalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu