Atzoko egunarekin egitekoak ziren Erdizko meategi proiektuaren inguruko herri galdeketak Baztanen (Nafarroa). Helburua herritarrek proiektuaren inguruan zuten iritzia jakitea zen. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak, baina, egitasmoa bertan behera uztera behartu zituen herrietako alkateak. Herritarrei erabakitzeko eskubidea ukatu izana argudiatuz, alkateek herri batzarrak antolatu zituzten atzo goizean eta larunbat arratsaldean. Atzo arratsaldean, berriz, elkarretaratze bat egin zuten Elizondon (Baztan, Nafarroa).
Batzarrak Baztango herri guztietan egin ziren, Almandozen izan ezik –galdeketak egitekoak ziren herrietan, zehazki–. Antolatzaileek adierazi zutenez, orotara 500 lagun inguru hurbildu ziren batzarretara. Bilera horien helburua herritarrak informatzea zen, galdeketekin gertatutako guztia azaltzea. Hala, alkateek zabaldutako idatziaren arabera, joan den azaroaren 10ean Guardia Zibilak kuartelera deitu zituen, errekerimendu bat jasotzera. Dokumentu horrek galdeketak egitea debekatzen zuen: «Baztango alkateok gure herrikoei galdetzeko eskumenik ez genuela adieraziz eta herrietako galdeketak eginen bagenitu ondorio administratibo edota zibilak pairatzen ahalko genituzkeela jakinaraziz».
Arratsaldean, baztandar guztiak Elizondora deitu zituzten euren erabakitzeko eskubidea aldarrika zezaten. Ixabel Aleman Amaiurko alkateak egin zituen bozeramaile lanak. «Iduri duenez, baztandarron hitzak ez die axola Belaten bertze aldetik gobernatzen gaituztenei; parte hartzeaz eta herritarren interesez ahoa betetzen duten mandatariei, hain zuzen», erran zuen Alemanek. Herritarrek beren iritzia eman nahi dutela adierazi zuen, eta Nafarroako Gobernuari galdera bat egin zion: «Ez Batzar Nagusiak, ez eta herrietako alkateok ere ezin badugu herri galdeketarik egin, nola egin behar du Gobernuak baztandarrok Magnaren meategi egitasmoaz dugun iritzia jakiteko?».
Irakurketaren ostean, bildu ziren herritar guztiek sinbolikoki bozkatzeko aukera izan zuten. Alkateak izan ziren bozkatzen lehenak, eta, jarraian, Elizondoko plazan zegoen jendea hasi zen banan-banan bozka ematen. Antolatzaileen erranetan, 750 lagun inguruk parte hartu zuten.