Erdizko meategi proiektua udalerriz gaindiko plan gisa tramitatuko du Nafarroako Gobernuak

Erdiz Bizirik elkarteak salatu du erabakiak «ondorio zuzenak» izanen dituela eskualdeko ekonomian eta ingurumenean. Iragarri dute alegazioak aurkeztuko dizkiotela proiektuari.

Erdiz Bizirik plataformak antolatutako manifestazioa, atzo, Elizondoko karriketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erdiz Bizirik plataformak Elizondon eginiko manifestazio bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 17a
14:30
Entzun

Erdizko eremuaren (Baztan, Nafarroa) etorkizuna ez dute baztandarrek erabakiko. Magna Magnesitas Navarra enpresak han eraiki nahi duen meategi proiektua UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisara tramitatzea onartu du Nafarroako Gobernuak, eta, hortaz, sustatzaileek ez dute Baztango Udalaren edo herritarren oniritzirik behar. Erdiz Bizirik elkarteak egin du salaketa: «Argi dago proiektu hori babesten dutenek Baztango herritarrak eta haien bizimodua gutxiesten dituztela, erabaki horrek ondorio zuzenak izanen baititu tokiko ekonomian», azaldu dute.

Meategiaren afera 2001. urtean hasi zen, enpresak eremu horretan zundaketak egiteko baimena lortu zuenean. Herritarren artean, albisteak ez zuen harrera ona izan, bertako nekazari anitzek ez dutelako euren animalia guztiak mantentzeko adina lur propio, eta herri lurrak behar dituztelako abeltzain jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Erdiz da lur komunal horietako bat, Baztanen dauden hiru bazkalekuetatik handiena. «80 nekazari profesionalek eramaten dute beren azienda Erdizera, eta, nekazaritza kate bat den heinean, lanpostu horien galerak gainerako sektoreetan ere eragina izanen du: laborari horiek bertze lanpostu batzuk bilatu beharko dituzte, gure lurrak eta ondarea kanpoko enpresa multinazionalek aberasteko erabiltzen dituzten bitartean», azaldu du Erdiz Bizirik-ek, ohar batean.

Elkarteak iragarri du prest duela «alegazio zerrenda bat» meategi proiektuaren aurka, eta horiek aurkeztuko dituzte aurki. Aurretik, baina, aukera emanen diete Baztango herritarrei sinatzeko: «Gure lurra eta bizimodua defendatzen jarraituko dugu, eta, horretarako, herritar guztien laguntza behar dugu. Herritarrok proiektua babesten ez dugula erakusteko, alegazio zerrenda bat prestatu dugu, eta horiek ahal bezainbertze lagunek sinatzea ezinbertzekoa da».

Nafarroako Gobernuari gogorarazi diote, halaber, hartu berri duen erabakia «baztandarren iritziaren kontrakoa» dela: «Udal hauteskundeetan bozkatu zuten hamar herritarretik zortzi lerrokatu ziren proiektuaren kontra egiten zuten alderdiekin. Baztandarrek garbi erakutsi dute zer jarrera duten, baina, bertze behin, enpresa multinazionalen promes lausoak lehenetsi dituzte; zertaz eta enpresak dioelako mantenduko eta sustatuko dituela landa eremuko lanpostuak, ingurumen ikuspegiko ekonomia garapena eta kohesio territoriala».

Magnak eginiko promesa horiei erantzuna eman diete Erdiz Bizirik-eko kideek: «Ongi aski dakigu gisa horretako proiektuak eta nekazaritza estentsiboa ez direla bateragarriak, eta multinazionalen promesak inoiz gutxi betetzen direla. Zein ingurumen ikuspegi garatzen lagundu dezake Nafarroako enpresa kutsagarrienetako batek? Nola garatuko da ekonomia, Baztango eta Nafarroako lehen sektorearendako estrategikoa den eremu bat suntsitzen bada?».

Herritarren ezezkoa ikusita, «proiektua UGEP gisa inposatzea» leporatu dio Erdiz Bizirik-ek gobernuari: «Hiru aldiz galarazi digute herritarroi gure iritzia ematea, eta, gero, proiektua UGEP gisa inposatu nahi dute». Hala ere, iragarri dute erabakiari aurre eginen diotela eta ez diotela men eginen Nafarroako Gobernuaren erabakiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.