Zintzarri eta joareen hotsa Iruñean entzun zen atzo, Lurraren Nazioarteko Egunean. Erdiz Bizirik elkarteak hiriburura eraman zuen Nafarroako Magna Magnesitas enpresak Baztanen eraiki nahi duen meategi proiektuaren aurkako aldarri ozena, eta ehunka lagun bildu ziren Iruñeko Alde Zaharreko eta bigarren zabalguneko karriketara, proiektua geldiaraz dezatela eskatzeko.
Manifestazioaren bukaeran, antolatzaileek landa eremuko «bizimoduaren, kulturaren eta lurraren kontrako eraso larritzat» jo zuten Magna enpresaren asmoa, eta gaineratu zuten ez dutela onartuko proiektu horrek desagerraraztea «mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi jasangarria izan den bizimodu bat».
Antoniutti parkean hasi zen Erdiz Bizirik taldearen protesta, eta, Armada etorbide osoa zeharkatu ostean, Sarasate pasealekuan bukatu zen. Han, Erdiz Bizirik taldeko kideek bi kritika nagusi egin zizkioten Magnaren proiektuari: bat, meategi batek Baztango «nekazaritzan, ingurugiroan, ekonomian eta osasunean» eraginen lituzkeen kalteak; eta bi, egitasmoa UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu izana, «tokiko erakundeen autonomiaren gainetik pasatuz eta herri galdeketak debekatuz».
«Kolonizazio mozorrotua»
Izan ere, Erdizko meategi proiektuak hogei urte dituen arren, iazko uztailean jauzi kualitatiboa egin zuen enpresa sustatzaileak, egitasmoa UGEP gisa aurkeztuta. Horren arabera, Baztango Udalaren eta Baztango Batzar Nagusien oniritzirik ez du behar enpresak, lanei ekiteko.
Nafarroan, gisa horretako proiektuak «era interesatuan» ugaritu direla salatu zuten atzo Erdiz Bizirik taldeko kideek: «Hasieran UPNk abiatutako inposizio hori mantendu eta elikatu dute atzetik etorri diren guztiek, legealdiz legealdi». Funtsean, udalerriz gaindiko eragina duten planen helburua «herri lurrak ebastea eta multinazionalei oparitzea» dela gaineratu zuten: «Demokraziaz mozorrotutako kolonizazioa da».
Azken hilabeteotan zenbait saio egin dituzte, herritarrei meategiari buruz galdetzeko. Ahalegin guztiak bertan behera gelditu ziren, ordea, Guardia Zibilak alkateak kuartelera deitu eta debekuaren berri eman eta gero. «Iruñetik eta Madrildik gure lurraren kudeaketaren gainean agindu nahi duten horiek demokratak omen dira. Zein demokrata motak debekatzen ditu herri galdeketak?», galdetu zuten atzo.
Meategiak, bestalde, «nekazaritza eta landa eremuaren zapalkuntza» eraginen duela gaineratu zuten Erdizi Bizirik taldeko ordezkariek, eta Nafarroako Gobernuaren «hipokrisia» salatu zuten: «Tokiko ekonomiaren, jasangarritasunaren eta ingurugiroaren alde daudela erraten dute, baina eremu babestuak eta tokiko elikaduraren iturriak suntsitu nahi dituzte». Horregatik guztiarengatik, gobernuari eta alderdi politikoei galdegin zieten Erdizko proiektuaren tramitazioa gelditu eta «herritarren iritzia errespetatzeko».
Erdizko meategi proiektua «lurraren aurkako erasoa» dela salatu dute
Erdiz Bizirik taldeak Nafarroako Gobernuari eskatu dio bertan behera utz dezala tramitazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu