«Balorazioa gazi-gozoa da». Aize Otaño AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidearen hitzek laburbiltzen dute herri ekimeneko euskaltegiek duten iritzia euskara ikasteko doakotasunera bidean Eusko Jaurlaritzak hartu duen azken neurriaren inguruan. Hain zuzen, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak iragarri zuen doakoa izango zela A1 maila; gerora, hark esandakoa ñabartu egin du sailak: matrikula «merkea» ordaindu beharko dute.
Herri ekimeneko euskaltegientzat, neurriak badu gozotik. Hala nabarmendu du Imanol Mirandak, Gasteizko IKAko zuzendariak: «Garrantzi handia du, ezagun baitugu jende asko dagoela euskarara hurbildu ez dena». Iritzi bertsua du Otañok ere: «Matrikula merke batekin topo egiteak jende gehiago gerturaraziko du euskaltegietara. Garrantzi handia dauka».
Baina, aldi berean, gazia ere bada, ez ditu asebeteta utzi. Izan ere, gutxiago bada ere, oraindik ikasleek dirua aurreratu beharko dute. HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkuek BERRIAri esan zionez, orain arte ordaintzen zuten matrikularen laurdena ordaindu beharko dute, eta ikasturtearen amaieran euskaltegian maila gainditzen badute, ikasleek eskabidea egin ahal izango laurden hori bueltan jasotzeko. Otañok dio hori ez dela erabateko doakotasuna: «Doakotasuna da edozein herritarrek euskara doan ikasteko aukera izatea, dirurik aurreratu beharrik izan gabe. Kasu honetan, matrikula merkea da, baina dirua aurreratu behar dute». Eta harago joatea da AEKren helburua: «Berezko hizkuntza ikastea edozein herritarren eskubidea izan beharko litzateke, baina doan ikasi ahal izatea, dirurik aurreratu beharrik izan gabe». Izan ere, uste du traba izan daitekeela izena ematerakoan dirua jarri beharra: «Euskaltegietara, bereziki hasierako mailetan, herritar zaurgarri asko gerturatzen da, Euskal Herrira etorri berriak. Dirua aurreratu beharra askotan oztopoa izaten da».
«Espero dugu Euskal Herrian bizi den edonork euskara doan ikasteko aukera izatea»
AIZE OTAÑOKAEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea
Mirandaren esanetan ere, erabakiak «asko» du hobetzeko: «Euskaltegien sektoretik gobernuari aspalditik eskatua diogu doakotasuna, eta ez A1 mailan bakarrik, maila guztietan baizik». Beste herren batzuk ere ikusten ditu: «330 orduko muga dago, eta pentsatzen dugu dirua agortzen denean diru laguntza ere amaituko dela». Eusko Jaurlaritzak esana du 1,7 milioi euroko inbertsioa egingo duela A1 mailarako laguntza berrietarako. Gehiago behar dela uste du: «Pauso bat da, pauso positiboa, baina badu zer hobetua. Diru gehiago jarri behar da euskara ikasteko».
Beraz, herri ekimeneko euskaltegiek urrats gisa hartu dute Jaurlaritzarena, urrats baikor gisa. Baina uste dute doakotasunerako bidean ibilian jarraitu beharra dagoela, bidea ez baita oraindik amaitu. Mirandak susmoa du «luze gabe» etorriko diren pausoen artean lehenengoa dela hau. «Edo hori esaten digute behintzat, eta hala izatea nahi genuke». Uste du beheko mailetatik hasi behar dela doakotasuna: «Pauso hori etorriko da borondate politikoa baldin badago, eta badirudi borondate politikoa pixkanaka aldatzen ari dela, orain arte ez baita egon; ea pauso sendoak datozen». Aurrez bada adibiderik: Jaurlaritzak iragan martxoan aurkeztu zuen Ingura, euskara ikasteko plataforma digitala. A1 mailatik C1era bitarteko ikastaroak eskainiko ditu, eta, momentuan, «ia doakoa» da A1 maila.
«Pauso bat da, pauso positiboa, baina badu zer hobetua. Diru gehiago jarri behar da euskara ikasteko»
IMANOL MIRANDAGasteizko IKAko zuzendaria
Otañok gogorarazi du marraztua dutela doakotasunerako bidea. Euskalgintzaren Kontseiluak egindako proposamena ekarri du gogora. «Gure sektorean gabiltzan guztion babesa dauka proposamen horrek». Azaldu duenez, bertan jasota dago diru laguntza sistema «gainditu» beharra dagoela, eta herritarrek ez luketela sosik aurreratu beharko, prozesu osoak izan beharko lukeela doakoa, A0 mailatik gutxienez C1 mailara. «Egiaztagintza hortik kanpo uzten dugu; azken batean, eskatzen duguna da gutxieneko asistentzia batekin herritar orok baldintza horietan euskara ikasteko eskubidea izatea». Kontseiluak berak ere helburu gisa jarria du «akordio soziopolitiko berri bat» ontzea, euskararen ezagutza unibertsalizatzera bidean.
Batetik bestera, aldea
Urratsez urrats aurreraka ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Alabaina, egoera bestelakoa da Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Otañok azaldu duenez, Nafarroan Euskarabideak eta tokian tokiko entitateek ematen dituzte laguntzak, eta Errigora beka ere badago. «Ikastaroa egin ondoren, herritar gehienek jarri duten matrikularen ia %100 berreskuratzen dute, gutxieneko eskolara joatea betez gero. Baina, Nafarroan, herritarrek beti aurreratu behar dute dirua, eta hori ez da doakoa izatea».
Okerrago dabiltza Ipar Euskal Herrian: «Zoritxarrez, oso urrun gaude doakotasunetik». Otañoren hitzetan, Frantziako Estatutik langileek jasotzen dute formakuntzarako laguntza bat, eta hori erabil dezakete euskara ikasteko; ordea, A2 maila baino goragokoak soilik diruztatzen dituzte. Gainera, Euskararen Erakunde Publikoak ere ematen ditu laguntzak euskaraz lan egin ahal izateko proiektuetarako, «baina baldintza batzuk jartzen ditu». Hortaz: «Bereziki garrantzitsua da urratsak egitea, ikas prozesua hasieratik doakoa izan dadin, edo, gutxienez, laguntzak jaso ditzaten».
Doakotasunerako bidea urratzen jarraitzeko beharra ikusten dute Otañok eta Mirandak. Hala dio Otañok: «Uste dugu beharrezkoa dela euskalduntze prozesu osoa doakoa izatea ahalik eta azkarren. Horretaz gainera, egiaztatze sistemarekin ez lotzea eskatzen dugu, gutxieneko asistentzia kontuan hartuta, edonork edukitzea doan ikasteko aukera». Euskararen normalizaziorako beharrezkoa izango baita: «Euskararen normalizazio prozesua bultzatzeko doakotasuna ezinbestekoa da, ezagutzaren beharra sustatzearekin batera. Ongi etorriak izango dira beti doakotasuneranzko halako urratsak, baina espero dugu halako batean Euskal Herrian bizi den edonork euskara doan ikasteko aukera izatea».