Erdiz Bizirik ez da Nafarroako Gobernuan ordezkatua sentitzen

Erdiz Bizirik plataformak elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuko atarian. Agintarien jarrera gaitzetsi du. Kapitala defendatzen dutela esan dute kideek, herritarren kaltetan.

Ingurugiro eta Industria atala «zertarako» dagoen galdegin dute gaurko mobilizazioan. ERDIZ BIZIRIK
Ingurumen eta Industria Departamentua «zertarako» dagoen galdegin dute gaurko mobilizazioan. ERDIZ BIZIRIK
Kerman Garralda
2024ko azaroaren 27a
15:00
Entzun

Erdiz Bizirik plataforma haserre dago Nafarroako Gobernuarekin. «Argi dago gobernu honek ez gaituela gu ordezkatzen, kapitala eta haren interesak baizik», esan dute ohar bidez. Zehazki, Maria Txibiteren gobernua ere Magna Magnetitas de Navarra enpresarekin lerratu dela diote, herritarrei bizkarra emanda. Euren nahia entzun dadin, Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Industria Departamentuen aitzinean bildu dira gaur plataformako kideak.

Magnak meategi bilakatu nahi du Baztango Erdizko bazkalekua. Nekazariak aurka daude, gisa horretako proiektuak eta haien jarduna ez direlako bateragarriak. «Ez dugu horrelakorik onartuko», ohartarazi dute.

Kontatu dute nekazari askorentzat «beharrezkoa» dela Erdizko bazkalekua, euren animalia guztiak mantentzeko adina lur propiorik ez dutelako. Ondorioz, herri lurrak behar dituzte abeltzain jarduerarekin jarraitu ahal izateko, eta Erdiz da lur komunal horietako bat, Baztanen dauden hiru bazkalekuetatik handiena. Magnaren asmoek eremua suntsitu egingo duela iragarri dute.

Proiektuaren tramitazioa gelditzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Gaineratu dute ez dutela etsiko hori lortu arte. «Ez diegu utziko Nafarroan gelditzen diren herri lurrak multinazionalei oparitzen».

Kalteak ingurumenean ere

Ekonomian ez ezik, eragina ingurumenean ere nabarituko dela esan dute Erdiz Bizirik-ekoek. Natura 2000 sareko eremu naturala artifizial bilakatuko dela eta espezie babestuak desagerraraziko dituela abisatu dute. Halaber, nabarmendu dute Magna dela Nafarroan nitrogeno oxido gehien isurtzen duten enpresetako bat. «Zer ingurumen ikuspegi garatzen lagundu dezake Nafarroako enpresa kutsagarrienetako batek? Garbi dago gisako enpresek estrategia propioak dituztela motibazio eta, zoritxarrez, Nafarroako Gobernuak bere egiten dituela».

Egoera ez da berria. Meategiaren afera 2001. urtean hasi zen, enpresak eremu horretan zundaketak egiteko baimena lortu zuenean. UPNko Miguel Sanz zen garai hartan Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Igaro dira zazpi legegintzaldi, Sanzi erreleboa eman zion Yolanda Barcinak (UPN), gero etorri zen Uxue Barkos (Geroa Bai), eta egun Txibite (PSN) da lehendakaria, baina Erdizko bazkalekua meategi bilakatzeko asmoek indarrean diraute.

Are, asmoak areagotu egin direla ohartarazi dute. Orain, Magnak Aldude mendi «guztia» xehatu nahi duela kontatu dute. «Herritarrek iritzia ematea hiru aldiz galarazi eta gero, proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa inposatu nahi digute orain. Inposizioz eta bortxaz bideratzen dituzte gisako proiektuak, herritarren babesik ez dutelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.