«Erditze positibo bat izateko erabakigarria da emakumea bere erabakien, haurdunaldiaren eta erditzearen jabe izatea, berak hartu ditzala erabakiak». Carmen Moreno hezitzaile perinatala da, eta Parto Positivo (erditze positiboa) izeneko plataformaren sortzailea. Emaztekiak erditzerako prestatzen laguntzeko profesionalak hezten ditu. Horretarako, hipnoerditzea izeneko prozesua darabil: «Prozesu gisa irudikatzea gustatzen zait, eraldaketa bidaia moduko bat delako. Hezkuntza programa baten formatua du, non erdituko den emakumeak informazioa jasoko duen erditzearen fisiologiari eta psikologiari buruz. Anitzetan, ikasitako horrek eramanen gaitu zalantzan jartzera gure gorputzei, haurdunaldiari edo erditzeari buruz ikasia genuena».
Informazio hori guztia modu teorikoan azaltzeaz gain, ariketa praktikoak ere prestatzen ditu Morenok. Horiek guztiak liburu batean bildu zituen duela urte batzuk, eta, orain, euskarara itzuli berri du Oihana Lopezek: Hipnoerditzea, erditze positibo baterako prestakuntza (autoedizioa). Lopezek liburua leitu eta itzultzeaz gain, Morenoren formakuntza ere egin zuen. Erditzea bezalako momentu baterako norbere ama hizkuntzan prestatu ahal izatea, eta erditzean bertan euskaraz egin ahal izatea aski garrantzitsua zaio Lopezi, eta hor kokatu du liburua euskaratzeko motibazioa.
Biek onartu dute hipnoerditzea hitzak berak zalantzak eragin ditzakeela hasieran, baina, finean, erditze positibo bat lortzea dela helburua, eta emakumeari hori lortzeko erremintak ematea. Lopezek azaldu du «autohipnosia» erditzerako prestaketa prozesuan erabiltzen den «baliabide bat gehiago» bertzerik ez dela, terapia kognitibo konduktualarekin batera; eta erditzeko momentuan emaztekiak berak erabaki dezakeela erabili edo ez.
Xeheago esplikatu du Morenok: «Helburua da ikustea norbere sinesmenek norbere jarrerei eta erreakzioei nola eragiten dieten. Emakumeak imajinatu behar du nolakoa nahi duen izatea bere erditzea, eta, horrela, poliki-poliki mugatzen gaituzten beldur eta sinesmenek indarra galtzea lortzen dugu». Onartu du ez dagoela errealitateari aurre egitea bezalakorik, baina aurretiazko prestaketa prozesu horrek anitz lagundu dezakeela. «Hezkuntza prozesu bat da, eta hazkuntzarako balio du: norberak planteatzeko zer ideia dauzkan erditzeari buruz, zer emozio dauzkan barnetik», findu du Lopezek.
«Emakumeak imajinatu behar du nolakoa nahi duen izatea bere erditzea, eta, horrela, poliki-poliki mugatzen gaituzten beldur eta sinesmenek indarra galtzea lortzen dugu»
CARMEN MORENOHezitzaile perinatala
Beldurra
Prozesuan agertzen ahal den emozioetako bat da beldurra. Lopezek bi bereizi ditu: «Alde batetik, berezko beldurra dago, bizirautekoa, eta hori beharrezkoa da. Beste alde batetik, beldur ikasiak daude». Bigarren horiek erditzean nola eragiten duten azaldu du Morenok: «Ikasi baldin badugu erditzea patologikoa dela, sufrimendua, normala da gure gorputzak ematen duen erantzuna beldurra izatea. Arazoa da horiek ez direla egokitze beldurrak».
Izan ere, azaldu du erditzeari buruz entzun ohi dena dela «anitz» sufritzen dela eta «oso arriskutsua» dela: «Noski, arriskutsua da, guztiak du bere arriskua, baina arretagunea arrisku horretan jartzeak esan nahi du emakumeak etengabe pentsatzea zerbait gaizki aterako dela». Ildo horretatik, Lopezek erran du amen eta haurren osasuna babestea helburu, neurri batzuk hartu direla, baina egoera «guztiz muturreraino» eraman dela, eta «kontrako aldera» iritsi.
Gehienetan, prozesu honetan murgiltzen diren emaztekiek erditze naturala izaten dute helburu. Ordea, horrek ez du erran nahi gainerako aukerak —zesarea edo erditzea induzitzea, bertzeak bertze— baztertzen edo gaitzesten dituztenik. Hori argi du Lopezek: «Hipnoerditzearen bidez gidoiak oso landuak dira erditze naturala lortzeko, baina hor badago tranpa bat: amestutako erditze hori bihurtzea aukera bakarra, eta hori bihurtzea exijentzia. Gure helburua da erditzearen esperientzia ahalik eta onena izatea, zehaztu gabe nolakoa izan behar duen». Morenok gehitu du inportanteena dela «erremintak izatea momentuan gertatu ahal denari aurre egiteko».
«Badago tranpa bat: amestutako erditze hori bihurtzea aukera bakarra, eta hori bihurtzea exijentzia. Gure helburua da erditzearen esperientzia ahalik eta onena izatea, zehaztu gabe nolakoa izan behar duen»
OIHANA LOPEZPsikopedagogoa
Informazioa gako
Erreminta horietan indartsuena da informazioa, eta, hori ulertzeko, ingelesetik datorren BRAIN formula darabilte:benefits, risks, alternatives, instinct, eta nothing (onurak, arriskuak, alternatibak, sena eta deus ere ez). Erditzean ez ezik, bizitzan bertze edonoiz erabil daitekeen formula dela azaldu du Morenok, galderak eginez «erabaki koherente bat» hartzeko: «Zein onura eta arrisku ditu eginen dugun honek? Eta zer bertze aukera ditugu? Informazio hori guztia izanda, zer dio gure senak? Eta zer gertatuko da ezer ez badugu egiten?».
Emazteki bati zesarea bat eginen diotela erraten diotenean aplika daiteke, Lopezek erran duenez: «Normalean ez dugu hori nahi izaten, baina baliteke beharrezkoa izatea. Eta nahiz eta norberak hori ez duen nahi, erabakia kontzienteki hartu behar da. Hor aldatu egiten da esperientzia: ez du kanpoko norbaitek erabakiko zein izanen den zure esperientzia. Behartua sentitzea traumatikoa izaten ahal delako».
Teorian erraza den arren, praktika bertzelakoa dela onartu du Morenok, eta horregatik lantzen dituztela beldurrak hipnoerditzean: «Gure bizitzan zehar hezi bagaituzte menpekoak izateko edo bertzeen nahiak asetzeko, erditzean nekez lortuko dugu mugak jartzea, eta nahi dugun hori zer den argi uztea. Bai medikuekin, eta baita familiarekin edo beren iritzia emateko eskubidea dutela uste duen edozeinekin».
Bide horretan norbait ondoan izaten dute emazteki gehienek: bikotekidea, lagunen bat edo ama. Horiei ere leku bat egin diete liburuan, erremintak izan ditzaten egoerari aurre egiteko. Lopez: «Laguntzailea oso garrantzitsua da: ama egon daiteke oso lasai, baina ondoan duena urduri badago, amak hori sentituko du, eta kontrara». Hortaz, pertsona horiei ere baliabideak helarazi nahi dizkietela azaldu du Morenok: «Amaren eta laguntzailearen artean elkarrizketa irekitzeko bidea da: elkarri zer eskatu ahal dioten jakin dezaten».
Finean, Morenok ondutako eta Lopezek itzulitako liburuan emaztekiaren ongizatea dute helburu: erreminta teoriko zein praktikoz betetako kutxa gisa irudikatu dute. «Tresna horiek emakumeak prozesu baten bidez barneratzen ditu, eta hala sentitzen badu, erditzean erabil ditzake», borobildu du Morenok.