Eleanor Picq. Erditzeko lekua aukeratzeko kolektiboko kidea

«Erditzean gure ondoan egonen dena hautatu nahi dugu»

Baiona
2014ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gaur arte Ipar Euskal Herrian era naturalean erditzeko aukera bakarra Orthezko ospitalera (Biarno) joatea zela azaldu du Eleanor Picqek (Bardoze, Lapurdi, 1987), erditzeko lekuaren hautatzeko eskubidea aldarrikatzen duen guraso kolektibo kideak. Zentro hori hetsi dutenetik, ordea, urrunago dute horretarako aukera: Olorongo erietxean (Biarno).

Nork osatzen duzue kolektiboa? Zein aldarrikapen dituzue?

Amek osatzen dugun kolektiboa gara, eta aiten sostengua dugu. Gure artean daude Orthezko ospitalean, etxean edo era tradizionalean erditu garen emazteak. Azken modu horretan erditu direnek adierazi dute horrela erditu nahi izan ez bazuten ere aski ongi pasatu dela. Erditzeko lekua hautatzeko eskubidea eta erditzen lagunduko digun pertsona aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Posible bada, haurdunaldian gure ondoan egonen den emagina hautatu nahi dugu.

Iaz, erditzeko lekua hautatu ahal izana aldarrikatu zenuten.

Etxean erditzeko eskubidea aldarrikatu genuen —gaur egun ia ezinezkoa da—, eta aukera hori eskaintzen duten emaginen beharrezko asurantza lortzea. Orain urrunago goaz. Orthezko erietxea hetsi dutenetik, ez dago era naturalean erditzeko aukerarik. Euskal kostaldeko ospitaleetan haurrak era naturalean izatea ahalbidetuko duten aretoak jartzeko eskatzen dugu, eta haurdunaldi osoan gure ondoan egon den emagina bertan egotea ere bai.

Zergatik hetsi zuten Orthezko erietxea?

Ospitalean izaniko istripuak eragin zuen, baina aurretik arazoak zituzten. Langile kopuru txikia zegoen, eta eskualdeko osasun agentziak ez zituen sostengatzen.

Zein dira emaginek dituzten oztopo nagusiak?

Ospitalean emagin gutxi daude. Bi edo hiru erditzez arduratu behar dira, eta ezin dute emaztea lagundu behar den bezala. Gainera, emaztea ez dute aurretik ezagutzen, haurdunaldian ez baitituzte segitu. Haurdunaldian ondoan egon den emagin batek laguntza hobea eskaintzen ahal dio amari. Emagin liberalak ezin dira haien pazienteaz arduratu ospitaleetan. Zailtasunak dituzte. Horrela diharduten emagin gutxi direnez, lan asko dute. Lanak ez du bat egiten haien bizi pertsonalarekin, eta ez dira behar diren bezala ordainduak. Ospitaleetan, ez dute emagin «liberalik» nahi. Baionako ospitalean jada paziente asko dituzte, eta emagin liberalen pazienteak gehitzen badira, oraindik gehiago izanen lirateke.

Ipar Euskal Herrian hiru ospitale daude soilik. Ez al da arazo bat?

Bai. Gutxi dira, eta distantzia luzean. Etxean erditu nahi dutenentzat ere arazoa da distantzia. Erditzean arazo bat balego eta ospitaletik urrun bazara, oztopo bat izango litzateke. Ospitaleak hesten dituzte. Egitura txikiak itxi, handiak sortzeko. Horrek erditzeak industrializatzen ditu, eta haurdun diren emazteen laguntzan oztopoak eragiten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.