Emagina

Afaf Malainin Talebuya: «Erditze gelak beti ez dira toki seguruak izaten emakume migratzaileentzat»

Emakume migratzaileek arrazakeria eta indarkeria obstetrikoa pairatzen dituzte sarri. Horri aurre egiteko, lehenengo urratsa arazoa ikusaraztea da, Malaininen iritziz.

Afaf Malainin Talebuya emagina. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Afaf Malainin Talebuya emagina. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko urriaren 29a
05:00
Entzun

Jendaurrean hitz egitea gorroto du Afaf Malainin Talebuya Bilboko Basurtuko ospitaleko emaginak (Tindufeko saharar iheslarien kanpalekua, Aljeria, 1993), baina erabaki zuen parte hartu behar zuela Esku Hutsik elkarteak aurreko astean antolatu zuen indarkeria obstetrikoari buruzko III. kongresuan. «Zeuen buruari galdetuko diozue: 'Zergatik?'», galdetu zien bertaratu zirenei. Eta segituan erantzun zuen: «Migratzaileok eta batez ere emakumeok espazioak hartu behar ditugu entzun gaitzaten. Emakume migratzaileren bat diskriminazio arrazistak jasaten ari den bitartean eta ahotsa altxatu ezin duen bitartean, hemen egongo naiz ni jendaurrean hitz egiteko beldurrari aurre egiten eta haien guztien bozgorailu izaten saiatzen».

Indarkeria obstetrikoa, dolu perinatala eta osasun mentala izan zituzten hizketagai kongresuan. Eta pauso bat harago joan zen Malainin: arrazakeriari eta indarkeria obstetrikoari buruz hitz egiteko hartu zuen hitza. Argi du aipatzen ez dena ez dela existitzen. Hortaz, solasaldia amaitu zenean, tarte bat hartu zuen BERRIAk egindako galderak erantzuteko.

Aipatzen ez dena ez da existitzen; horregatik erabaki duzu osasun sistemako arrazakeriari buruz hitz egitea.

Osasun langile gisa, neure egunerokoan ikusten dut. Arrazakeria hori esplizituki adierazten da; hitzez, alegia. Emakume migratzaileak ospitalera datozenean, osasun langile asko gaizki esaka hasten dira. Beste askotan, indarkeria obstetrikoa ere jasaten dute emakumeek; emakume autoktonoei egingo ez lizkieketen jarduketa batzuk egiten dizkiete.

Arrazakeria eta indarkeria obstetrikoa izan dituzu hizketagai. Ohikoa al da erditze geletan?

Esango nuke baietz. Indarkeria hori jasan duten emakume batzuekin hitz egin izan dut nik. Behin, emakume marokoar batek kontatu zidan erditze gelan egon zela 03:30ean. Zesarea bat egiteak ahalegin handiagoa eskatzen zuenez, emakumea migratzailea zenez eta hizkuntza ulertzen ez zuenez, ginekologoak erditze instrumental bat egitea erabaki zuen, berarentzat askoz erosoagoa izango zelako. Emakume horrek urradura handia izan zuen, baita erditze ondoko hemorragia ere. Jaioberria, gainera, ospitaleratu egin behar izan zuten, ondorio neurologikoekin. Horrez gain, azpimarratu nahiko nuke emakume migratzaileek esan didatela ez dituztela tokiko emakumeen gela berberetan jartzen, baizik eta beste migratzaileekin edota ijitoekin.

Indarkeria mota hori ikusezina dela esango zenuke?

Bai. Are gehiago, esango nuke indarkeria hori erabiltzen duten profesionalak ez direla jabetzen indarkeria hori erabiltzen ari direnik. Normalizatuta daukate, eta ez dute ikusten.

«Etxetik irteten garenetik bertatik, indarkeria eta diskriminazio asko pairatzen ditugu ibilbide osoan. Hona iristen garenean, gainera, arrazakeria, xenofobia eta aporofobia jasan behar izaten ditugu»

Emakumeek konfiantza eta segurtasuna behar dute erditzeko unean. Erditze gela hori bermatzen duen espazio bat al da?

Beti ez da toki segurua izaten emakume migratzaileentzat; batzuetan, babesgabetasun handiko lekua da. Haientzat, erditzeko momentua estresagarria eta gogorra izaten da, baita beldurgarria ere bai.

Zergatik sentitzen dira babesgabe emakumeak?

Etxetik irteten garenetik bertatik, indarkeria eta diskriminazio asko pairatzen ditugu ibilbide osoan. Hona iristen garenean, gainera, arrazakeria, xenofobia eta aporofobia jasan behar izaten ditugu. Babesgabe sentitzen gara, eta tokiko biztanleak baino apalagoak garela sinesten dugu. Erditzean, askotan, migratzaileak jabetu egiten dira indarkeria pairatzen ari direla; baina, hain justu, ikasia duten babesgabetasun horrengatik, ez dira ausartzen salatzera, ezta euren burua defendatzera ere. 

Zer-nolako esaldiak entzun dituzu erditzeetan?

Lankideren batek esan izan du gorroto duela marokoarrak nola erditzen diren, ez dutelako epidurala eskatzen eta gehiegi mugitzen direlako. Niri esan didate hori, eta ni arabiarra naiz. Eusko sahararra sentitzen naiz, bai, baina ez naiz Bermeokoa ere [Bizkaia]. Hori entzuteak min ematen dit. Gainera, epidurala eskatzen ez duen edozein emakume mugitu egingo da, jatorria edozein izanda ere. Beste esaldi batzuk ere entzun ditut: «Latinoamerikarrak asko kexatzen dira, eta ahoberoak dira», edo «senegaldarrak klasista hutsak dira».

Pazienteek ez ezik, osasun langileek ere arrazakeria pairatzen dute. Zuk zeuk pairatu duzu.

Nik ere entzun behar izan ditut horrelako esaldiak. «Uste nuen atzerritar guztiak laguntzak eskatzera bakarrik etortzen zinetela», esan izan didate. Beste behin, kontratua sinatzera joan nintzenean, pentsatu zuten zaintzailea edota laguntzailea nintzela. Lan duinak dira, noski, baina ni emagina naiz. Esan zidaten: «Azkarra zara, orduan». Nire hazpegiak diferenteak izateagatik, zergatik uste dute ez naizela unibertsitatera joan?

Osasun langileek zer egin dezakete emakume migratzaileek esperientzia positiboagoa izan dezaten erditzean?

Emakumeek kontu sinpleak eta zentzuzkoak besterik ez dituzte eskatzen: giza eskubideak errespeta diezazkietela, ez ditzatela umeak bezala tratatu, duintasunez artatu ditzatela, eta, mesedez, ez ditzatela epaitu.

«Badirudi emakumeoi gizonei baino gehiago interesatzen zaizkigula aldarrikapen, zaintza eta gizarte gaiak; erro patriarkal eta matxista bat dago bertan»

Eta zer egin beharko litzateke langileen kontrako arrazakeria amaitzeko? 

Garrantzitsua da arazoa ikusaraztea. Kongresu hauen bidez gero eta jende gehiagorengana heldu gaitezke. Nire ustez, hori abiapuntu oso indartsua da diskriminazio horren inguruan sentsibilizatzeko. Horrekin ez dut esan nahi osasun langile guztiak munstroak garenik; baizik eta bakoitzak bere burua aztertu behar duela, eta giza eskubideak jarri behar ditugula arretaren erdigunean.

Kongresuko parte hartzaile ia-ia guztiak emakumeak izan dira. Arreta eman dizu horrek? 

Egia esan, ohitu samar nago. Badirudi emakumeoi gizonei baino gehiago interesatzen zaizkigula aldarrikapen, zaintza eta gizarte gaiak; erro patriarkal eta matxista bat dago bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.