Foro Sozialak bizikidetza demokratikoa eraikitzeko diren aukerez eta zailtasunez hitz egiteko proposamena egin zien hiru solaskideei, Iruñeko Baluarte jauregian egin zen mahai inguruan. Irabazle eta galtzaileen logikatik aldenduz, «erdiko erreitik», euren ikuspegi eta ideiak azaldu zituzten Helena Taberna zinema zuzendariak etaDaniel Innerarity eta Jorge Urdanoz pentsalariek. Azken biok filosofiaren eremutik ekarpen interesgarriak egin zituzten, baina Tabernak pasarte soil batekin laburbildu zituen elkarbizitzaren erpin ezkutuak: bere ibilbidearen hastapenetan, 36ko gerrak Altsasun izandako ondorioez egindako dokumentalean jakin zuen zahar etxean bizi zirela biktimak eta borreroak. «Denborarekin pentsatu izan dut benetan filma pasarte hartan oinarritu behar nuela, kamerak sartu eta egoitza haren elkarbizitzan sakondu».
Tabernaren irudiko, kulturak, eta haren adierazpideetako bat den zinemak, lagun dezake bizikidetzan, «kulturaz elikatzen den pertsonak pentsamendua zein kritika egunerokora eramaten duelako». Haren irudiko, alor horretan, «zinemak indar handia du, arrazionalizazioaren ariketa emozioarekin nahasteko gaitasuna duelako». Nabarmendu zuen bere filmekin beti nahi izan duela ikus-entzuleari gogoeta eraginaraztea eta, ariketa horretan, gizartea eraldatzea. Taberna ziur dago, adibidez, Irlandako bake prozesuak iraganean ez zuela hainbeste urratsik egingo ordu hartan zinemagile irlandarrek egindako pelikularik gabe».
Jorge Urdanozek Patria telesailaren kartelak eragindako harrabotsari erreparatu zion — Irudi berean ageri dira ETAren biktima den pertsonaietako bat eta poliziek torturatutako beste bat—. Urdanozi interesgarria suertatu zaio polemikak atzean islatzen duen ñabardurarik gabeko pentsamoldea. «Etakidea borreroa da atentatua egiten duenean baina biktima torturatua denean. Pertsona bera da. Aldi berean, poliziak biktimak dira erailak direnean, baina borreroak dira torturatzen edo hiltzen dutenean. Ñabardurak ezarri behar dira zatiketen ordez».
Alta, Urdanozek uste du euskal gizartearen sektore batek eta Espainiakoaren sektore zabalago batek ez duela gaitasun emozionalik estatuaren biktimen errealitatea onartzeko. «Egindako hori onartuko balitz, begiak irekiko balira, bide onetik urratsak egin ahalko genituzke. Psikologoek esan ohi dute, baina, datu objektiboekin ezin dela konbentzitu». Haren ustez, blokeo emozional hori gainditzea da uneotan dagoen zailtasun handienetako bat.
2015eko martxoan, Nafarroako Parlamentuak onartutako motibazio politikoko biktimen legeak egindako ibilbide luzea jarri zuen horren adibide.PPk helegitea jarri eta Auzitegi Konstituzionalak legearen eduki nagusia indargabetu zuen: «Horrek esan nahi du juridikoki biktima horiek ez direla existitzen. Giza ikuspegi batetik izugarria da, badakigulako hor direla. Ukitu ditzakegu, entzun». Gogora ekarri zuen Konstituzioaren lau zutarri nagusietako bat justizia dela, eta lege nagusi horren zaintzaile izatea dela Auzitegi Konstituzionalaren egiteko nagusia: «Oso zaila da justizia egitea biktima jakin batzuk ez aitortzeaz arduratu zarenean. Zergatik ez dira biktima horiek aitortzen eta beste batzuk bai?». Haren ustez, bi aldeko ikuspegi manikeoa «arriskutsua» da, bi taldetan banatzen duelako errealitatea: onen eta gaiztoen artean, biktimen eta borreroen artean, irabazle eta galtzaileen artean.
Akordio faltan, eroso
Daniel Innerarityk hizpide izan zuen politikan ohikoa den jarrera bat. «Politikari asko erosoago daude negoziatzeko ezintasunean, ez dutelako akordioaren logika horretan sartu nahi. Nahiago dute ezintasun hori kudeatu, benetan gizartea eraldatu baino». Innerarityren arabera, akordioak eskatzen du bi aldeek amore ematea, zenbaitetan norbere printzipioetan atzera egitea eta aldekoei horri buruz azalpenak ematea: «Errazagoa da esatea arerioen errua dela, nahi dugun dena lortzea galarazten digutelako». Haren ustez, bizikidetzan sakoneko aldaketak egiteak akordioak eskatzen ditu eta blokeo hori gainditzea, jarrera hori «kontserbadorea» delako eta funtsean nahiago duelako ezer ez aldatzea.
Erdiko erreitik, eraikiz
Bizikidetza hizpide izan dute Helena Tabernak, Daniel Innerarityk eta Jorge Urdanozek, Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu