Ibon Leibar eta Intza Gurrutxaga. EHEko kideak

«Erdigunera ekarri behar da berriz 'independentista' hitza»

EHEn garbi dute euskaltzaletasunak eta independentismoak uztartuta behar dutela; ozendu beharreko mezua delakoan, topaketa bat egingo dute asteburu honetan. Gurrutxaga eta Leibar dira antolatzaileetako bi.

GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Anoeta
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
EHE Euskal Herrian Euskaraz elkartearen egoitzetako batean, Anoetan (Gipuzkoa), Intza Gurrutxaga (Getaria, Gipuzkoa, 1996) eta Ibon Leibar (Bergara, Gipuzkoa, 1986) mintzo dira, eskuorri eta kartel artean. Euskaltzale Independentiston Topaketak izenekoak egingo dituzte asteburuan hantxetik hurbil, Villabonan, eta azken antolaketa lanekin ari dira. Pozik. «Ehun bat pertsonak eman dute izena jada». Gehiago ere espero dituzte oraindik. Horrek erakusten duen sendotasuna nabarmendu nahi dute biek. Izan ere, EHEk igaro ditu bolada apalak, baina pandemia garaian mugimendua biziberritzeko egin zen barne lanketak fruitua eman duelakoan daude. Prozesu horren ondorioetako bat izan zen lehen «inplizituki» EHEren inguruan ardaztuta agertzen zen ideia biziberritzea, lehen lerrora ekartzea euskaltzaletasuna eta independentismoa lotuta daudela. Villabonan, asteburuan, gaiaren gaineko gogoetak hauspotzea da orain asmoa, eta bi urtean behin egitea topaketak, kontzientziak bizirik iraun dezan.

Zergatik atera nahi izan duzue orain gaia plazara?

IBON LEIBAR: Baten batek hartu beharra du bere gain independentzia hitza, eztabaidara ekarri behar du: erdigunera ekarri behar da berriro independentista hitza. Gero, urte osoan praktikara-eta eramateko hainbat ondorio aterako dira topaketetatik. Etorriko den jendearekin harremanak lantzeko ere balioko dute; kontaktuak egiteko, jendearekin egon ahal izateko.

Euskararen normalizazioa independentziarekin bakarrik lor daitekeen ideia hauspotzea da, finean, asmo behinena?

INTZA GURRUTXAGA: Hori da, justu mahai inguru nagusia horri buruzkoa izango da: Euskararen errepublika eraikiz. Hor bost hizlari ariko dira [Amets Aranguren, Amets Arzallus, Eneko Bidegain, Estitxu Garai eta Lorea Agirre]; bakoitzak bere esparrutik azalduko du nola eraiki daitekeen euskararen errepublika hori.

LEIBAR: Iaz, Txillardegiren omenezko pare bat hitzaldi egin genituen bide horretan, Donostian; eragile independentista batzuk eta euskaltzale batzuk elkartu genituen behar hori ikusteko, Txillardegik esaten zuen hori: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz».

GURRUTXAGA: Hori da, bi borrokak batera ulertzen ditugu, eta horretan jarri nahi dugu: bide hori lantzeko, elkarrekin nola egin daitekeen ikusteko. Azkenean, iruditzen zaigu bi prozesu horiek, independentista eta euskaltzalea, ezinbestekoak direla euskararen errepublika eraikitzeko bidean. Asmoa da horren inguruan hausnartzea, eta, gero, baitabide hori nola egin daitekeen ikustea ere, bide askotatik egin baitaiteke. Hainbat tailer ere egingo ditugu topaketetan, hausnartzeko esparru ezberdinetatik nola eraiki dezakegun.

LEIBAR: Ea eragitera heltzen garen: hori nahi dugu. Honi pisua emanda, honi indarra emanda, hau zabalduta. Hainbat alorretatik gogoetak eginda, baliteke azkenean beste batzuk interpelatuta sentitzea, eta ea eragitea lortzen dugun. Azken hamarraldian euskalgintzak eta nazio pultsuak behera egin dute, geratu egin dira, eta ea hurrengo hamarraldian gora egiten duten berriz; ea lortzen dugun, beste hainbat talderekin batera.

Euskalgintzak hilabete asko daramatza euskararen aurkako «oldarraldi judiziala» salatzen. Hain justu, euskararen erabilera sustatzeko arau eta irizpideen aurkako epai ugari egon dira. Egoera horrek argi uzten du euskara zeinen babesgabe dagoen usu egungo arkitektura instituzionalarekin, ezta?

GURRUTXAGA: Hori da, oldarraldi judizialak argi erakusten du... Kontseiluak berak behin eta berriz salatu du epai horien bidez hizkuntza politika egiten ari direla: euskaldunen kalterako. Bata bestearen atzetik datoz sententziak. Hor ikusten da behar dugula esparru juridiko eta politiko independente bat, ez dena egongo zapaltzen gaituzten estatuen mende. Gainera, oldarraldi mediatiko, politiko eta judizial bat da: orokorra. Eskuineko ideologiak, bitartean, indartzen ari dira, harrotzen; hori ikusita, oso garrantzitsua da guk beste bat eraikitzea eta hor indarra jartzea.

LEIBAR: Kontseiluak eta sindikatuek-eta esana da: urtean hamar-hamabi eraso dira gutxi gorabehera. Hor atzean estrategia bat ikusten da. Gainera, hainbat auzibide irabazi dituzte; horiekin, indarra ematen zaie beste auzibide batzuetarako. Hein batean, horrekin lortzen da iritzi publiko bat sortzea ere: «Euskarak diskriminatu egiten nau».

GURRUTXAGA: Garrantzitsua da hau eskubideen esparruan sartzea. Alegia, guk euskaraz bizitzeko eskubidea daukagu; hori aldarrikatzen dugu. Beraz, hori mugatzen bazaigu, gure eskubideen aurka ari dira. Diskurtso horietan, lan eskubideak hizkuntza eskubideen kontra jartzen dituzte sarri; bi gai horiek ez doaz elkarren kontra.

Bestalde, euskalgintzan gero eta usuago zabaltzen ari da orain arte hedatu ez den eremu batzuetara ailegatzeko beharra. Independentziaren aldeko mezuetatik urrun egongo dira eremu askotan. Nola ehundu sareak eta konplizitateak?

IBON LEIBAR: Esaten da: «Euskaltzalea izan zaitezke independentista izan gabe»... Baina batzuek hemendik eragin behar dugu. Ez dakit Euskal Herrian zenbat pertsona sentituko diren independentista, baina horiek aktibatzen badira, eragina izango du.

GURRUTXAGA: Guk erabaki dugu esparru ideologiko honetan aritzea. Saiatuko gara ahalik eta sare handiena egiten, errealitatera egokitzen, baina guk ulertzen dugu aldarrikapen horiek batera joan behar dutela. Horri eutsiko diogu: baztertu gabe hitz egitea, eta indarrak bateratzea ahal den eremu guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.