EH Bilduren sorreratik, lehen aldiz egin dute Eusko Jaurlaritzak eta koalizio subiranistak halako akordio bat: 253 milioi euro balio duten hainbat zuzenketaren truke, EH Bildu abstenitu egingo da gaur, 2022rako aurrekontuen inguruko bozketan. EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute Eusko Legebiltzarrean, eta adostasuna ez zen ezinbestekoa kontuak onartzeko. Badu, baina, garrantzia eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko borrokan.
Akordioaren zenbakiak alde batera utzita, haren balio politikoa eta sinbolikoa nabarmendu ditu Ainara Villaño Silvan&Miracle kabineteko politologoak. Garrantzia politikoa, lehen aldia delako Eusko Jaurlaritzak eta oposizioko lehen alderdiak halako akordio bat egiten dutela: «Legebiltzarreko aulkien %82 dituzte EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk. Horrelako akordio politiko bat imajinaezina da estatuan». Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «kultura politiko propio bat» dagoenaren ideia indartzen du, politologoaren hitzetan, «Espainiako zarata politikotik aldenduta».
Sinbolikoki, berriz, COVID-19ak eragindako pandemia garaian, «gizartea gero eta nekatuago dagoen unean», herritarrei «egonkortasuna eta konkordia» transmititzeko mezu gisa erabili dela nabarmendu du Villañok: «Horrelako akordio batek konexioa berreskuratzen lagun dezake, eta abstentzio tasa handiak eragozten».
Akordioa itxi duten unea azpimarratu du Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakasle Braulio Gomezek ere: «Luze gabeko eraginetatik eta estrategietatik harago, ezin da ahaztu ezohiko une batean iritsi dela». Pandemiaren testuinguruari Europatik iristear diren berreraikuntzarako funtsak gehitu dizkio hark. Irakaslearen arabera, Europako Batasunean horizonte bateratu bat dago, eta, nolabait, ideia sozialdemokratekin lotutako bidea jorratzearen alde egiten da, gobernuei arlo sozialean gastatzeko deia eginez: «Ezohiko orientazio horrek egin du posible interes politiko ezberdinak dituzten eta elkarren arteko lehian dauden bi indar beren hautesleen aurrean agertzea akordio hori itxi dutela esanez».
EH Bilduren kasuan, Villañok eta Gomezek uste dute akordioa azken urteetan egindako estrategia aldaketaren parte dela. Nafarroako eta Espainiako aurrekontuen inguruko negoziazioetan koalizioak izan duen rola gogorarazi du Deustuko irakasleak, eta adierazi «jarrera eraikitzaile horrek» harrera ona izan duela gizartean: «Ez du inolako kosturik izan, ezta hautesle ortodoxoenen artean ere». Hala, uste du «normaltasun handiz» hartu dela EH Bilduk Jaurlaritzarekin akordioa egin izana, eztabaida publikoan ezohikotzat jo den arren: «Gizartea ez da bi indarren arteko protagonismo lehiari begira egon».
Villañok, berriz, koalizioak gai sozialei eman dien «garrantzi gero eta handiagoaren» erakusletzat jo du lortutakoa. «EH Bilduren hautesleen zati handi bat gaztea da, eta haiei zuzendutako mezu bat dago akordioan», gehitu du: «Inklusioa, etxebizitza, lana eta klima aldaketa oso garrantzitsuak dira gazteentzat».
Etxebizitza eta Lan sailak PSE-EEren esku daude Jaurlaritzan. Baina, Villañok azaldu duenez, EAJk bere egin du lortutakoa, Ogasun Sailaren parte hartzearen bidez. Uste du sozialistak ez direla gai izan «akordioa kapitalizatzeko»: «Agian, Madrilen zarata ez egiteko». Kontrara, EAJk bere «aurpegi atsegina» erakusteko baliatu du hura, politologoaren hitzetan; are gehiago, «neurri murriztaile gehiago hartu beharko dituen unean egin du». «Bat dator, gainera, [Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo] Urkulluk hauteskunde kanpainan bidalitako mezuekin: auzolana eta elkarrizketa», azaldu du Villañok.
Zelaia zabaltzen
EAJko eta EH Bilduko buruek azken asteetan adierazi dute akordioak ateak ireki ditzakeela adostasun berriak lortzeko, baina, Gomezen esanetan, horiek ez dira «automatikoki» irekiko, eta testuinguruaren araberakoak izango dira. Hartara, adierazi du arreta jarri beharko dela hezkuntza legearen eta autogobernu txostenaren inguruko eztabaidetan: «Ea bi alderdiek zenbaterainoko gaitasuna duten gizartearentzat onuragarriak izango diren eta etekin elektorala emango dieten akordio gehiago egiteko».
Beraz, Gomezek ukatu egin du fase berri baten hasiera denik; haren arabera, ez baita bazkide aldaketarik izango. Hori bai, nabarmendu du EAJk «zelaia zabaldu» duela, akordioak lortzeko aukerak areagotuta: «EAJk ez du zentroa galdu nahi izan, eta hori gerta dakioke EH Bildurekin akordioak egiteari uko eginez gero». Halako jarrera erakusteak PSEri emango lioke aukera, irakaslearen esanetan, jeltzaleak bazkide gisa mantentzearen eta ezkerreko hiruko gobernu bat osatzearen artean hautatzeko.
Aukera horren bideragarritasunaren inguruko «keinuak» ikusi ditu Villañok azken hilabeteetan: «Hiruko gobernuaren gaia atera da». Izan ere, hark azaldu du EH Bilduk ere «pibotatu» dezakeela, erakutsi duelako gai dela EAJrekin, PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemosekin akordioak lortzeko: «Ahalegin handiak egiten ari da eragin handiko alderdi gisa azaltzeko». Horren adibidetzat jo du Durango (Bizkaia). EH Bildu eta Herriaren Eskubidea-Elkarrekin Podemos koalizioek osatzen dute udal gobernua, eta aurreko astean aurreakordio bat itxi zuten Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin (PSE-EE). Herri hartako trenbidea lurperatu ondoren libre geratu den gunean «proiektu bideragarri bat» egiteko plan bat iragarri zuten, aurrez EAJk sustatutako proiektua atzera botata.
Hala eta guztiz ere, Gomezek ez du EH Bildu EAJren hegemoniagatiko borrokan ikusten oraindik, eta uste du EAEko politikagintza bipartidismo inperfektu batetik urrun dagoela: «Badago EH Bilduk lehiara sartu ezin duen gune bat». Izan ere, azken Deustobarometroaren arabera, oraindik ere hiru hautesletik batek ez luke inolaz ere koalizio subiranistaren alde egingo.
2023ra begira
Villañok azaldu duenez, «etengabeko kanpainaren» garaiotan, alderdiak une oro daude hurrengo bozei begira. Horiek 2023ko foru eta udal bozak izango dira, eta, Gomezen esanetan, «agertoki berri bat» irekiko dute: «Ez soilik indar abertzaleei dagokienez, baita gainerakoentzat ere». Irakasleak uste du, besteak beste, litekeena dela PSE-EE aktore garrantzitsu gisa iristea bozetara, gobernuak erabakitzeko «giltzarekin».
Elkarrekin Podemosen kasuan, Madrilen aktibatuko den hurrengo proiektuaren esperoan dago Gomez, «soziologikoki desagertu den gune bati» erantzuteko gai izango ote den ikusteko: «Zuloa ez du Elkarrekin Podemosek beteko; beste zerbait izango da». Izan ere, Villañoren hitzetan, koalizioak definitzeko du bere estrategia: «[Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko] Akordioaren ostean, saiatuko dira beren burua oposizio erreal gisa aurkezten». PPk, berriz, «protagonistak eta diskurtsoa» aldatu beharko lituzke egoera iraultzeko, Gomezen ustez. Villañok gehitu du PPk duen «agenda espainiarra» moldatu beharko lukeela: «Ez da bertakoan pentsatzen ari».
Bozak iritsi bitartean, ordea, begirada abstentzionistengan jarri beharko da, adituen ustez. «Haien jarrerak definituko du datozen urteetako politika instituzionala», azaldu du Gomezek.
Erdigunean kokatzeko akordioa
Legebiltzarrak gaur onartuko ditu 2022rako aurrekontuak. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin egingo du, eta, lehen aldiz, EH Bilduren abstentzioarekin. Jaurlaritzaren eta subiranisten arteko akordioak ez du eragin zuzenik izango bozketaren emaitzan, baina bai indarren arteko harremanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu