Gerra Ukrainan. Errefuxiatuak Euskal Herrian

Erbestean bat eginda

UkraniaSOS elkartera batu dira gerratik ihesi iritsi berri diren hainbat emakume, jaioterrira laguntza bidaltzeko. Erasoa «pentsaezina» zela berretsi dute

Ezkerretik eskuinera, Dobrovolska, Kyzyma, Tsar, Kaminska eta Kira haurra, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun

«Oso emakume kementsuak dira hauek». Miresmenez mintzo da Kateryna Kaminska Ukrainatik iritsi berri diren herrikideez. Lau aste dira Iryna Tsar, Alina Dobrovolska eta haren alaba Kira Dimako (Bizkaia) familia baten etxera heldu zirela, eta oraindik herabe begiratzen dute ingurura. Jario handiagoa du Alona Kyzymak: fisikaria da ogibidez, eta bi urte daramatza Euskal Herrian, baina pasioz oroitzen ditu bere jaioterriko ohiturak, paisaiak eta jakiak. Gerrak behartuta, ordea, UkraniaSOS elkarteko koordinazioan dabil orain, Kaminskarekin batera, eta errefuxiatuak ere batu zaizkie azken egunotan. Ihesean edo erbestean ezagutu dute elkar lau emakume helduok, eta orain bat eginda daude, jaioterrian utzitako senideei eta lagunei laguntza bidaltzeko lanean. «Gure nebak dira, aitak, senarrak».

Ikusi gehiago:3.000 ukrainar baino gehiago etorri dira Euskal Herrira gerra hasi zenetik

Elkarteak Bilbon duen egoitzaren aurrean egin dute hitzordua: Bizikidetza plazan. Telefonoa esku artean dute denek: argazkiak erakusten dituzte, sare sozialetako edukiak, Ukrainara igorritako paketeen irudiak... eta adi dabiltza, handik zer mezu iritsiko. Jaioterrian geratu baitira Tsarren eta Dobrovolskaren senarrak, baita Kaminskaren eta Kyzymaren senideak eta lagunak ere. «Ez da erraza haiekin komunikatzea. Leku batzuetan argindarrik gabe daude, eta telefonoak kargatzeko ere zailtasunak dituzte», azaldu du fisikariak.

Iritsi berriek hitza hartu dutenean, berehala agertu da iheslariek maiz aipatzen duten aldagai bat: zortea. «Gu ondo gaude. Ez dugu Butxako edo Mariupoleko jendeak bezain txarto pasatu», adierazi du Dobrovolskak. Haien kontakizuna, ordea, sufrimenduz blaituta dago. Errusiako armadaren erasoaldiaren lehen orduak «ikaraz» oroitu ditu Tsarrek: «Goizaldeko 05:00etan hasi ginen leherketak sentitzen: etxe osoa dardarka. Amari deitu nion, ez genekien zer gertatzen ari zen... Interneten ikusi genuen Errusia Ukraina inbaditzen hasi zela. Aurreko asteetan eztabaidak entzun genituen gerraz, baina guretzat pentsaezina zen egiaz gertatuko zenik».

Uman hirian bizi ziren biak, Kievetik 200 kilometro ingurura, hiriburutik Odesarainoko bidearen erdian. Berehala alde egin zuten etxetik babesleku batera. Tsar: «Bunkerrak aipatzen dira, baina halakorik ez dago berez. Guk ospitaleko sotoan hartu genuen babes. Jende asko zegoen, umeak gaixorik, oherik gabe, hotz handiz... Haurrek ezin zuten ulertu zer gertatzen ari zen. Lo egiteko, lurrean etzaten ginen, eta pertsona bat geratzen zen esna, militarrik ez zetorrela zaintzen. Albisteetan ikusten genituen etxeak sutan, hildakoak, bonba bat jaurti zutela zineman... Eta handik lau egunetara, ospitaleak ere bonbardatzen hasi ziren Ukraina osoan».

Herri osotik jasotakoak

Tsar bera 12 urteko semearekin eta ahizparen familiarekin zegoen han. Kontatu du antolatu egiten zirela babeslekutik janari bila ateratzeko: «Gizon bat une batez irten zen errepidea begiratzera eta ez zen itzuli; militar errusiarrek bahitu zuten, eta truke gisa erabili zuten beste soldadu batzuk askatzeko». Herrialde osoan dituen lagunen pasadizoak ere tartekatu ditu kontakizunean. Butxako adiskide batez jardun da: «Aste gutxiko haur bat du, babeslekuan jaioa». Edo Mariupolen bizi diren senideez: «Janari bila atera ziren aitona batzuk hil zituzten; ez dakigu besteak nola dauden». Eta Umaneko ezagunez ere: «Etxea eraiki berri zuten, eta bonbardatu egin dute; suntsituta geratu da».

Dobrovolskak gogoratu du zenbait mezuk beldurra eragin ziotela: «Nire etxeko leihotik Rozsixki herria ikusten da: bertan arma biltegi handienetako bat dago, SESBen garaitik. 30 kilometrora bizi ginenoi esan ziguten alde egin behar genuela, bonbardatuz gero leherketa oso handiak izan zitezkeelako». Hain zuzen, sare sozialen bidez ezagutu zuten elkar Iryna Tsarrek eta Alina Dobrovolskak: Instagramez kontaktua egin zuten, eta herrialdetik nola alde egin planeatzen hasi ziren. «Gure umeak ere salbatu behar genituen».

Autoz ihes egitea zen errazena, baina horretarako gasolina behar zuten, eta ez zegoen ia. «Ilara luzeak izaten dira gasolindegietan. Nire lagun batzuek lau orduz itxaron behar izan zuten erregaia erosi ahal izateko», dio Kyzymak. Tsarrek kontatu du behin baino gehiagotan saiatu zirela alde egiten, baina ez zela segurua babeslekutik ateratzea: «Tiroka hasten zitzaizkigun. Oso arriskutsua zen». Azkenean, gauez atera behar izan zuten, etxeratze agindua urratuta: «Autoa ez ikusteko, gidariak basoetatik joan behar izan zuen, eta argiak itzalita. Izan ere, militar asko daude basoetan. Zortea izan genuen: atzetik zetorren beste ibilgailu bat tirokatu egin zuten».

Poloniako mugara iritsita, noraezean eta baliabiderik gabe, UkraniaSOS elkarteari buruzko informazioa jaso zuten, eta Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. «Egia esan, berdin zitzaigun nora joan; bonbardaketa eta tiro hotsik gabeko leku bat besterik ez genuen nahi. Toki seguru bat», azaldu du Dobrovolskak. Beste lauzpabost egun egin zituzten Europa errepidez zeharkatzen, Dimara heldu arte; bertako familia batek eman die aterpe, haien etxean, bi emakumeei eta haien seme-alabei. Esker onez mintzatu da Tsar: «Sekulako harrera egin digute. Oso ondo zaintzen gaituzte, maitasun handia ematen digute, eta denean lagundu digute: paperak kudeatzen, umeak eskolatzen... Harrituta gaude haien elkartasunarekin. Familiak ahal duen guztia egiten du guk gerra ahantz dezagun».

Umeak zelan dauden galdetzean, Kirak irribarrez erantzun du; eskolan pozik dago: «Han baino etxeko lan gutxiago ditugu». Amak erantsi du apurka joango dela lagunak egiten: «Futbol partidak ikustera joaten dira, txangoak egiten dituzte...».

Laguntza «praktikoa»

Baina emakumeok ezin dira geldirik egon, eta UkraniaSOS elkartea baliatzen ari dira jaioterrira laguntza bideratzeko. Kaminskak jarri zuen martxan egitasmoa, aspaldi utzitako aberrian gerra gordintzen ikusi zuenean: «Zerbait egin behar genuen». Nabarmendu du laguntza «praktikoa» eman nahi dutela: «Mugarako bidaiak koordinatzen ditugu, materiala helarazteko. Konfiantzazko boluntarioak ditugu bidean zein Ukrainan, ziurtatzeko ondo iritsiko dela». Kyzymak erantsi du askotariko materiala igortzen dutela: «Material medikoa, batez ere, Kieveko Unibertsitateak duen klinikara bidaltzen dugu, han ditugulako kontaktuak. Beste hiri batzuetara botikak ere helarazten ditugu; beti dira beharrezkoak. Duela aste batzuk, adibidez, arropa eskatzen ziguten, eta lo zakuak, hotz handia egiten baitzuen, baina orain epeldu du, eta janari gehiago eskatzen ari dira, Butxan eta Irpinen premia handia dutelako».

Bestetik, mikrodonazio sistema bat ere sortu dutela esplikatu du Kaminskak: «Ukrainan premia duten pertsonei edo familiei dirua bidali nahi diegu gardentasunez; eta halakoen bidez, adibidez, boluntario batzuk adinekoentzako jana erosten ari dira han». Horietako bat da haren ama: irribarrez baina kezkaz kontatu du Kherson hirian dagoela, eta ez duela handik mugitzeko asmorik, han erasoaldi bortitzak izan diren arren. Halere, itxaropenerako eta baikortasunerako tartea uzten diote amaren istorioek: «Aurrekoan esan zidan andre bati eraman ziola janaria etxera, eta emakumea loreak landatzen ari zela, pozik. Gerra betean egon arren, bazuen horretarako gogoa».

Autogestiorako gaitasunaz harro mintzatu da Kyzyma: «Antolatzeko ahalmen handia du gure herriak, eta hori bizitza asko salbatzen ari da». Eta erantsi du Ukrainako armadari ere lagundu behar diotela: «Gure etorkizuna haien esku dago». Tsar, adibidez, podologoa da, eta kezkaz erakutsi ditu soldaduen oinen argazkiak; haientzako galtzerdiak egiteko material bereziak bilatzen ari da, buru-belarri. «Gure herria defendatzeko modu bat da». Iheslariek egin dezaketen ekarpena azpimarratu du: «Europaren babesa nabaritzen dugu, eta gogor eutsi behar diogu: Ukrainan daudenei lagundu ahal diegu; ekintza guztiek balio dute, urrats txiki guztiek. Urrun egon arren, bat eginda gauza asko egin ditzakegu».

Baina, jaioterrian ez ezik, erbestean ere funtsezkoa da abaroa. Gerra guneetatik iritsitakoei ere lagundu egiten diete UkraniaSOSeko kideek. «Ostatua bilatzen diegu, hemengo gizartea ezagutarazten diegu... Oso garrantzitsua da lehen egunetako babes hori, ez daitezen bakarrik sentitu», berretsi du Kaminskak. Izan ere, errefuxiatu batzuk arazo psikologikoekin heldu direla ikusi du: «Jende asko erasanda dago trauma osteko estresarekin... Umeekin tailerrak egin ditugu, eta behin batek galdetu zidan ea hemengo parkean bonbarik al zegoen. Haiei laguntzeko laguntza behar dugu guk».

Baina, aldi berean, andreen indarra goraipatu du, eta bestelako aukerak eskatu ditu haientzat: «Lan egiteko gogoz daude, eta herri honi eskertu nahi diote eman dien laguntza. Ez dute diru laguntzarik jaso nahi; Ukrainan ez dago ia halakorik; beraz, ez zaie bururatu ere egiten. Lan egin nahi dute, gutxienez hilabete batzuetan». Izan ere, ez dute uste dute jaioterrira berehala itzuliko direnik. «Gehienek bueltatzeko gogoa dute, baina ez dute nora: etxerik ez zaie geratu, ez dago lanik, herria suntsituta dago...», esan du Kaminskak. Tsarri egin dio galdera, eta hark irmo erantzun: «Hemen, bueltan itzuli nahi nuke jasotzen ari garen guztia, baina nire herrialdea berreraiki nahi dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.