Prentsaurrekoa egin zuen atzo Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak, herenegun Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Tomas Akinokoa lizeo pribatuan gertatutako ezbeharrari buruz azalpenak emateko. 52 urteko irakasle bat zendu zen, 16 urteko ikasle batek labankadaz eraso egin ondoren. Biziki zehatz mintzatu zen prokuradorea gertatutakoari buruz, eta gaztearen buru osasunari buruzko xehetasunak ere eman zituen. Gorabehera handiak izandakoa da, eta «min egitera bultzatzen duen ahots egozentriko eta manipulatzaile batek» bultzatu duela deklaratu du Baionako komisarian egin dizkioten galdeketetan. Ikerketa judiziala abiatu dute hilketa prestatuaren akusazioarekin, eta gaztea presondegian sartzeko eskatuko du Baionako Fiskaltzak.
16 urteko gaztea «shock egoeran» dago egin duenagatik, prokuradorearen hitzetan. Mutilak izan dituen «nahasmenduak» ere aipatu ditu. Aurreko ikastetxe batean eskola jazarpena pairatu zuen, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen iazko urrian. Psikiatra baten laguntza zeukan, eta depresioaren kontrako tratamendua hartzen ari zen.
Ikusi gehiago:«Gazteek, familiek eta irakasleek azalpen bat bilatuko dute»
Fiskaltzaren eskariz, azterketa psikiatrikoa egin diote komisarian, eta zentzua galaraz diezaiokeen erreakziozko antsietate zantzuak erakutsi ditu. Baionako Polizia Judizialak egindako galdeketetan, bere baitan entzuten duen ahots hori nabarmendu du gazteak. Prokuradoreak erran du galdeketak amaitzean azterketa osagarriak egin beharko dituztela, baina baieztatu du mutilak ez duela buruko gaixotasunik, eta, beraz, erantzukizun penala egozten ahal zaiola.
Bourrierrek adierazi du gaztearen motibazioei buruz ikuspegi «lausoa» dutela. Bezperan ikaskide batekin izandako liskarra aipatu du, eta erran du beste ikasgaietan baino nota apalagoak izateagatik gaztelerako irakaslearekiko gorrotoa zuela.
Kolpe bortitza
Kazetariz mukuru bete da Baionako epaitegiko auzi gela, Baionako prokuradorearen azalpenak entzuteko. Donibane Lohizunen gertatutakoa «erabateko drama» izan dela adierazi du Bourrierrek, eta gaineratu guzien ardura dela hari buruz «neurriz» hitz egitea. Biktima eta haren hurbilekoak gogoratu ditu, baina labankada eman zuen gazteari buruzko hitzak ere izan ditu: «Familia bat du, adingabea da, eta hobengabetasun presuntzioari buruzko eskubideak ditu».
Herenegun goizetik galdeketa andana egin dituztela esplikatu du prokuradoreak, eta baieztatu du horien bidez gertatutakoari buruzko kontakizun zehatza egiteko gai direla. 09:45 inguru gertatu zen erasoa, gaztelerako klasean. Emakumezko irakaslea arbelean idazten ari zen bitartean, ikasgelako atea ixtera altxatu zen mutila, eta irakasleari labana sartu zion ondoren. Bourrierrek erran du bularraldean emandako kolpe «bortitz eta bizkorra» izan zela. Erasotzailea zutik gelditu zen, «harritua bezala», gehitu du.
Ikusi gehiago: Rudolf Cassaro: «Dolu egunak dira, eta irakasleek burua hotz mantentzen dutela esango nuke»
Ikaskideek ihes egin zuten, eta alboko ikasgelara sartu zen 16 urteko mutila. Han, bi irakaslek esku hartu zuten: arma uzteko eskatu zioten, eta gaztea lasaitzea lortu zuten. Prokuradoreak aipatutako lekukotasunen arabera, mutilak orduan adierazi zuen bere «bizia hondatu» zuela eta baten bat «bere gorputzaren jabe» egin zela.
Isilunea ikastetxeetan
Hala, atzo Tomas Akinokoa lizeoan ez zuten klaserik izan. Errektoretzak eta Baionako ospitaleak elkarlanean prestatutako laguntza psikologikoa eskaini zieten ikastetxeko ikasleei eta langileei egun guzian zehar.
Horrez gain, Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan minutu bateko isiluneak egin zituzten, hezkuntza komunitateari elkartasuna adierazteko. Horietan parte hartu zuten hautetsi batek baino gehiagok ere. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Vincent Bru Modemeko diputatua eta Max Brisson Errepublikanoetako senataria Baionako Cassin lizeoan izan ziren, esate baterako.
Irakaskuntza elebidun katolikoaren sarean parte hartzen du Donibane Lohizuneko ikastetxeak. Euskal Haziak guraso eta irakasle taldeak adierazi du hildako irakaslearen familia eta eskolako ikasle, irakasle eta langile ororenganako pentsamendua dutela, eta doluminak helarazi dizkie biktimaren hurbilekoei. Seaska ikastolen elkarteak ere «sustengua eta dolua» adierazi ditu.