Erasotzailea: gizona eta ezaguna

Nafarroan 2018-2020 arteko sexu erasoak ikertu dituzte Ana Carmona eta Juana Ramirez kriminologoek, eta, ondorioztatu dutenez, erasotzaileen %76k ezagutzen zuten biktima.

Indarkeria matxista jasaten duten gehienek ezaguna dute erasotzailea. BERRIA.
Oihane Puertas Ramirez.
Iruñea
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
«Mito bat da erasotzaile gehienak ezezagunak direla. Datuak aztertuta, ikusi dugu erasoak konfiantzazko giro batean gertatzen direla», adierazi du Juana Ramirez Herrera kriminologoak. 2018tik 2020ra bitartean Nafarroako Foruzaingoak sexu delituengatik jasotako salaketak aztertu ditu, Ana Carmona Juanmartiñena kriminologoarekin batera, eta ondorio horretara iritsi dira.

238 salaketa ikertu dituzte guztira, eta, jasotako datuen arabera, lau biktimatik hiruk ezagutzen zuten erasotzailea. Carmonak azaldu duenez, sexu askatasunaren aurkako delituak dira gutxien salatzen direnak, biktimentzat «oso zaila» delako gertatutakoa aitortzea eta salatzea, batez ere erasotzailea ezaguna denean. Horregatik, besteak beste, aztertu dituzten kasuen %57tan biktimek aurrez gertatutako antzeko kasuren bati egiten diote erreferentzia.

Kriminologoek ondorioztatu dute sexu askatasunaren aurkako erasoak emakumeei egiten zaizkiela, «emakume izate hutsagatik». Hori horrela, eraso horietan sexua elementurik «garrantzitsuena» dela deritzo Carmonak. Izan ere, biktimen ia %95 emakumeak dira, eta gainerakoak, adingabeak. Nafarroako datuen arabera, gainera, erasotzaileen %97 baino gehiago gizonezkoak dira.

Kriminologoen ustez, datu horiek gaur egungo gizarte «matxista eta patriarkalaren» isla dira: «Gizonek emakumeen aurkako boterea eta indarkeria erabiltzen dute emakume izate hutsagatik». Gaineratu dute berdintasunik ez dagoelako gertatzen dela hori.

Indarkeria, sexu kontua

Ramirezen eta Carmonaren arabera, aztertutako datuek erakusten dute indarkeria «sexu kontua» dela. Hala ere, azaldu dute Espainiako legeriak ez dituela sexu askatasunaren aurkako delituak indarkeria matxistatzat hartzen.

Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko lege integralaren arabera, gizonek beren bikotekideen edo bikotekide ohien aurka egiten dituzten erasoak bakarrik hartzen dira indarkeria matxistatzat. Horrela, erasoa ezezagun batek, ezagun batek edo beste edozein senidek eginez gero, ez litzateke lege horren barruan sartuko.

Carmonaren arabera, arlo judizialari dagokionez, ez luke eragin beharko erasoak indarkeria matxistatzat ez hartzeak, baina biktimak jasotzen duen laguntzan eragin dezakeela adierazi du.Biktimaren bilakaera nola aztertuko den, ordea, autonomia erkidego bakoitzak erabakitzen du.

Bi kriminologoen ustez, «oso garrantzitsua» da biktimari eskaintzen zaion laguntza; izan ere, ez badu «laguntza egokia» jasotzen, berriz biktimizatzea eragin dezake, eta, horrekin batera, kasu «askotan», salaketarekin aurrera ez jarraitzea.

Nola egin aurre egoerari

Egungo egoera aldatzeko, Ramirezek uste du aztertu beharko litzatekeela «zer-nolako gizarte mota eraikitzen ari garen», eta arreta «berezia» jarri beharko litzatekeela gazteengan. Izan ere, sare sozialen erabilerak eta pornografiarako duten sarbideak emakumeen gaineko «kontrol, botere eta sumisio jokabideak normalizatzea» eragiten dute.

Carmonak ere sare sozialen «arriskua» nabarmendu du. Azaldu duenez, horien bitartez «errazagoa» da erasotzaileak biktimarekin nolabaiteko harremana sortzea, eta, beraz, «errazago» egitea delitua.

«Dena ez da konpontzen espetxe zigorrak gogortuz», adierazi du Carmonak. Haren aburuz, horrelako erasoak jasan dituzten emakumeek zer behar duten pentsatu behar da lehenengo, «gertatutakotik errekuperatzeko eta berriz biktimizatzea eragozteko».

Kriminologoek nabarmendu dutenez, prebentzioan lan «handia» egin beharko litzateke hori lortzeko, batez ere politika publikoetan. Horiek «erreformatzeko» orduan, Ramirezek uste du «garrantzitsua» dela kriminologoen esku hartzea, baina ez dituztela «kontuan hartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.