Andres Krakenberger. Argituz taldeko kidea

«Erasotzailea edozein dela ere, eskubidea berbera da»

Biktimen eskubideen alde lanean dihardu urte luzez Krakenbergerrek. Uste du Espainiako Gobernuaren lege proiektua Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela.

2014ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Andres Krakenberger Argituz giza eskubideen aldeko plataformako kidea da. Errezeloz begiratzen dio Espainiako Justiziak eta Barne Ministerioek diseinatu duten biktimen estatuari. GALen eta BVEren biktima batzuei laguntzak ukatzea «ulertezina»iruditzen zaio; haren ustez, biktima guztiak «berdinak» direlako.

Espainiak lege proiektu bat egin du, zeinak biktimei hainbat eskubide aitortzen dien. GALen eta BVEren biktima batzuk, berriz, laguntzarik gabe daude. Zergatik bereizketa hori?

Ez dakit zergatik izan daitekeen; ezin dut ulertu. Baina badakit egin nahi dutena nazioarteko eskubidearen guztiz aurkakoa dela. Giza eskubideak urratuak izan zaizkien biktimekin jarraitu beharreko printzipio eta arau multzo bat onartu zuten Nazio Batuen Erakundean, eta printzipio eta arau horietako bat da —eta agian garrantzitsuena— biktimen artean inongo bereizketarik ez egitea da. Biktimak ezin dira inondik inora desberdindu; ez dago horretarako inongo arrazoi posiblerik. Horretan, oso argiak dira Nazio Batuen Erakundeak ezarritako printzipio eta arauak, eta horiek batzar orokor batean onartu ziren; Espainiak ere babestu zituen. Horregatik diot orain arte pixka bat ezkutuan-edo egiten zirela diskriminazioak, eta biktimak desberdin tratatzen ari zirela, erasotzailearen arabera. Orain, berriz, tratatzeko modu asimetriko hori esplizituki azal daiteke, eta hori nazioarteko eskubidearen aurkakoa da. Eta baliteke Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko modukoa ere izatea.

Neurririk har daiteke erabaki horren aurka?

Egoera horri aurre egiteko, nire ustez eta argi eta garbi, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri behar du biktima bakoitzak; agian, baita Europako Giza Eskubideen Auzitegian ere.

Eta biktimen estatutua: legez kanpokoa iruditzen zaizu?

Biktimen estatutua onartzen denean, aztertu egin beharko da, eta, segur aski, hori ere Nazio Batuen Erakundean helegitea jartzeko modukoa izango da. Noski, betiere, testua ondo aztertu ondoren eta onartu eta gero, aurretik ezer gutxi egin daitekeelako.

Europako hitzarmen bat hartu dute oinarri gisa laguntzak ukatzeko, eta «ETArekin lotura» izatea egozten diete. Arrazoibide hori nahikoa da laguntzak kentzeko?

Nik ezetz uste dut. Nazioarteko eskubideak argi eta garbi esaten du giza eskubideen urraketen inguruan berbera dela biktimen eskubidea, eta ez erasotzailearen araberakoa. Laguntzak kenduta, biktimei trataera desberdina ematen ari dira, eta, horretarako, ez du justifikaziorik.

Lege proiektu berriak badu puntu esanguratsu bat, non esaten duen bost urtetik gorako kartzela zigorra duten presoen kasuan biktimek helegitea jartzeko aukera izango dutela presoak baldintzapeko askatasuna lortzen duenean. Zer deritzozu?

Esaten duten modukoa bada, Europako Giza Eskubideen Auzitegian helegitea jarri beharko litzake, Parot doktrinaren arrazoi berberengatik. Baina legea onartzen duten arte, zain egon beharko dugu mamia ondo aztertzeko. Giza eskubideen arau baten salbuespen neurri bat bada, oso litekeena da Europako Giza Eskubideen Auzitegira eramateko modukoa izatea.

Ze iruditzen zaizu justizia trantsizionalaren formula?

Justizia trantsizionala gauza askok osatzen dute; esaterako, gizarte zibilak berak. Oso zabala da esparru hori, eta modu askotara landu daiteke. Baina gertatu ezin da gauza batzuetarako hitzarmen edo arau bat kontuan hartu, eta beste gauza batzuetarako beste bat. Hori onartezina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.