Erasoen kontrako protokolo bat landuko dute Ipar Euskal Herriko besta antolatzaileek

Antolatzen dituzten ekitaldietan mota guzietako erasoak gertatzen direla salatu dute. Horiei erantzuteko, engaiamendua hartzeko eta elkar zaintzeko deia egin dute.

Ipar Euskal Herriko hainbat bestetako antolatzaileak, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ipar Euskal Herriko hainbat bestetako antolatzaileak, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko ekainaren 13a
19:00
Entzun

Elkar zaintzea eta erasoak prebenitzea. Bi ideia horiek elkartu dituzte Ipar Euskal Herriko hainbat bestetako antolatzaileek. Erran dute antolatzen dituzten ekitaldietan mota anitzetako erasoak gertatzen direla, eta horiei erantzuteko beharra aldarrikatu dute. Guztientzat balioko duen protokolo bat lantzen hasiko dira heldu den ikasturtetik aitzina. Besta giro segurua sortu nahi dute.

Baionako Zizpa gaztetxean elkartu dira Herri Urrats, EHZ, Lurrama, Nafarroaren Eguna, Lapurtarren Biltzarra eta hainbat herritako gaztetxe eta besta komitetako ordezkariak. «Urtetik urtera gertatzen diren eraso ezberdinei aurre egiteko protokoloak eta ekintzak martxan jarri ditugu, baina inoiz ez da nahikoa», adierazi dute. «Egoera honek kezkatzen gaitu, eta uste dugu denon artean espazio seguruak eraiki behar ditugula erasoei aurre egiteko».

Izan dira sexu erasoak, eraso matxistak, homofoboak eta arrazistak; izan dira ere beren borondatearen kontra drogatuak izan direla salatu duten pertsonak. Antolatzen dituzten bestetan gerta daitezkeen eraso guziak salatu dituzte, eta adierazi dute ez dutela onartuko inolako erasorik, ez erasotzailerik.

«Badakigu betidanik badirela erasoak», esplikatu du Oihana Bidart Nafarroaren Eguneko antolatzaileak. «Beharrezkoa iruditzen zaigu jendeak segi dezan erasoak salatzen, eta parean ukan dezaten erantzun bat; entzunak eta babestuak izan daitezen batzuk, eta erasotzaileak, kanporatuak. Luzera begira eraso horien guzien txikitzeko, desagertu arte»

Adierazpena sinatu duten antolatzaile batzuek badituzte beren protokoloak, baina horietako guziek ez diete erantzuten eraso mota orori, eta batzuk ez dira osoak. Beste batzuek ez dute protokolorik. Lanketa bat abiatuko dute osasungintzako langileen eta antolatzaileen artean, eta egoera guziei erantzungo dien protokolo bat osatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.