Erasoen aurkako giza katea egin dute Bilbon

Ehunka lagunek «inolako erasorik» gabeko Aste Nagusia aldarrikatu dute Bilboko Arriaga antzokiaren parean. Eraso ugari izan dira jaietan

Ehunka lagun bildu ziren atzo erasoak salatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU.
unai etxenausia
Bilbo
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Bigarrenez, Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko erasoen aurkako protokoloa aktibatu zuten ostiral gauean. Atzo arratsaldean, berriz, ehunka lagun bildu ziren Arriaga antzokiaren parean egin zuten eraso matxisten aurkako giza katean. Ozen egin zuten oihu sexu erasoen aurka, Bilboko Konpartsen deiari segika. Erasoen gainetik... Aste Nagusia defendatu izan zuten lelo. Protestara gerturatu zirenek argi utzi zuten jai eremuan ez dutela «inolako erasorik onartuko», eta eraso mota guztiak gaitzetsi zituzten: sexistak, arrazistak, LGTB+fobikoak eta matxistak, besteak beste.

Eraso ugari izan dira azken egunotan hirian. Bilboko jaiak hasi eta bi egunera, zazpi ziztada kasu salatu ziren. Bart ere ziztada salaketa bat jaso zuen Ertzaintzak, eta sexu eraso bat ikertzen jarraitzen du, gainera.

Bilboko Udaltzaingoak ere, Aste Nagusian ziztadak egin dituen susmagarri bat identifikatu zuen atzo, udaleko iturriek albiste agentziei jakinarazi ziotenez. Hain zuzen, udaleko iturriek azaldu zutenez, duela egun batzuk identifikatu zuten udaltzainek pertsona hori. Halere, ez dago horri buruzko salaketarik, eta ikertzen jarraitzen dutela baieztatu zuten.

Sastakada bat

Beste delitu mota batzuk ere erregistratu dira egunotan Bilbo jai giroan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, gizon bat labana batekin edo kristal bat erabilita zauritu zuten —oraindik ez dute zehaztu zein arma erabili zuten— atzo goizaldean. Gizona Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.

Pio Baroja kalean gertatu zen istilu baten ondorioz izan zen erasoa. Lehen datuen arabera, bi talderen arteko borroka bat sortu zen, eta tartean ebakia egin zioten gizonari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.