Gernikako Sare Feministako kideak

Garbiñe Delgado eta Arlette Apraiz: «Erasoaren xehetasunik ez dugu behar biktima sinesteko»

Gernikan «zauri asko ireki» ditu Mario Lopez saskibaloi entrenatzaile ohiaren aurkako salaketak, eta beste gehiegikeria ugari azaleratu ditu. Feministek uste dute auziak hausnarketa luzea ekarriko duela herrian eta kirol arloan.

GARBIÑE DELGADO eta ARLETTE APRAIZ
Garbiñe Delgado eta Arlette Apraiz, Gernikan, sarearen pankarta baten alboan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Gernika-Lumo
2024ko urtarrilaren 2a
05:10
Entzun

Asaldatuta esnatu zen Gernika (Bizkaia) abenduaren 17an, jakin zenean emakume batek salaketa jarria diola Mario Lopezi, Gernika Lointek saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiari, 13 urte zituenean hainbatetan bortxatzea egotzita. Gernikako Sare Feministak berehala agertu zuen biktimarekiko elkartasuna, eta mobilizazio jendetsua egin zuen biharamunean. Herriaren erantzunarekin «oso pozik» daude Arlette Apraiz eta Garbiñe Delgado taldeko kideak, baina ez dute auzia itxitzat eman: «Bakoitzak bere ardura hartu behar du aurrerantzean ere: guk gurea, klubeko zuzendaritzak berea, bazkideek, udalak, herriak, gurasoek… Gizarte osoaren kontua da».

Bi aste joan dira salaketaren berri eman zenetik. Zelan dago erasoa jasandako emakumea?

ARLETTE APRAIZ: Oso pauso garrantzitsua eman du; publikoki esateak erreparazio prozesuan aurrera egitea ahalbidetuko diola espero dugu. Berak gorabeherak dauzka egunetik egunera, baina uste dugu osatzeko ona izango dela hau. Harentzat, eta erasoak jasan ahal izan dituzten emakume eta ume denentzat.

GARBIÑE DELGADO: Berak esan beharko du, baina nik manifestazioaren ostean pentsatu nuen han bildu ginen pertsona pila hura «Guk sinesten zaitugu» oihukatzen entzuteak lagunduko duela oneratzen. Badakigu halako salaketetan zer gertatzen den: berme guztien izenean, biktima zalantzan jartzera jotzen da. Hemen ez da hori gertatu, eta poztekoa da.

Eraso gehiago izan direla iradoki duzue. Baduzue horien berri?

APRAIZ: Gai honek barren asko mugitu ditu, zauri asko zabaldu, eta saskibaloi munduan egon diren eraso mota diferenteen berri heldu zaigu, eta ez bakarrik Marioren erasoen berri. Honek luzerako hausnarketa bat zabalduko du herrian, belaunaldi oso desberdinetako andreak identifikatzen hasi baitira askotariko erasoak: gorputzagaz lotuta, doako bortizkeria erabiltzeagaz lotuta…

Guztiak dira kirol eremukoak?

APRAIZ: Saskibaloi mundukoak, Gernika Lointeken bidearekin lotuta. Denak dira emakumeenak.

Zer adierazten du horrek emakumeen kirolaz?

APRAIZ: Orain pare bat urte, Baboseoa erasoa da leloarekin, jauzi bat eman genuen jaiak ulertzeko moduan. Kirolean, hau antzekoa da: entrenatzaileak baloi bat bortxaz botatzea eraso bat da, edo esatea korrika gehiago egin behar duzula ipurdi handiegia duzulako saskira iristeko… Orain arte ez dira eraso modura ulertu, ezta emakumeen aurkakotzat jo ere, nahiz eta gorputzaren inguruko komentarioak emakumeek jasaten dituzten batez ere. Eta Lointeken izugarria da zenbatek izan dituzten estimu arazoak.

DELGADO: Eta kirol munduan are inpunitate handiagoa dago, nolabait naturalizatuta baitaude halako jarrerak. Gernikan, gainera, oso markatuta egon da gizonek eta emakumeek egiten zuten kirola; hori apurtzen ari gara, baina gauza asko ontzat ematen ditugu oraindik. Guraso elkarteak ere hausnarketa bat egiten ari dira. 

«Saskibaloi munduan egon diren eraso mota diferenteen berri heldu zaigu, eta ez bakarrik Marioren erasoen berri».

ARLETTE APRAIZGernikako Sare Feministako kidea
Zuen lehen oharrean eskatu zenuten biktimaren izenarekin ez espekulatzeko. Arriskurik sumatu zenuten?

APRAIZ: Aurreikusten genuen zabalduko zela, gizakiak garelako, eta neurri batean instintiboa delako kontakizunei aurpegiak, izenak eta bizitzak jartzea. Jakinda ariketa mental logiko bat izan zitekeela, neutralizatzen saiatu ginen. Eta oso ondo ulertu da. Espekulazioak eragozteko, informazioa ordenatzen eta zentralizatzen saiatu gara: sexu eraso jarraitu bat da, orain dela hogei urte baino gehiago gertatua, biktima adingabea zen, eta erasotzailea Mario Lopez da.

DELGADO: Garrantzitsua zen fokua ondo jartzea. Joera gizatiar horren ondorioz, sarri, biktimaren inguruan hitz egiten hasten da jendea, eta guk nahi genuen salaketaz hitz egitea, erasotzaileaz eta erasoaz.

Adingabeen legearen arabera, delitua ez da iraungi. Zer ibilbide izan dezake auzitegietan?

APRAIZ: Prozesu judiziala gogorra da; biktimaren erabakia izan da, eta haren alboan egongo gara, berak hala nahi badu. Baina guk ez dugu kondenarik behar izan egin duguna egiteko. Epai batek lagun dezake kontakizuna sendotzen, baina ez dugu itxaropen handirik: frogatu ezin diren gauzak, aspaldi gertatuak, pertsona zaurgarri bati… Epaitegiak ez daude biktimentzat prestatuta.

Klubak hasieran esan zuen ez zuela kasuaren berri izan hura zabaldu zen arte; gero aitortu zuen mugimendu feministarekin bildu zela udan. Zer gertatu zen?

DELGADO: Haiekin kontaktuan jarri ginen hau jakin eta berehala, uztail hasieran. Lehen bileran, harremanetarako pertsona klubeko lehendakariordea [Amaia Lezamiz] izatea erabaki zuten, nahiz eta guk lehendakaria [Gerardo Candina] eskatu. Ardura hartu zuten gaia juntara eramateko; haien atzetik ibili behar izan genuen erantzuna jasotzeko, eta orduan etorri zen Candina, esanez ezinezkoa zela Mario ordezkatzea.

Lehen bilera haietan, zer eraso motaz aritu zineten? Klubak esan baitu jazarpen kasu soil baten berri izan zuela...

APRAIZ: Oso gogoan daukat delituaren preskripzioaz aritu ginela, eta horren harira esan genuela ez dela jazarpen kasu bat —eta ez guk garrantzia kentzen diogulako jazarpenari—, baizik eta erronbo askotako erasoa. Eta haiek esan zuten baietz. Horretaz hitz egin genuen argi, eta erasoak jarraituak izan zirela ere bai. Abuztuaren 24an esan ziguten esponsorrak, jokalariek eta juntak bazekitela, eta ados zeudela entrenatzaile gisa mantentzearekin. 

DELGADO: Abuztukoaren ostean, jakin nahi genuen ea zenbat egia zen klubak esan zigun horretan, arraroa iruditzen baitzitzaigun denak ados egotea. Jokalariei proposatu genien hitz egitea; errespetu handiz, ez genituelako egoera deseroso batean jarri nahi, mezu bat bidali genion jokalari bati, eta zuzendaritzarengana bideratu gintuen. Handik gutxira, Candinak esan zigun jokalariak hertsatzen ari ginela. Hori irailaren 6an izan zen, eta 7an berriro deitu zigun esateko Mario ez zela izango entrenatzailea, eta bakean uzteko. Zuzendaritzako beste kargu batean jarri zuten: prestigiozko postu batetik beste batera.

APRAIZ: Jokalariak ados omen zeuden, baina garai hartan Angiek [Bjorklund, jokalari ohia] planteatu zuen joan nahi zuela. Udaleko alderdi politikoak ere jakinaren gainean zeudela esan ziguten, baina gerora ikusi genuen ezetz. Gezurretan aritu ziren.

Beste harremanik izan duzue jokalariekin?

APRAIZ: Ia guztiak manifestaziora etorri ziren. Saiatu gara haiekin zuhur jokatzen. Kontuan izan behar da profesionalak direla, eta zuzendaritza horren menpe daudela kontratuak berritzeko. Horregatik ari gara jartzen gure aurpegia eta ahotsa, jarri beharko luketenek ezin dutelako.

Ematen du klubak gaia ezkutatu nahi izan duela. Nola jokatu behar zuen, zuen ustez?

APRAIZ: Mario Lopez kentzea eskatu genuen. Neurri erraza zen. Orain saiatzen ari dira gure kontakizuna zalantzan jartzen, eta argi utzi nahi ditugu gauza batzuk. Bat: guk ez dugu erasoen xehetasunen berri izan publikoki jakinarazi diren arte; etaxehetasunik ez dugu behar biktima sinesteko. Klubekoek aurpegiratu digute datuak ezkutatu dizkiegula; zer nahi zuten, sarketez hitz egitea? Mugimendu feministak ez du bilerarik egingo termino horietan. Aurrekari arriskutsu bat sor daiteke gizarteari adierazten badiogu xehetasun guztiak behar dituela kontakizun bat sinesteko. Ez da beharrezkoa, eta biktima gehiago identifikatzeko garrantzitsuagoa da erasoen ezaugarri komunak azaleratzea: nola sentitu diren ume horiek, zer bakardade, zer sumisio... Eta bi: esaten dugunean zuzendaritzak ezin duela jarraitu, argi dugu denek ez dutela ardura bera; izatez, ez dakigu nork jakin duen eta nork ez. Ez gara ari eskatzen blokean dimisioa emateko, baizik eta gurekin bide hau egin dutenak ez egoteko zuzendaritzan.

DELGADO: Leporatu digute proiektu hau hondatu nahi izatea, baina ez da hala inola ere: emakumeen kirola sustatu nahi dugu, talde hau ahalduntze bitarteko bat baita Gernikako andreentzat, baina kirolean ere ez dugu indarkeriarik nahi. Eta zuzendaritza honekin ez daukagu bermerik jakiteko berriro gertatzekotan neurri egokiak hartuko dituztela. Ez goaz taldearen aurka, baina pertsona batzuk ezin dira hor geratu.

Kluba akusazio partikular gisa aurkeztu da...

APRAIZ: Oso arraroa da. Justu jende horrek izan behar ditu prozesuaren xehetasunak? Izan ere, ez dute kudeaketa txarra egin, baizik eta maltzurra. Esan dute akatsak egin dituztela, baina ez: gezurretan ibili dira denekin, fede txarrez aritu dira. Hala erakutsi dute konplizitatea. Gu lasai gaude: egiagaz goaz beti, baina esanez egia guztia ez dela beti jakin behar.

«Leporatu digute proiektu hau hondatu nahi izatea, baina ez da hala: emakumeen kirola sustatu nahi dugu, baina hor ere ez dugu indarkeriarik nahi».

GARBIÑE DELGADOGernikako Sare Feministako kidea
Udalari ere berandu eta epel erantzutea egotzi diozue. 

APRAIZ: Guk ez dugu haien berri izan, eta bidearen erdian gaude. Udala denon erakundea da, eta horren arabera jokatu behar luke. Isiltasuna oso kezkagarria da.

DELGADO: Eta klubari ere ardura eska diezaioke. Udalak bere instalazioak uzten dizkio, diruz laguntzen du, badute harreman bat…

Mugimendu feministatik bideratzen ari zarete prozesu hau. Nolakoa izaten ari da?

DELGADO: Taldearentzat oso gai handia izan da. Ez gaude ohituta horrelako zerbait kudeatzera; eskatu digu hausnarketa asko, denbora... Talde moduan asko lotu gaitu: elkar zaindu dugu, pausoak astiro eman nahi izan ditugu, bai erasotuagatik, bai zuhurtziaz, hanka ez sartzeko. Prozesua maitasunez egin nahi izan dugu.

APRAIZ: Ez gara profesionalak; instituzioek egin beharko luketena egiten ari gara, baina egia da feminismoak beste modu batera egiten duela.

Berme bat ematen du?

APRAIZ: Nik uste dut baietz. Gertatutakoari azalpen bat ematen diogu, ez dadin geratu morboan.

DELGADO: Gure helburua da guretzat eta gure seme-alabentzat zerbait hobea lortzea, baina gutaz harago doa, gure behar pertsonalak albo batera utzita ere. Horregatik egon behar da begirada feminista hori; instituzioek ez dute inola ere barneratua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.