«Erasoaldi inperialista» salatzeko deia egin dute Bilbon

Zenbait eragilek manifestazioa egingo dute martxoaren 11n, NATOren eta EBren aurka egin eta «Euskal Herri antiinperialista» aldarrikatzeko

Manifestazioaren antolatzaileak, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Askapenak, NATOren eta Europako Batasunaren Kontrako Herri Plataformak eta Bardenas Ya taldeak manifestazioa egingo dute martxoaren 11n, Bilbon, NATO eta EB ez, Euskal Herria antiinperialista goiburupean. Manifestazioa Plaza Eliptikotik abiatuko da, 17:30ean, eta, horren bidez, «azken erasoaldi inperialista» salatu nahi dute.

Hego Euskal Herrian NATOri buruzko galdeketa egin zeneko urteurrenaren bezpera aukeratu dute deitzaileek manifestazioa egiteko. Izan ere, martxoaren 12an 37 urte beteko dira erreferenduma egin zenetik; Hego Euskal Herrian, ezezkoa aise gailendu zen, botoen %60 baino gehiago lortuta.

Manifestazioaren antolatzaileen ustez, NATO «erakunde militar hutsa» baino zerbait gehiago da: «NATO burgesiaren armada da, baina, horrez gain, kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra ere bada».

Ukrainan pizturiko gerra eta mundu osora hedatu den krisia ikuspegi horretatik aztertzen dute manifestazioaren antolatzaileek. Diotenez, sistema kapitalistan krisia ez da «salbuespena», sistemaren berezko ezaugarria baizik: «AEBen hegemonia ekonomiko, politiko eta militarra aldatzen ari da; Txina eta neurri txikiagoan Errusia beren eragin ekonomiko eta politikoa areagotzen ari dira munduan, eta horregatik ari dira potentzia atlantistak erasoaldia ekialderantz garatzen». Aukera baliatu dute Donbassko errepublikei «elkartasuna» adierazteko.

Eragina Euskal Herrian

Joan den astelehenean, manifestazioaren antolatzaileek elkarretaratzea egin zuten Bilboko portuan, handik Ukrainako armadari material militarra bidali behar ziotela salatzeko. Esan dutenez, NATOk Euskal Herrian duen eragina harago doa, eta Bardeako poligono militarra, Araka mendian (Araba) egindako ariketak eta beste zenbait aipatu dituzte.

Manifestazioaren antolatzaileek kritikatu egin dituzte Espainiako azken aurrekontuak, «alderdi sozialdemokrata guztiek onartutakoak», horien bidez «NATOren mesedetan herri langileen baldintza materialak okertzea» babesten delakoan: «NATOri gaitasun gehiago eman zaizkio, eta burgesiaren interesak defendatzeko azpiegitura zibilak eskuratzeko eskubidea aitortu zaio».

«Burgesiaren aparatu politiko guztiak suntsitzeari» beharrezko deritzote manifestazioaren eragileek, eta, horregatik, Espainiako eta Frantziako estatuen kontra ez ezik, NATOren eta Europako Batasunaren kontra ere jo dute: «Horregatik deitzen dugu NATO buru duen azken erasoaldi inperialistari aurre egin eta Euskal Herri antiinperialistaren aktibazioa aldarrikatzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.