Sare sozialetan Euskal Herriko musika taldeen 10 kutunak zerrendatzen zituen gizon batek eginiko erasoak kontatu zituzten hiru pertsonak @denuncias_euskalherria Instagram kontuan, urtarrilaren 31n. Gizona famatua bihurtzen hasi zen, eta komunikabideetan azaltzen. Orioko mugimendu feministak, Oriyoko Pakak taldeak eta Andoaingo mugimendu feministak (Gipuzkoa) adierazi dute arduratuta daudela pertsona hori ospetsu bihurtzeak eragina izan dezakeelako haren «biktimen zaurietan».
Andoaingo Mugimendu Feministak zehaztu duenez, gizon horrek hainbat eraso egin zituen hamar urtez Andoainen, eta, gero, Oriora joan zen bizitzera, 2021. urte inguruan.
Geroago, sare sozialetarako bideoak egiten hasi zen: Euskal Herriko musika taldeen abestien zerrendak gomendatzen zituen giro ezberdinetarako. Bideoak gero eta ezagunagoak egin ziren sareetan eta musika munduan. Gizona bera ere ezaguna bihurtzen hasi zen, eta komunikabideetan azaltzen, baita telebista publikoan ere.
Hori dela eta, Orioko mugimendu feministak, Oriyoko Pakak taldeak eta Andoaingo mugimendu feministak elkartzeko «beharra» ikusi dute erasoak jasan zituztenen «zauriak ireki» daitezkeelako: «Iruditzen zitzaigun erasoren bat jasan zutenei segur aski honek guztiak eragingo ziela».
@denuncias_euskalherria kontuan argitaratutako testigantzengatik harrotu dira hautsak, baina, horiez gain, Andoaingo mugimendu feministak bazuen eraso gehiagoren berri, eta jada ari ziren Orioko bi elkarteekin elkarlanean. Ez dute gizonaren biktimen kopuru zehatzik.
«Ez dakigunez ziur @denuncias_euskalherria kontuak biktimei baliabideak ematen dizkien edo testigantzen zabalpenera mugatzen diren, beharra ikusi dugu Orioko Mugimendu Feministarekin eta Pakekin elkartzeko». Erasoak jasan dituztenengan jarri nahi dute arreta, eta babesa eskaini nahi diete biktimei, behar dituzten baliabideak eman ahal izateko.
Gainera, ziurtatu dute erasotzaileak gaur egun antzera jarraitzen duela, hau da, ez duela egindako kaltearen erreparaziorik egin, ezta jarrera aldatu ere: «Badakigu ez duela jarrera aldatu, eta antzeko ekintzak egiten jarraitzen duela». Dagokion erantzukizuna hartzeko exijitu diote: «Herri batetik bestera aldatzea eta han bizimodua egitea ez da erreparazioa baldin eta jarrera aldatzen ez bada. Eta irudi publikoa izateko erabakia hartzea ere ez da erreparazioa».
Babesa adierazi diete erasoak jasan dituzte: «Jakin ezazue ez zaudetela bakarrik, hemen izango garela zuek babesteko, entzuteko eta laguntzeko». Era berean, erasotzaileak egindako eraso eta jokamolde guztiak salatu dituzte. Arduraz jokatzeko eskatu diete hari ahotsa ematen ari direnei eta harekin harremana duten guztiei: «Ez diegu erasotzaileei espazio publikorik hartzen utziko».
Erasoak egotzi dizkioten gizonaren sare sozialetako kontuak jada ez daude ikusgai.