LGTBI

Eraso LGTBIfoboen kontrako erantzuna txalotu du Ikusgunek

Iaz 27 «gertakari» identifikatu zituen Araban. «Gertakari» horien erdiak gorroto delituak ziren

Amets Martinez de Heredia, ezkerrean, Ikusguneren txostena aurkezteko ekitaldian, maiatzean. RAUL BIOGAJO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
27 gertakari edo intzidentzia. Horixe da Ikusgunek 2021ean identifikatutako gertakari kopurua. Urtero Gasteizen eta Araban izandako eraso LGTBIfoboak jasotzea eta identifikatzea izaten da Ikusguneren egitekoetako bat, eta horiek biltzen dituen txostena aurkeztu zuen joan den maiatzean. Txostenak jasotzen duen ondoriorik behinena da 2017an informazioa biltzen hasi zirenetik «gertakariak hirukoiztu» egin direla. Horren atzean dauden faktoreak eta bertzelako irakurketak aletu ditu Amets Martinez de Heredia Ikusguneko koordinatzaile eta txostenaren egileetako batek. «Gora egin dute Ikusgune geroz eta ezagunagoa delako, eta, beraz, guregana geroz eta gehiago jotzen dutelako, eta hori, gu ezagutzea eta guregana jotzea, salaketa bera jartzea, ahalduntzea eta gertatutakoa kontatzea, datu on bat da», azaldu du.

27 gertakari horien artean dauden eraso motak azaldu ditu. Ikusguneko koordinatzaileak nabarmendu du salatutako gertakarien artean 11 gorroto diskurtsoak zirela, baina, aldi berean, salatutako 11 gorroto diskurtsohorietatik hamar kasutan eraso fisikoa egon zela. «Horrek esan nahi duena da gorroto diskurtsoa eraso fisikoa bihurtzen ari dela». Haren ustez, hori gertatzen da diskurtso LGTBIfoboa «zilegi» bihurtu delako komunikabideetan, kalean eta lagun taldeetan: «Nolabait esateko, zuritu egin ditugu LGTBI pertsonen kontrako diskurtso horiek, eta gaur egun diskurtso hori duten pertsona horiek beste pauso bat eman dute, eta pausoa da eraso fisikoa egitearena».

Gorroto delituez harago, iaz salatutako kasuen ia erdia, %48,15, eraso transfoboak ziren. Martinez de Herediak argi dauka gorakada horren arrazoia zein den, eta esan du karrikan dagoena giroan islatzen dela hori: «Ikusten dugu transexualenganako indarkeriak gora egiten jarraitzen duela, hein handi batean Espainiako Diputatuen Kongresuan transexualen legea tramitatzean sortutako gorroto giroagatik».

Erasoen gorakadaren gainetik, ordea, Ikusguneko koordinatzaileak uste du nabarmendu behar dela gaur egun «herriak» ematen duen erantzuna gertakari bat izaten den aldiro. «Harro egoteko modukoa izan da bai eskola komunitateak, baita auzo batzuetako auzo elkarteek ere LGTBIfobiari aurre egiteko hartu dituzten konpromisoak». Horren adibidetzat paratu du, esaterako, Gasteizko Zabalgana auzoan neska bati ostadar koloreko poltsa bat eramateagatik eraso ziotenekoa, eta auzoak izan zuen erantzuna: «Egun batetik bestera hasi ziren guztiak ostadarraren poltsarekin kalera irteten, auzo elkartearekin ere elkarlan bat egin genuen, eta gertaera hori izan zen tokia okupatu genuen, aldarrikatzeko askatasun osoa daukagula nahi dugun poltsarekin joateko. Hori oso polita izan zen, eta hortik beste egitasmo batzuk sortu dira».

Eskolaren garrantzia

Zabalganakoa ez da, ordea, eraso baten aitzinean Arabarrek izandako erantzun positibo bakarra izan. Eskola komunitatean paratu du begirada, Umandi ikastolan pintaketa homofoboak azaldu ondoren Gasteizko eskola komunitateak izandako erantzun bateratuan indarrak paratuz. Eta ez hori bakarrik; maiatzaren 17an, lesbofobiaren kontrako egunean, adibidez, kontzentrazioak ez ziren Gasteizko erdigunean egin, baizik eta eskoletan, eta eskola komunitateak deituta. «Hori da benetako titularra, Gasteiz oso puntu gorenean uzten duelako LGTBIfobiaren aurkako borroka horretan ».

Martinez de Herediak argi dio kolektiboko sigla guztiek, alegia, edonork, jasan dezakeela gertakari LGTBIfobo bat. Gertakaria jaso bai, baina Ikusgunera salaketak egitera joaten direnak baliabiderik ez duten pertsonak, migranteak edo transexualak direla nabarmendu du: «Ingurune sozial txikiagoa duten horiek dira indarkeria gehien pairatzen dutenak. LGTBI hizki horiek ematen dute zerbait oso homogeneoa izan behar dutela, bainahizki bakoitzak bere errealitatea du, eta horrek topo egiten du, gainera, beste zapalkuntza mota batzuekin, alegia, lesbiana migrante bat bazara, zure zapalkuntza bikoitza izango da.

Areago jo du: «Guk txostenean gauza txar gutxi azaltzen ditugu. Badakigu Araban zenbat gertakari izan diren, baina guk ez dakigu zenbat izan diren gainontzeko lurraldeetan». Hala, datua izatea bera positiboa dela uste du, horrek bertzelako azterketak egiteko abagunea eta bertzelako politika publikoak egiteko parada ematen dielako: « Gure abantaila da salatzen dena nolabait ezagutzen dugula, kontuan izanda guk gertatzen denaren %80edo %90 ez dugula jakiten. Beraz, oraindik asko dugu ezagutzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.