Igande goizaldean Zarautzen (Gipuzkoa) eraso homofobo bat pairatu zuela salatu du gizon batek. Biktimak anonimotasunez azaldu dio Urola Kostako Hitza-ri Zonako taberna batean eraso ziola beste gizon batek. Zehaztu duenez, lepotik heldu eta eskaileretatik behera bultzatu zuen, eta, gero, alde egin zuen. Ertzaintzak salaketa baieztatu du, eta jakinarazi du ikerketa zabaldu duela. Zehaztu duenez, goizaldeko 04:30 eta 05:00 artean gertatu zen erasoa.
Biktimak azaldu du, halaber, aurrez ere jazarri ziola erasotzaileak «homosexuala izateagatik», eta uste du berea ez dela kasu bakana izan. Biktimak azaldu du elkar ikusi duten bakoitzean jarrera txarra izan duela, eta ez duela aurrez inolako traturik izan harekin. Adierazi du bilatu egin duela, bultza egin diola, eta mehatxari gerturatu zaiola behin baino gehiagotan. Azken asteburuan, ordea, mehatxu eta beldurrarazte horiek eraso bihurtu direla salatu du.